Operazaleentzako opari ezin hobea. Ezagut itzazu eskaintzen ditugun aukerak eta formatuak oparia hartzailearen lehentasunetara egokitzeko.
Bazkideen Ohiko Batzar Nagusiak, joan den astelehenean, azaroaren 25ean, 2023-2024 denboraldiko emaitzen kontua eta 2024-2025 denboraldiko aurrekontua onartu zituen, botoen % 99 eta % 98rekin, hurrenez hurren.
Era berean, gehiengo horrek jarduketa-ildo orokorrak onartu zituen, jarduera artistiko eta kulturalari betiko kalitate eta bikaintasun berarekin eusteko helburua dutenak. Juan Carlos Matellanes Elkarteko presidenteak nabarmendu zuenez, ABAO Bilbao Opera «erakunde erreferentea da sektorean, bere jarduera bazkideei esker bakarrik gara dezakeena, nagusiki, baita erakunde publikoen eta enpresen laguntzarekin ere, denboraldi bakoitzean gurekin hartutako konpromisoa berritzen duten horienarekin. Bereziki eskertu nahi diogu gure babesle nagusiari, BBVA Fundazioari, bere gogo bizi eta babesa».
Batzarrean, Abel López de Aguiletak Zuzendaritza-batzordean duen postuari uko egin diola jakinarazi zen, aurrerantzean Eusko Jaurlaritzan beteko duen goi-karguarekin bateraezina delako. Era berean, Daniel Solana Alonsoren egiaztagiriak aurkeztu ziren, Zuzendaritza-batzordeko batzordekide berriarenak, hain zuzen ere. Daniel Solana, egun, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia da.
ABAO Bilbao Operako bazkideen Ohiko Batzar Nagusiak 2023-2024 denboraldiko emaitzen kontua eta Zuzendaritza-batzordearen kudeaketa onartu zituen, erregistratutako botoen % 99rekin. 72. Denboraldiko ekitaldia 7,7 milioi euroko diru-sarrerekin eta 7,8 milioi euroko gastuekin amaitu zen; ondorioz, ehun eta sei mila euro inguruko defizitarekin. Defizit hori % 50 baino gehiago hobetu da, aurrekontuan jasotakoari dagokionez, denboraldiko sarrera-salmenta onari esker, zeinak erregistroak daudenetik bilakaerarik handiena izan duen.
«72. Denboraldia arrakastena izango da beti guretzat, bai arlo artistikoan bai ekonomikoan, salmenta-kopuruek egiturazko defizita apur bat arintzen lagundu baitute, nahiz eta datorren denboraldian oso zaila izango den errepikatzea». «Aurreko Batzarrean esan nuen bezala, gure ahalegin guztiak defizita murriztera bideratuko genituen, gure kudeaketaren eta ez beste ezeren mende dauden diru-sarrerak hobetuz», berretsi zuen ABAO Bilbao Operako presidenteak; «nahikotxo murriztea lortu dugu, baina ez erabat, ekarpen publikoak handitzea lortu izan balitz erdietsiko zatekeena».
Batzarrera bertaratutako bazkideek eta ordezkatutakoek botoen % 98rekin onartu zituzten 2024-2025 denboraldirako 8 milioi euroko aurrekontua, 8,5 milioi euroko gastuak eta 490,5 mila euroko defizita. «Diru-sarreren aurrekontua zorroztasunez eratu da, egiturazko defizita ahalik eta gehien murrizteko xedez. Zoritxarrez, oraindik ere badugu erakunde publikoekin akordio bateratua lortzeko erronka, denboran egonkorra izango den eta gure jarduerak behar bezala garatzea ahalbidetuko digun akordioa».
Amaitzeko, Juan Carlos Matellanesek ohartarazpena egin zuen: «Urte erabakigarria dugu hau ABAO Bilbao Operarentzat, ikuspegi ekonomikotik; izan ere, Elkartearen jarraitutasuna bermatuko badugu, defizita nabarmen murriztu behar dugu ezinbestean, eta hori ekarpen publikoak handituz baino ezin daiteke lortu».
ABAOko presidenteak, Zuzendaritza-batzordearen izenean, ziurtasunez baieztatu zuen Elkarteak kudeaketan zorroztasunaren eta kalitate artistikoaren aldeko apustua egiten jarraitu behar duela, «bikaintasunean oinarritutako erakundea garelako, ekimen pribatutik kultura- eta gizarte-proiektu integratzaile eta iraunkorra sustatzen duena».