AURKEZPENA
Azaroaren 29an, Giacomo Pucciniren heriotzaren mendeurrena ospatuko da. Erabateko jenio musikala, nortasun paregabe eta sailkaezina zuena, eta antzerkigintzan maisu hutsa, bere operak lirikaren historiako ezinbesteko maisulanen artean daude, eta bere pertsonaiak eta andrazko heroiak ospetsu eta ezagunenen artean. Efemeridea ospatzeko, ABAOk bere historian lehen aldiz Il Trittico programatuko du, osorik. BBVA Fundazioak babestua
Heriotza ildo nagusi, Il Trittico hiru opera motzez osatutako trilogia da: Il Tabarro, Suor Angelica eta Gianni Schicchi. Dante Alighieriren Jainkotiar komedia obran oinarrituta, Pucciniren asmoa zen Il Tabarro-k, tragiko eta veristak, infernua irudikatzea; Suor Angelica-k, malenkoniatsu eta lirikoak, purgatorioa; eta Gianni Schicchi-k, zerua, komedia-eran.
Ahotsei dagokienez, hiru obrek eskakizun zorrotzak dakarzkiete bertan parte hartzen duten abeslariei, eta opera-triada honetan maila handiko bakarlariak izango dira: Carlos Álvarez, Ángeles Blancas, Marco Berti, Chiara Isotton, Karita Mattila, Ioan Hotea, Stefano Palatchi, Ana Ibarra, Anna Gomá, Sofía Esparza eta Itziar de Unda, benetako tour de force artistiko honetan parte hartuko duten 29 interpreteen artean.
Pedro Halffter maisua arduratuko da, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa zuzenduz, orkestra-lengoaia bizi bezain ikusgarria eta hala kolorez nola testuraz betetako adierazpen-paleta itzela bideratzeaz, alegia, erritmo bizkorra eta kontraste dramatiko handiak dituzten hiru partiturak.
Eszenatokian, ABAO Bilbao Operaren ekoizpen aparta, estreinaldi, Paco Azorínek sinatua. Hiru operak sormen-lan handiaren emaitza izango dira, hiru koadro indibidual mugimenduan egongo den eszenografia txundigarriarekin birsortuko baititu, argiztapenak eta proiekzioek zeregin oso garrantzitsua izanik, neorrealismo italiarrean oinarrituta.
FITXA ARTISTIKOA
MULTIMEDIA
AUDIO
SINOPSIA
IL TABARRO
Michele, bere gabarran, lemaren ondoan dago pipan erretzen eta ilunsentia miresten, zamaketariak sotoa husten ari diren bitartean. Giorgettak, Micheleren emazte gazteak, edari bana eskaini die denei: eguna amaitzear da eta Michele sotora jaitsi da. Ontzigainean, zamaketariak itsasertzetik igarotzen ari den organo-jotzaile bati deitu diote, eta Giorgetta dantzan hasi da, lehenengo Tincarekin eta gero bere maitalearekin, Luigirekin. Michele agertu, dantzaldia eten, eta lanera itzuli dira denak. Orduan, senar-emazteek elkarrizketa tirabiratsua hasiko dute, eta Michelek iragarriko dio Giorgettari zenbait langile, tartean Luigi, lehorrean geratuko direla gabarra berriz abiatzen denean. Urrunean, abesti-saltzaile bat bere merkantzia jostun-talde bati saltzen saiatzen dabil, bere doinuetako bat abestuz.
Frugola sartu da, Talparen emaztea, bizkarrean han-hemenka jasotako askotariko arropaz betetako zaku zahar bat daramala; jantziak Giorgettari erakutsi bitartean, bere bizitzari eta katuari buruzko txorakeriekin entretenituko du. Zamaketariak, lana amaituta, alde egitear daude. Frugolak gehiegi edaten duela aurpegiratu dio Tincari, eta hark diotso alkoholak matxinada-senak itotzeko balio duela; Luigi ados dago. Frugolak landa-eremuan etxetxo bat izatea amesten du, han lasai asko bizi ahal izateko; Giorgettak eta Luigik, aldiz, hiria goresten dute, bertan ibaiak eskaintzen duen bizimodu miserablea baino zertxobait hobea eduki baitaiteke. Frugola Talparekin batera joango da.
Luigik, bere bizimodu behartsuaz nekatuta eta maitasun klandestinoak sorrarazitako sufrimendua jasan ezinik, Ruanen lehorrera dezala eskatuko dio Micheleri, baina hark ideia hori burutik kenduko dio eta sotora joango da. Bi maitaleek, bakarrik daudela, gau horretarako hitzordua egingo dute: ohi bezala, Giorgettak pospolo bat piztuko du Luigiri itsasontzira igotzeko une egokia adierazteko. Gizona badoa.
