AURKEZPENA
ABAO Bilbao Operak bosgarren aldiz taularatuko du Don Pasquale, opera bufo italiar bikainen arteko azkena, commedia dell’arte delakoan oinarritua.
Donizettik, opera honetan, tramaren ardatz nagusi gisa gizarte-ohiturak kritikatu nahi ditu, eta, horretarako, lau pertsonaiatan oinarritutako endredozko komedia dakar: Don Pasquale zapaltzaile, ergel eta erretxina, Simón Orfilak gorpuztua; maiteminduak: Ernesto xaloa eta Norina zuhurra, Maria José Morenok eta Francesco de Murok antzeztuak; eta Malatesta Doktorea azpijokoetako bitartekari- eta konplize-rol tradizionalean, Damián del Castilloren eskutik. Azkenik, Pedro Mari Sánchez aktore ezagunak notarioaren papera jokatuko du.
Komedia bikaina da, ondo egituratua eta sentimenduz betea, non eszena bufoak eta lirikoak, bitxiak eta samurrak, larriak eta maitagarriak aria, duo eta taldean abestutako pasarteen konbinazio dotorearekin tartekatzen diren.
Musikaren alorrean, Sesto Quatrini maisuak debuta egingo du, Euskadiko Orkestraren buruan, Donizettiren partitura orekatu eta perfektuentzat jotzen dena zuzenduz.
Oholtzan, ABAO Bilbao Operaren eta Okapi Producciones-ren koprodukzio berriaren estreinaldi, Emiliano Suárezek ABAOn debutatzeko sortua. Napoliko pizzeria polit bat irudikatzen du, tamaina handiko irtenbide eszeniko burutsu, bizi, original eta mugimenduz betetakoarekin, zeina, era berean, xehetasun asko dituelako nabarmentzen den.
Urriaren 26an, obra honen Opera Berri emanaldia izango da. ABAO Bilbao Operaren ekimen soziokultural honek, oraingoan XIX. edizioa izango duenak, opera gizarteari hurbiltzea du xede, obra oso ezagunak eskainiz eta sarreren ohiko prezioa % 50 beheratuz. Bigarren abeslari-taldeko protagonistak Enric Martínez-Castignani, Sofía Esparza eta Juan Antonio Sanabria izango dira.
FITXA ARTISTIKOA
ANTZEZLEAK
- Don Pasquale
- Don Pasquale BERRI
- Norina
- Norina BERRI
- Ernesto
- Ernesto BERRI
- Dottor Malatesta
- Un Notario
TALDE ARTISTIKOA
- Director Musical
- Director De Escena
- Escenografía
- Vestuario
- Iluminación
- Orquesta
MULTIMEDIA
PUBLICACIONES
AUDIO
SINOPSIA
I. EKITALDIA
Don Pasquale –“agure ezkongabea, antigoalekoa, aurreztailea, sineskorra, setatia, barrenean gizon ona”– erlojuari begira dago, urduri, bere etxeko gela batean, Malatesta doktorearen zain. Bere iloba Ernestorekin suminduta dago, harentzat aukeratu duen neska gazte aberatsarekin beharrean, Norina alargun gazte eta pobrearekin maitemindu delako. Mutilzaharrak, iloba zigortzeko, herentzia kentzea eta bera ezkontzea erabaki du. Emaztegaia aurkitzeko, Malatesta doktorearen laguntza dauka, baina hura Ernesto eta Norinaren laguna denez, agure egoskorra desesperatzeko eta gazte biei ezkontzeko baimena emanarazteko azpijokoa asmatzen dihardu. Pozarren, Malatestak diotso Don Pasqualeri neska eder, otzan eta apal bat aurkitu duela, eta aberatsa, gainera. Benetan, bere arreba da, Sofronia, komentutik irten berria. Don Pasqualek, zoriontsu eta urduri, ilobari deituko dio bere asmoen berri emateko eta etxetik botatzeko. Ernesto, Norinari etorkizun segurua eskaintzerik izango ez duen beldur eta bere itxaropen guztiak suntsituta ikusita, Malatestak, laguntzat zuenak, traizionatua sentitzen da.
