Manon Lescaut
«EROTISMOA, DELIRIOA ETA PEKAMENA»
Denboraldiari amaiera emateko, Manon Lescaut taularatuko du, Pucciniren drama, ezinbesteko opera. Kontrastez betea, luxuaren eta pobreziaren, desioaren eta erruaren, askatasunaren eta galeraren artean, Manon Lescaut opera zirraragarria eta liluragarria da, eszena bakoitza Pucciniren indar bereizgarriaz jantzita duena.
ABAOk bildutako abeslari-taldeko buru, Michael Fabiano tenor amerikarra protagonistaren azalean. Haren ondoan, Joyce El-Koury soprano bikainak Manon Lescaut antzeztuko du. Laukote protagonista Manel Esteve baritonoak (Lescaut) eta Bruno de Simone-k (Geronte) osatuko dute.
Musikaren ardura Carlo Montanaro zuzendariak izango du, eta, Bilbao Orkestra Sinfonikoa (Orkestra Nagusia) zuzenduz, ahalik eta etekinik handiena aterako dio opera honen partitura bizi eta hunkigarriari, eraginkortasun handiko eszenak dituenari, besteak beste «Sola, perduta, abbandonata» ezin ospetsuagoa.
Eszenatokian, ABAO Bilbao Operaren eta Oviedoko Opera Fundazioaren koprodukzioaren estreinaldia. Emiliano Suárezek egina, opera 1920ko hamarkadako Estatu Batuetako estetika mafiosoan oinarritutako iruditerian girotuta dago, krimen antolatuaren, lege lehorraren eta klub klandestinoen aro betean. Verismoa noir eran, non Pucciniren indar emozionala zinema beltzaren kodearen, komiki ilunaren eta The Penguin, Casino, Cabaret, The Great Gatsby, Batman eta/edo Babylon filmen bidez iragazten den.
- ekitaldia
Gaua da. Amienseko plazan, hiriko ikasleak konpainia bila dabiltzan neskak gorteatzen ari dira. Ikasleen artean, Edmondo eta haren lagun Des Grieux nabarmentzen dira. Bigarrenak Manon Lescaut du gustuko, oso neska ederra, hain zuzen ere bere nebarekin, Erregearen Guardiako sarjentu denarekin, eta Geronte di Ravoirrekin, diruzain nagusi zahar eta oso aberatsarekin, diligentziatik jaisten ari dena.
Des Grieux Manonengana hurbildu da une batez: hurrengo egunean neska gaztea komentu batera eramango dutela jakin du, bere aitaren nahia bete dezan, eta ikasleak, haren edertasunak liluratuta, plan horri aurka egingo diola agindu du. Alabaina, Geronte zaharra ere Manonekin maiteminduta dago, eta gau horretan bertan bahitzeko asmoa du. Edmondok Des Grieuxi horren berri eman ondoren, eta Lescaut joko-mahaian distraituta dagoela baliatuta, ikasleak Manon berarekin joan dadin konbentzituko du, Gerontek berak eskatutako zalgurdian ihes egin dezaten. Diruzain zaharra sutan jarriko da, baina Lescautek kontsolatu egingo du: oso ondo ezagutzen du bere arreba eta badaki laster utziko duela ikaslea, askoz gehiago nahiagoko dituelako erosotasunak eta aberastasunak gabeziaz eta sakrifizioz betetako bizimodua baino.
- ekitaldia
Des Grieux gazte eta txiroa utzi ostean, Manon Parisen bizi da Geronterekin, mota orotako ondasunez inguratuta. Halere, luxuak eta entretenimenduek ez dute gogobetetzen; ez du ahaztu ikaslearen maitasun grinatsua, eta nebari haren berririk ba ote duen galdetzen dio. Lescautek diotso jokoan zorterik duen probatzeko konbentzitu duela Des Grieux: horrela, irabaziekin, itzuli eta Manonekin bizi ahal izango da. Ohi bezala goiza madrigalak entzuten eta musika- zein dantza-eskolak jasotzen eman ondoren, miresten duten gonbidatuz inguratuta eta Geronte zaharrak lausengatuta, Manonek Des Grieux ikusiko du bat-batean. Honek traizioa leporatuko dio maitaleari, baina laster egongo da berriz haren xarmak liluratuta. Gerontek elkar besarkatzen harrapatuko ditu, eta haserre bizian alde egin eta gero Manon salatuko du. Lescautek ihes egiteko eskatuko dio, baina Manon berarekin eramateko gauza baliotsuak eta bitxiak biltzen hasiko da. Orduan, guardiak agertuko dira eta neska gaztea atxilotuko dute, Gerontek gustura begiratu bitartean.
III. ekitaldia
Manon, erruduntzat joa, Le Havreko portura eraman dute, deportatua izan arte bertan egon dadin. Lescautek erositako guardia bati esker, Des Grieuxek ihes egiteko plana kontatuko dio bere maiteari, haren nebak antolatu duena. Alta, saialdiak kale egingo du eta Manon, gainerako deportatuekin batera, Ameriketara eramango duen itsasontzirantz joango da. Des Grieuxek, bere maiteak alde egin beharrari alferrik uko egin ondoren, harekin ontziratzen uzteko erregutuko dio kapitainari, eta honek, errukituta, itsasmutil aritzeko kontratatuko du.
- ekitaldia
Manon eta Des Grieux, New Orleansetik ihes egin ostean, noraezean dabiltza lautada handi eta bakarti batean zehar. Akituta eta egarrituta, Manonek ezin du aurrera jarraitu. Des Grieux laguntza bila doanean, neska gazteak atsekabetuta gogoratuko du bere iragana. Berehala, bere maitearen besoetan hilko da.
Luis Gago
Editorea eta El País musika kritikaria da, eta Bonneko Beethoven-Hauseko Ganbera Musika Jaialdia zuzentzen du. Eskuarki, gaztelaniazko azpitituluak prestatzen ditu Royal Opera House, English National Opera eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren Digital Concert Hallerako