Michele, sototik bueltan, senar-emazte harremanaren garai zoriontsuak gogorarazten ari zaio emazteari, beren semea hil aurretiko garaia, emakumea bere tabardan bildu ohi zuenekoa. Giorgettak nekatuta dagoela esan, eta kamarotean sartuko da. Bere bakardadean, Michelek atsekabe latza eta zamaketarien artean Giorgettaren maitalea nor den jakiteko nahia adieraziko ditu. Bere pipa pospolo batekin piztuko du eta Luigi itsasertzetik, bere maitalearekin adostutako seinalea dela uste izanda, gabarrarantz abiatuko da korrika. Michelek atzeman, egia aitortzera behartu eta ito egingo du; gero, gorpua bere tabardapean ezkutatuko du. Giorgetta, zaratak asaldatuta, ontzigainera igo da, baina senarra bakarrik ikustean lasaitu egingo da. Micheleren susmoak uxatzeko, aspaldiko garaietan bezala tabardarekin bil dezala eskatuko dio; hala, Michelek tabarda ireki, eta emaztearen aurpegia bortizki hurbilduko dio hildako maitaleari.
SUOR ANGELICA
XVII. mendearen amaierako klausurako monasterio bat. Udaberriko arratsalde honetan, mojak elizan daude. Bi ahizpa lego berandu sartu dira, sor Angelica atzetik dutela, atea zeharkatu aurretik zoruari musu emanez kontrizio-ekintza egin duena. Elizkizuna amaitutakoan, mojak joan egingo dira eta, olgeta hasi aurretik, ahizpa zaindariak penitentziara deituko ditu zenbait ahizpa bekatari. Bat-batean, iturriko urak atentzioa emango die, azken eguzki-izpiekin urrezkoa baitirudi. Berriki zendutako Bianca Rosa ahizpari efektu hori zenbat gustatzen zitzaion gogoratu ondoren, kubo bat betetzea eta haren hilobira eramatea erabaki dute. Angelicaren esanetan, hildakoek ez dutenez desiorik, heriotza bizitza ederra da. Desira profanoak debekatuta badaude ere, ahizpak beren amets xume debekatuak aitortzen hasiko dira. Angelicak dio ez duela halakorik, baina besteek, ahapeka, ez dela egia diote; izan ere, bere familia nobleak komentuan giltzapetu du, baina hark beti nahi izan du bere senideen berri izan.
Angelica sendabelarren erabileran aditua denez, moja erizainak laguntza eskatuko dio liztorrek eztenkatu duten ahizpa sendatzeko. Beste ahizpa batzuk agertuko dira, eskuetan hornigai ugari dutela. Haietako batek, jakin-minez, ate parean dagoen berlina bikaineko bisitaria nor den galdetukoz du. Besteek diote oraindik ez dela inor agertu, baina Angelicak badaki bisita berarentzat dela. Handik gutxira, abadesak Izeba Printzesa etorri dela iragarriko du. Angelicaren gurasoak txikia zenean hil zirenetik, izeba hori arduratzen da familiaren ondasunak zaintzeaz eta seme-alaben heziketaz. Orain, Angelicaren ahizpa txikiaren ezkontza dela-eta egin beharreko ondare-banaketarako baimena eskatzera etorri zaio komentura.
Ilobak senargaiaren izena galdetzen dionean, izebak diotso, hoztasunez, Angelicak eragindako lotsa, familiaren ohorea zikindu duena, barkatu duen gizon bat dela. Erantzun horrekin larrituta, Angelicak bere zorigaitzaren arrazoi errugabeaz hitz egin diezaiola eskatuko dio, alegia, bere sasiko semeaz, zeinaren jaiotzak zazpi urte lehenago azkengabeko pekamen-bizimodura kondenatu zuen. Printzesak jakinaraziko dio, inolako sentimendurik agertu gabe, haurra duela bi urte hil zela. Angelica, zeharo atsekabetuta, negar-zotinka eroriko da lurrera; gero, lasaiago, mahairaino mantsoki hurbildu, eta izebak erakutsitako agiria sinatuko du.
Bakarrik geratu ondoren, Angelicak seme zendua du gogoan, bera inoiz ezagutu ez zuena. Harekin hitz egiten hasita, Ama Birjinari semearekin elkartzen utz diezaiola eskatzeko erregutuko dio. Graziazko une batean, ikuspegi mistiko eta pozgarri batek argituta dirudi. Gauez, Angelica bere gelara joango da, beste mojak bezala. Alabaina, handik minutu gutxi batzuetara, klaustrora irtengo da berriro, bertako lorategian belar pozoitsuak bildu, horiekin infusioa prestatu eta edan egingo du. Bat-batean buru-argitasuna berreskuratuta, bere buruaz beste apropos egiteagatik kondenatua izango dela ohartuko da. Orduan, etsi-etsita, barkamena eskatuko du nahigabeak jotako une jasanezin batean arrazoia galdu izanagatik. Azkenean, miraria gertatuko da. Birjina agertu, solemne eta argitsua, eta seme zendua eztiki bultzatuko du hilzorian dagoen mojarengana.