Norina, bere etxeko gela batean, amodiozko istorio bat irakurtzen ari da Malatesta heldu bitartean. Doktoreak esango dio plan bat diseinatu duela agureak zentzuz joka dezan. Ernestok neskari helarazi dion gutunean, osabak etxetik bota duela eta “heriotza bihotzean duela” alde egiteko zorian dagoela kontatzen dio. Malatestak neska lasaitu, eta bere arreba Sofronia balitz bezala jokatu behar duela azalduko dio, plana horretan datzala. Bere trikimailuekin zaharra bereganatu eta berarekin ezkontzeko konbentzituko du (itxurazko ezkontza bere lehengusu Carlottok ospatuko du). Ondoren, bizitza hain jasangaitza egingo dio, ezen agurea gazteak ezkontzeko irrikatsu egongo den. Norina, paregabeko engainu hori antzezteko gogotsu, horretarako prestatzen hasiko da.
II. EKITALDIA
Ernesto, Don Pasqualeren etxeko gela batean, “urrutiko lurralde” batera joateko prestatzen ari da. Don Pasquale, dotore-dotore jantzita eta indarberrituta, bere emaztegaiaren zain dago, ezinegonik. Emakumea Malatestaren besotik helduta dator, dardarka, eta doktoreak samurki eta pazientziaz trata dezan eskatuko dio agureari, ez dagoelako gizonekin ibiltzen ohituta eta oso lotsatia, aurreztailea eta isila delako: altxor hutsa. Don Pasqualek, hain neska apalarekin poz-pozik, beloa kentzeko eskatuko dio neskari, eta hala egiten duenean haren edertasunak liluratuta utziko du. Totelka eta izerdi-patsetan, berarekin lehenbailehen ezkondu nahi duela esango dio; gezurrezko Sofroniak ezkontza-proposamena onartuko du. Ustezko notarioa iritsitakoan, Don Pasqualek eztei-kontratuan bere ondasunen erdiak utziko dizkio emazteari, baita etxearen ardura osoa ere. Sinatzear daudenean, Ernesto agertuko da, azpijokoaz ezer ez dakiela, eta osabak lekuko gisa izenpetzeko eskatuko dio. “Guztiz txundituta”, emaztegaia Norina dela konturatuko da, baina Malatestak berehala jakinaraziko dio, ahapeka, dena gezurra besterik ez dela.
Eztei-kontratua sinatu bezain laster, Norinak, Ernestoren dibertimendurako, senarraren besarkadari uko egingo dio. Don Pasquale, minduta, iloba etxetik botatzen saiatuko da, baina Sofroniak dio gaztea bere zaldun gisa eduki nahi duela, eta senarrari ohartaraziko dio aurrerantzean “nahi dut” berak bakarrik esango duela eta, jaramonik egiten ez badio, indarraz baliatuko dela. Agurea, txundituta eta izututa, geldi eta mutu dago, emaztea hartzen ari den erabakien aurka ezer egin ezinik: etxezainari soldata bikoiztuko dio, beste bi dozena mirabe gazte kontratatzeko aginduko du, baita bi kalesa, zortzi zaldi ingeles eta gainean ibiltzeko bi zaldi erosteko ere. Altzari berriak, ile-apaintzaile bat, jostun bat eta bitxigile bat ere eskatuko ditu. Azkenik, gau horretan bertan berrogeita hamar lagunentzako oturuntza antola dadila aginduko du. Don Pasquale, zorabiatzeko zorian, esku hartzen saiatuko da, baina neska gazteak, iruzurraz gero eta gehiago gozatzen ari denak, “gero eta suminduago” galaraziko dio. Malatestak adiskide zaharrari ohera joatea aholkatu eta arrebari errieta egiten ari balitzaio bezala jokatu bitartean, gazteek hitz maitekorrak esaten dizkiote batak besteari.
