es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
2020-11-03

ABAO BILBAO OPERAK ALZIRA OPERAREN ESTREINALDIA ATZERATU DU

Herri-administrazioek COVID-19aren pandemia kontrolatzeko ezarri dituzten neurri berriak tarteko, hots, mugikortasun-murrizketa eta edukiera-muga zorrotzak, ABAO Bilbao Operak Alzira operaren estreinaldi irrikatua, datorren azaroaren 21ean egitekoa zena, atzeratu behar izan du.

 

Hain zuzen, opera horrek eman behar zion amaiera, denboraldi honetan, Elkartearen Tutto Verdi proiektu historikoari. Mundu osoan aurrekaririk izan ez duen kultur programa honen barruan, 15 urtean Verdiren katalogoko 30 obrak antzeztu dira Bilboko eszenan, eta hitzaldi-zikloak, grabaketak eta hainbat argitalpen ere egin izan dira.

 

Alabaina, egungo araudia dela kausa, ABAOko bazkideen erdiek baino gehiagok eta zaleek ezinezkoa dute emanalditara joatea, eta obraren aurretiko prestaketak eta, ondorioz, estreinaldia zaildu egiten ditu.

 

Tutto Verdi proiektuari bukaera egokia eman ahal izateko, Elkartea Alzira operan parte hartzen duten guztiekin lanean ari da ―abeslariak, orkestra, sormen-taldeak eta talde teknikoak, eta Euskalduna Jauregia―, opera eskaintzeko beste data bat ezarri eta aparteko estreinaldi hau burutu ahal izateko. Hala, opera hurrengo denboraldi batean antzeztuko da, dagokion abonamenduko seigarren izenburua izanik.

 

Pandemia hasi zenetik, ABAOk kultur jarduerari bizirik eusteko borondate argiaz dihardu lanean, betiere agintariekin lankidetzan eta programazioa ezohiko egoera honetatik eratorritako neurrietara egokituz. Orain arte, ahal izan dugun guztia egin dugu aurreikusitako programazioarekin aurrera jarraitzeko, baina gero eta zailagoa da Elkarteak sorreratik bereizgarri izan dituen kalitatearekin eta bikaintasunarekin egin ahal izatea, eta, gainera, aldi berean kalte ekonomikoa ahalik eta txikiena izan dadin lortzea.

 

Egoerak bide ematen badu, ABAO Bilbao Operak datorren urtarrilean ekingo dio berriro denboraldiari. Orduan, Camille Saint-Saënsen Samson et Dalila taularatuko du, Bilboko denboraldian azkenekoz eskaini zenetik hogei urtera. Elkarteak jakin badaki kultura gizartearentzako funtsezko ondasuntzat jo behar dela, eta operak gure erkidegoko bizitza sozialean egoten jarrai dezan lanean ari da, bere jarduera garatuz, beste esparru ekonomiko eta sozial batzuk bezalaxe, betiere egoerak ahalbidetzen duen neurrian.