GIANNI SCHICCHI
Errezeldun ohe handi batean, lau aldeetan argimutil bana piztuta, Buoso Donati zendu berria datza. Senitartekoen aieneek gutxi iraungo dute, baina, Buosok testamentuan bere ahaideak ahaztu dituelako susmo sendoak etenda. Izan ere, zurrumurruen arabera, bere ondasun guztiak fraideei utzi dizkie. Kezkatuta, ahaideek Simoneren iritzi ilustratua eskatuko dute, garai batean Fucecchioko epaile izan zenarena. Hark dioenez, testamentua notario bati eman bazaio, arazoak ez du konponbiderik; agiria etxean badago, ordea, gauzak oso desberdinak izan litezke. Rinucciok bere emaztegaia darabil gogoan, maiatzaren lehenean harekin ezkontzeko irrikatsu.
Halako batean, pozarren garrasika, Rinucciok dio pergaminozko biribilki ospetsua aurkitu duela eta, senideen artean sortutako iskanbila baliatuta, ezkontzeko baimena eskatuko du. Denak ari dira agiria irrikaz irakurtzen, arnasari eutsita. Baina ondasunak oinordetzan hartzeko itxaropena desilusio mingotsa bilakatuko da berehala, Buosok monasterioari utzi diolako osorik bere ondarea. Rinucciok aholkatuko die ahaideei bat egitea eta Laurettaren aitari, laster bere aitaginarreba izango denari, laguntzea, Gianni Schicchiri, hain zuzen ere, pertsona oso zuhur eta azkarra bera. Senitartekoak ika-mika bizian daudela, Gherardino presaka agertu eta Rinucciok deituta Gianni Schicchi iritsi berri dela iragarriko du.
Gianni Schicchik, Lauretta alaba ondoan duela, ahaideen atsekabea kontuan hartuta Buosok hobera egin ote duen galdetuko du ironiaz. Hilda dagoela esaten diotenean, denei iseka egin, eta zera adieraziko du berehala: “Buoso ez dago jada, baina herentzia bai!”. Orain, familiako kideen sumindura lehertuta, garrasi samina besterik ez da entzuten: “Herentziarik gabe gaude! Bai, bai, herentziarik gabe!”. Eztabaidatzen hasiko dira berriro, oraingoan Rinuccioren eta Laurettaren ezkontzagatik, neskak ez duelako ezkonsaririk. Alaba erreguka hasi zaio aitari, eta gizonari ideia bat bururatu zaio azkenean: Buosok bizirik jarraituko balu bezala jokatu behar dute. Ohea ziztu bizian egin eta hildakoaren gorpua beste gela batera eramango dute, Gianni Schicchik haren lekua har dezan. Une horretan, Spinelloccio Maisuak atea joko du, Buosoren osasun-egoeraz galdezka: hobeto dago, botako diote gezurra denek batera. Orduan, Gianni Schicchik, Buosoren ahotsa imitatuz, atseden hartzen utz diezaiola eta gauez itzul dadila eskatuko dio.
Amarruak amaiera zoriontsua izango du: notarioari aurki deitu behar zaio, Buosok atoan egin nahi baitu testamentua, bere osasun-egoerak okerrera egin duelako. Logela ilunpetan dagoenez, notarioa ez da ohartuko bera ez dela Buoso, dio ziurtasunez Gianni Schicchik. Ideiarekin liluratuta, familiako kideek Gianni Schicchi eta Rinuccio goraipatuko dituzte, eta senargaia, azkenean Laurettarekin ezkondu ahal izango delako itxaropenak sututa, notarioaren bila abiatuko da ziztu bizian. Denek pozarren besarkatuko eta musukatuko dute elkar.
Rinucciok notarioa eta bi lekuko ekarri ditu. Oheko gortinen artean ezkutatuta, Gianni Schicchik dio gustatuko zitzaiokeela testamentua berak idatzi ahal izatea eskuz, baina, zoritxarrez, bere paralisiak eragotzi egiten diola. Ondoren, bere azken-nahiak adieraziko ditu: hileta xume eta apaingarririk gabeak. Eskaintza apala Santa Reparatako fraideei. Halako buru-argitasunak, hiltzeko zorian, miresmena eragingo die denei. Eta Gianni Schicchik beldurgabe jarraituko du testamentuaren klausulak agintzen eta ahaide bakoitzari jarauntsiaren zati bat esleitzen; hala ere, ondasun gutiziatuenak banatzeke daude: etxea, mandoa eta Signako errotak. Orduan, Gianni Schicchik, senitarteko sinesgabeei trufa eginez, bere buruari esleituko dizkio, inolako lotsarik gabe, jabetza horiek guztiak. Familiakoak sutan daude, baina Gianni Schicchik denak isilarazi, eta lapurrei dagokien zigorra aipatuko du: “Agur, Florentzia, agur, zeru jainkotiarra, agur...”. Azkenik, bere poltsikotik notarioari ehun florin emateko aginduko dio Zitari, eta lekukoei hogei; haiek, hunkituta, bedeinkatu egingo dute.
Gianni Schicchirekin bakarrik geratzen direnean, senideek guztiz amorratuta egingo diote eraso, baina hark oheburutik Buosoren makila hartuta etengabe astinduko ditu. Haiek, halere, ihes egin bitartean ahal duten guztiaz jabetzen saiatuko dira eta etxetik alde egingo dute. Zalaparta baretu ondoren, Rinuccio eta Lauretta terraza eguzkitsuan agertuko dira. Bi gazteak,