es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
Hemen zaude > Opera > Così Fan Tutte

Così Fan Tutte

Wolfgang Amadeus Mozart

Emanaldiak

Larunbata 2022ko Urtarrilaren 21 19:00-etan
Asteartea 2022ko Urtarrilaren 24 19:30-etan
Ostirala 2022ko Urtarrilaren 27  19:30-etan
Larunbata 2022ko Urtarrilaren 28  19:00-etan  (*OB)
Astelehena    2022ko Urtarrilaren 30 19:30-etan

 
*OB: Opera Berri

Babeslea

FITXA

  Fiordiligi Vanessa Goikoetxea  
  Fiordiligi BERRI Ashley Bell*  
  Dorabella Serena Malfi*  
  Dorabella BERRI Anna Gomá*  
  Ferrando Xabier Anduaga  
  Ferrando BERRI Pablo García-López  
  Guglielmo David Menéndez  
  Guglielmo BERRI Jose Manuel Díaz  
  Don Alfonso  Pietro Spagnoli  
  Despina Itziar de Unda  
  Aktore Rubén Jiménez Rosco  
       
  Euskadiko Orkestra    
  Coro de Ópera de Bilbao Zuz. Boris Dujin  
       
  Musika-zuzendaria Óliver Díaz  
  Musika-zuzendaria BERRI Pedro Bartolomé  
  Eszena-zuzendaria Marta Eguilior  
       
  Produkzioa ABAO Bilbao Opera  
       
       
  *ABAO Bilbao Operan debutatuko du    
       
       

AUDIOA

Così fan tutte. Una donna a quindici anni. Marta Ubieta
Così fan tutte. Sento oddio. Jacek Jaskula, Philippe Castagner, Luca Tittoto, Anna Chierichetti, Anna Tobella
Così fan tutte. Il core vi dono. Franck Leguerinel, Laura Polverelli
Così fan tutte. Un aura amorosa. Topi Lehtipuu
Così fan tutte. Soave sia il vento. Soile Isokoski, Laur Polverelli, Lorenzo Ragazzo
Così fan tutte. Come scoglio. Soile Isokoski

DOKUMENTUAK

pdf
PdM Cosí fan tutte
pdf
Scena Cosí fan tutte

Zirkularrak

Lehen Ekitaldia

 

Armadako bi ofizial gazte, Ferrando eta Guglielmo, Alfontso lagunarekin eztabaidan ari dira, beren neska-lagun Dorabellaren eta Fiordiligiren fideltasuna kolokan jarri duelako eta andreen iraunkortasuna mito hutsa dela dioelako. Filosofo zaharrak erronka egingo die, ehun zecchino jokatuta: baietz gazte bien laguntzarekin, bere aginduak betetzen badituzte, neskatilen aldakortasuna frogatu. Ferrando eta Guglielmo, irabaziko dutela erabat ziur, dirua nola gastatuko duten pentsatzen hasi dira.

 

Fiordiligi eta Dorabella ahizpak beren maiteen erretratuak dituzten miniaturei begira daude, zeharo liluratuta. Halako batean, Alfontso jauna agertu, eta berri izugarria emango die: ofizial biak borroka-eremura joan behar dira. Jarraian, ofizialak sartu, sakonki atsekabetuta daudelako plantak egin, eta neskatila desesperatuak kontsolatzen saiatuko dira. Koru batek (antzezpena Alfontso jaunak prestatu du) abiatzera deituko ditu soldaduak; maiteminduek malko artean agurtuko dute elkar, eta Fiordiligik, Dorabellak eta Alfontso jaunak gazte biak daramatzan txalupa urrunean desagertzen ikusiko dute. Bakarrik geratutakoan, Alfontso jauna pozarren agertuko da: bere planak arrakasta izango du.

 

Ahizpa biak etsi-etsita azalduko dira Despina neskamearen aurrean. Bereziki Dorabella, oinazeak jota bere onetik aterata dagoena. Despinak aholkatuko die ahalik eta etekin handiena ateratzea egoerari eta, noiz edo noiz, beste maitale batzuekin dibertitzea. Ahizpek, eskandalizatuta, alde egingo dute. Orduan, Alfontso jaunak Despinarekin hitz egin eta haren konplizitatea lortuko du. Plana erraza da: neskameak bi gazte atzerritar aurkeztuko dizkie Fiordiligiri eta Dorabellari, gizonek haiekin maiteminduta daudela adieraziko dute, baina jakinarazi gabe dotore baino dotoreago jantzita dauden albaniar biak benetan Ferrando eta Guglielmo direla.

 

Ahizpak sartu bezain laster, atzerritarrak bata bestearen maitea gorteatzen hasiko dira, etenik gabe; neskek, ordea, erdeinuz jokatuko dute, baita Alfontso jaunak "albaniarrak" bere lagun minak direla dioenean ere. Fiordiligik bere maiteari beti leiala izango zaiola adieraziko du sutsuki. Guinlielmo bere adiskidearen dohain xarmagarriak alaiki goresten ari dela, ahizpek ospa egingo dute, haserre bizian. Ofizialak ezin seguruago daude apustua irabazi dutela, baina Alfontso jaunak argi utziko die partida amaitu gabe dagoela. Ferrandok benetako maitasunak dakarren zorionari abestu bitartean, Despina eta Alfontso jauna beren hurrengo ekintza prestatzen hasiko dira.

