Tutto Verdi
Bilbok eta ABAO Bilbao Operak Giuseppe Verdi konpositore italiarrarekin duten lotura indartsuak bultzatuta, operaren lagunen elkarte txiki batek munduan parekorik gabeko kultur proiektu bat abiatu zuen, 2006an, musikagilea eta haren obra sakonago ezagutzeko, bi helbururekin: bata artistikoa, 2006tik 2022ra Verdiren opera guztiak antzeztuz, 30 guztira; eta bestea kulturala, Verdiren gaineko ezagutza areagotzeko jarduerak garatuz aldi berean.
Asmo handiko proiektu historiko eta enblematikoa, hala maila artistikoan lortutakoagatik, 16 urtean Verdiren opera guztiak taularatzea, hain zuzen ere, nola maila kulturalean ekarritakoagatik, munduko konpositorerik jarraituena ezagutarazteko, haren obra ezagutzeko eta horretan guztian sakontzeko programatutako hitzaldi, ikastaro, erakusketa, grabazio, ekoizpen eta jardueren programaren bidez.
Hamasei urte horietan, proiektuaren garapenari beste kultur erakunde batzuk batu zitzaizkion, hala nola Deustuko Unibertsitatea, DeustoForum, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Parmako Azterlan Verdiarren Institutu Nazionala.
Esperientzia berria, nazioarteko babesa eta oihartzuna izan zituena, eta unibertso verdiarrari lotutako pertsona garrantzitsuen parte-hartzea ere bai, Tutto Verdiko Ohorezko Batzordea, kasurako, honako hauek osatua:
- Claudio Abbado †
- Carlo Bergonzi †
- Riccardo Chailly
- Dinko Fabris
- Iñaki Gabilondo
- Peter Gelb
- Enrique Iglesias
- Stéphane Lissner
- Federico Mayor Zaragoza
- Riccardo Muti
- Leo Nucci
- Pierluigi Petrobelli †
- Giulietta Simionato †
- Mario Vargas Llosa †
Proiektuak, amaitu zen arte, jarduera eta ekimen ugari antolatu zituen: grabazioak DVDn eta CDan; erakusketak, hala nola Salid sombras Serenas! El aspecto visual del espectáculo Verdiano, Arte Ederren Museoarekin elkarlanean; omenaldiak, Giulietta Simionatori eskainitakoa, adibidez; liburu prestigiotsuen argitalpena; edo Verdiren estatuaren inaugurazioa Bilbon. Giuseppe Verdi agerian jartzeko eta haren lanaren zabalkundea handitzeko ahalegin horretan, ABAO Bilbao Operak hainbat sari eta aitorpen jaso ditu: Ópera Actual aldizkariarenak, Teatro Campoamor sari lirikoak 2010ean, Latinoamerikako Ekoizpen Berri Onenaren Ópera XXI saria Alzira operagatik eta 2013an Espainiako Kultura Ministerioaren Obra Orokorren eta Dibulgaziozkoen kategorian Hoberen Editatutako Liburuen saria Verdi de puño y letra lanaren edizioagatik.
2006. eta 2016. urteen artean, «Verdi Astea»-ren hamar edizio egin ziren, DeustoForumekin batera. Jarduera horrek musikagilea hainbat ikuspegitatik ezagutzea zuen helburu, musikaz harago; hots, baita haren izaera eta obra ere, alor sozial, politiko, ekonomiko, psikologiko edo historikoaren bidez. Ekimenean, 13 nazionalitatetako 56 hizlarik hartu zuten parte, jarduera-eremu ugaritako pertsona garrantzitsuak guztiak ere, konpositore italiarraren alderdi ezezagunen berri emanez.
Antzeztutako obra guztiek ekarpena egin diote ABAO Bilbao Operaren historiari: 13 estreinaldi, 124 emanaldi, 28 ekoizpen (horietatik 12 produkzio propioak edo nazioarteko antzokiekin egindako koprodukzioak), 153 abeslari, 15 musika-zuzendari, 19 eszena-zuzendari eta 8 orkestra.
Proiektua 2022an amaitu zen, «Tutto Verdi International Awards» sariak banatuz.