AMARTUVSHIN ENKHBATEN JOALDI HIRUKOITZAK HISTORIA EGIN DU ABAO BILBAO OPERAN

Oso ezohikoa da publikoak, txalo-zaparrada itzelaren bitartez, abeslariei bis bat eskatzea emanaldiaren erdian. Ezohikoa da, era berean, kantariek eskaera onartzea,  baina Amartuvshin Enkhbat baritono laudatuak hala egin zuen Rigoletto operaren emanaldietan, otsailaren 17an eta 20an, etengabe txaloka irrikaz espero zuen publiko kartsu eta txundituaren aurrean.

Alabaina, hirugarren emanaldian, ikusle sutsuak zeharo zoratu ziren egungo panorama lirikoko Rigoletto onentzat joa denak ahots-bikaintasun betean “Si, vendetta tremenda vendetta” duetoaren bis bikoitza eskaini zienean, antzezpen-sendotasun apartaz, Sabina Puértolas sopranoarekin batera bigarren ekitaldiaren amaieran.

Enkhbatek ABAO Bilbao Operaren historiako lehen joaldi hirukoitza oparitu zien ikusleei. "Hat-trick" sinesgarri, adierazkor eta behin betikoak opera dena eta beti izan dena erakutsi du, musikaren, ahotsaren eta publikoaren arteko zorioneko sinbiosia, hain zuzen ere.

Daniel Orenen batuta beti bikainak musikaren narratiba boteretsuaren eta publikoaren irrikaren artean bidea ireki, eta paregabeko garaipena eskaini zien Amartuvshin Enkhbat eta Sabina Puértolas protagonistei, Bilbao Orkestra Sinfonikoa sendotasunez, grinaz eta modu liluragarrian zuzenduz.

Baritono mongoliarraren ahots-jasa sakon, ilun eta indartsuak, eta bufoi itxuragabea antzezteko modu eraginkorrak, haren nortasun bikoitza zoragarri islatuta ―gaiztoa, batetik; aita maitekor eta mendekatia, bestetik―, soprano nafarraren ahots- eta aktore-afinitate adierazkor eta sentiberarekin batera, historikoa eta ahaztezina bihurtu dute ABAO Bilbao Operaren Rigoletto hau, BBVA Fundazioak babestua.

Protagonista izan zen, halaber, ikusleen erreakzioa, amaieran talde osoari eskainitako txalo-zaparrada luzearen bidez adierazia, zeinak argi eta garbi utzi zituen bai ikuskizunaren erabateko arrakasta bai interpretazio zoragarri batek eta Verdiren musikak transmititzen dituzten indar, zirrara eta sentimenduak.

BETI EGUNEAN EGON ETA ABANTAILA BEREZIEZ GOZATU NAHI?
EGIN ZAITEZ ABAOko BAZKIDE