 

Zorigaiztoko ahizpak beren nahigabean murgilduta daude lorategian. Bat-batean, "albaniarrak" agertuko zaizkie: nesken gogortasunagatik etsita daudela eta pozoi bat hartzen ari direla antzeztuko dute. Alfontso jauna eta Despina sendagile baten bila abiatuko dira. Ahizpak atzerritar biak, hiltzeko zorian diruditenak, apur bat hobeto aztertzera hurbilduko dira. Despina mediku jantzita itzuli, eta gizonak ustez indar handia duen harri baten laguntzaz suspertuko ditu. Alabaina, neskak berriro gorteatzen hasteaz batera, haien mespretxua jasoko dute beste behin. Badirudi ahizpen bertutearen aurkako bigarren erasoak ere huts egin duela.

 

 

Bigarren Ekitaldia

 

Protesta egin arren, ahizpak albaniarren gaineko bestelako interesa agertzen hasiak dira, eta Despinak haiekin maite-jolasean aritzera bultzatuko ditu. Dorabellak abentura oso dibertigarria izan litekeela diotso ahizpari, eta ez dutela serioegi hartuko. Berak ile beltzaraneko albaniarra hautatu du, Guglielmo, eta Fiordiligik ilehoria, Ferrando. Alfontso jauna lorategitik deika ari zaie.

 

Albaniarrek serenata bat prestatu dute neskentzat. Alfontso jaunak eta Despinak elkartzera animatu dituzte bikoteak, eta ondoren alde egin dute. Guglielmok urrezko bihotz txiki bat eman dio Dorabellari, eta neskak emandako medailatxoa onartu du, barruan Ferrandoren erretratua duena. Ferrandok Fiordiligi gorteatzen segitzen du, baina hark, gizonarekin gero eta epelago jokatzen ari dela ohartuta, baztertu egingo du; bakarrik geratu den une batean, tinkotasunik eza aurpegiratuko dio bere buruari. Ferrandok Fiordiligi oraindik leiala zaiola diotso Guglielmori; honek, aldiz, Dorabellak eman dion erretratua erakutsiko dio lagunari, eta, erdi serio erdi txantxetan, emakumeen desleialtasunaz kexatuko da. Ferrando lur jota dago, Dorabellaren traizio nabarmena dela eta; Alfontso jaunak Fiordiligi berriro gorteatzen saiatzea aholkatuko dio.

 

Ahizpek beren sentimenduak aitortuko dizkiote elkarri. Dorabellak, gizonei dagokienez orain Despinaren antzera jokatzen duenak, bere albaniarrarekin ezkontzeko asmoa du; Fiordiligik, ordea, gizon-mozorroa jantzi eta borroka-eremura bere Guglielmo maitearen bila joan nahi du. Halere, une horretantxe Ferrando agertu, eta azkenean neska bere ondora erakartzea lortuko du. Orain, Guglielmo ere traizionatuta sentitzen da. Alfontso jaunak hala eta guztiz ere neska biekin ezkontzea iradokiko die maitemindu desengainatuei: azken batean, lehenago edo geroago, fidelak izateari utziko zioketen... andre guztiek bezalaxe. Despinak ahizpak albaniarrekin ezkontzeko prest daudela iragarriko du.

 

Neskamea ezkontzaren antolaketa gainbegiratzen ari da. Bikoteak beren etorkizuneko zorionari topa egiten ari zaizkio; Guglielmok bakarrik dirudi triste samar. Despinak, notario jantzita, ahizpek sinatu beharreko ezkontza-kontratuak ekarri ditu; une horretan bertan, baina, urruneko danbor-hotsak eta koru batek ahizpen mutil-lagun ohiak itzuli egin direla iragarriko dute. Albaniarrak beste gela batera eramango dituzte, non mozorroak erantziko dituzten; ondoren, Ferrando eta Guglielmo gisa sartuko dira berriro aretoan, itxuraz gerratik onik itzulita. Notarioaren presentziaz ohartuta, hark Despina dela aitortuko du, eta ahizpak txundituta geratuko dira. Alfontso jaunak ezkontza-kontratuetara erakarriko du ofizialen arreta, eta beren ustezko etsaiak zein gelatan ezkutatzen diren esango die. Ferrando eta Guglielmo ezpatak zorrotik aterata hara abiatu, baina mozorroak eskuan itzuliko dira. Engainua agerian dago orain, eta hiru emakumeak ezin haserreago. Fiordiligik eta Dorabellak gaizki jokatzera bultzatu izana egotziko diote Alfontso jaunari. Hark, salaketa onartzeaz batera, denen hobe beharrez egin duela azalduko du: maitasunari buruzko ilusio oro zapuztuz, kontzientziaren eta arrazoimenaren garrantzia frogatu du. Neskek leialak izango direla zin egin eta, amaitzeko, denek batera alegiaren irakaspena kantatuko dute: gauzak bide zuzenetik hartzen dituenak eta arrazoiari jarraitzen dionak lasaitasuna aurkituko du munduko zurrunbiloen erdian.