III. EKITALDIA
Don Pasqualeren etxeko gela batean, zerbitzariak eta merkatariak hara eta hona dabiltza anabasa betean: edonon jantziak, kapelak eta larruak daude, eta agurea, nahigabetuta, ordaindu beharreko faktura-piloari begira dago. Norinak, dotore jantzita, antzerkira doala jakinaraziko dio. Senarra etxetik ateratzea galarazten ahaleginduko da, eta “lotsagabe halakoa” esaten dionean, emazteak zaplaztekoa emango dio. Don Pasquale lur jota badago ere, Norinak hura probokatzen jarraituko du, “agure” esanez eta lotara joateko aginduz. Jarraian, etxetik irten aurretik, gutun bat lurrera erortzen utziko du, Don Pasqualek berehala irakurriko duena: ezezagun batek amodiozko hitzordua egin du bere emaztearekin arratsalde horretan bertan, lorategian. Bere onetik aterata, Don Pasqualek Malatesta etorraraziko du.
Morroiak hainbeste lan egin behar izateagatik kexaka eta ezkonberrien portaera arraroaz hitz egiten ari dira. Malatesta doktorea, engainuari amaiera emateko eszena Ernestorekin adostuta, bere lagunarekin mintzatzen hasiko da, eta hark, “zeharo abailduta eta ezin goibelago” doktorearen arrebak egindako gehiegikeria guztien berri eman ondoren (beste gizon batekin elkartzekoa dela barne), mendekua aldarrikatuko du. Malatestak, hasieran, zuhurra izatea aholkatuko dio, baina gero, elkartasuna agertzen ari balitzaio bezala, lorategian ezkutatzea, maiteminduak ustekabean harrapatzea eta bere emazte desleiala etxetik botatzea proposatuko dio. Agureak, dagoeneko mendekua dastatzen ari denak, dena berak nahi bezala gauzatzeko baimena emango dio.
Gauez, Don Pasqualeren etxeko lorategian, Ernesto serenata bat abesten ari da koru txiki batek lagunduta. Norina/Sofroniak langa kontu handiz ireki, eta lorategian sartuko dira biak. Elkar maitekiro besarkatzen ari direla, Don Pasquale eta Malatesta isilpean ezkutatuko dira, gero bat-batean agertzeko. Ernesto isil-isilik etxean sartu, eta neskak senarrari aurre egingo dio, hark maite-jolasean norekin dabilen galdetzen dionean. Emazteak errugabea dela dio behin eta berriz, baina Malatestak aholkatuko dio ez izatea egoskorra, biharamunean Ernestoren emazte berria, Norina, iritsiko baita etxera. Emakumeak, haserre-plantak eginez, neska arrotzarekin etxe berean bizi baino nahiago duela alde egin dio, nahiz eta ezkontza benetan ospatuko dela ziur egon nahi duen. Malatestak jakinaraziko dio Ernestori osabak Norinarekin ezkontzeko baimena eman diola eta urtean lau mila ezkutuko diru-kopurua jasoko duela. Don Pasqualek ezkontza lehenbailehen ospatzea nahi du, baina ez dakite andregaia non dagoen. Orduan, Malatestak Sofronia eta Norina pertsona bera direla jakinarazi eta fartsa osoa berak asmatu duela aitortuko du. Gazteek barkamena eskatuko dute eta agurea, arriskua jada urrun dagoelako pozarren, bedeinkazioa emango die, hunkituta. Norinak istorioaren amaierako ikasbidea esango du: “Zaharra izanik ezkondu nahi duenari garuna ez dabilkio behar bezala. Kanpaitxoarekin, nahigabe eta arazo ugariren bila doa”. Denak, baita Don Pasquale burlatua ere, ados daude berarekin.