es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
2021-05-28

ABAO ON STAGE ZIKLOKO AZKEN KONTZERTURAKO SARRERAK, AGORTUTA

ABAO Bilbao Operak amaiera emango dio Denboraldi honetako zikloari: ABAO on Stage, datorren maiatzaren 29an, larunbatean, Euskalduna Bilbaon. Ainhoa Artetak eta Teodor Ilincaik eskainiko duten Tosca on Stage kontzertuak "Sarrerak agortuta" kartela eskegi du. Emanaldiak BBVA Fundazioaren babesa du.

 

Salgai ziren sarrerak egun gutxian agortu dira, Ainhoa Arteta sopranoak eta Teodor Ilincai tenorrak, biak ere lirikako titan hutsak, osatutako bikotea Bilbon izateak ikusmin handia sortu baitu.

 

Egitarauaren barruan, Mirentxu, Turandot, Don Carlo eta Pagliacci obra ezagun baino ezagunetako eszenak abestuko dituzte. Hala ere, Tosca operak leku berezia izango du emanaldian, bigarren zatian, zehazki; izan ere, Artetak eta Ilincaik Pucciniren lan sonatuko ariarik esanguratsuenak kantatuko dituzte. Bilbao Orkestra Sinfonikoa, berriz, Yves Abel zuzendari entzutetsuak zuzenduko du.

 

Lisette Oropesa sopranoaren arrakasta handiaz geroztik, ABAO on Stage zikloko lehen errezitalean ikusleak zutik jarri zituen otsailaren 6 hartatik, lirikaren esparruko izarren desfilea etengabea izan da egitarauan: Anita Rachvelishvili, Pedro Halffter, Carlos Álvarez, Rocío Ignacio, Carmen Solís, Itziar de Unda, Silvia Tro Santafé, Celso Albelo, Sergio Escobar, Moisés Marín, Juan Jesús Rodríguez, Simon Orfila, Sondra Radvanovsky eta Sonya Yoncheva. Denek abestu dute, hilabete hauetan, Euskalduna Bilbaoko eta Bilboko Elkarte Filarmonikoko agertokietan. Datorren larunbatean, Ainhoa Artetak eta Teodor Ilincaik emango diote amaiera aparta ABAO on Stage ekimenari, ikusleen marka hautsita, gainera.