RIGOLETTO HISTORIKOAK MARKAK HAUTSI DITU ABAO BILBAO OPERAN

Rigoletto operaren emanaldiak ABAO Bilbao Operaren 72. denboraldian, BBVA Fundazioaren babesarekin eskainiak, otsailaren 26an, astelehenean, amaitu dira, kopuru ezin adierazgarriagoak utzita: errekorra sarreren salmentan, «sarrerak agortuta» kartela azken emanaldian, edukieraren % 90 beteta, eta protagonisten bis bikoitza hirugarren eta laugarren emanaldietan, gainerako emanaldietan egindako bisez gain.

Juan Carlos Matellanes Elkartearen presidentea pozik agertu da lortutako emaitza bikainengatik: «Estreinatu aurretik obraren eszenaratzeak eragindako polemika gorabehera, paregabeko kopuruak lortu ditugu diru-bilketari eta ikusle-kopuruari dagokienez, eta, interpreteen eta ekoizpenaren kalitate apartari esker, harro esan dezakegu nazioarteko kulturaren erreferente den Rigoletto izan dugula».

ABAO Bilbao Operaren, Errege Antzokiarekin, Sevillako Mestranzaren eta Tel Aviveko Operaren arteko koprodukzio berria, 2023ko abenduan Madrilen estreinatu zenean sortutako eztabaidak lagunduta zetorrena, aurrekaririk gabeko arrakasta izan da Bilbon, berekin dakartzan aniztasuna, zirrara eta edertasun plastikoa direla eta. Otsailaren 17an, larunbatean, estreinatu zenetik, ahots gutxik jarri dituzte zalantzan Miguel del Arcoren eszena-proposamena eta dramaturgia-irakurketa, eta egileak hasiera-hasieratik erdietsi du publikoarekin konektatzea.

Daniel Orenen batuta zorrotzak, Bilbao Orkestra Sinfonikoa sendotasunez, grinaz eta modu liluragarrian zuzenduz, obra honen garaipena azpimarratu du. Maisuak, Verdiren errepertorioan aditua denak eta Rigoletto-ren 400 emanaldi baino gehiago zuzendu dituenak, egokitasunez, kohesioz eta orekaz bideratu zuen oberturatik amaiera tragikora arte dinamismoz, melodia ahaztezinez eta emozio biziz beteriko partitura.

Halere, zalantzarik gabe, emanaldien arrakastarik handiena Amartuvshin Enkhbat baritonoak Bilbon egindako debuta izan da. Hirugarren eta laugarren emanaldietan, bigarren ekitaldiaren amaierako «Si, vendetta tremenda vendetta» duetoaren bis bikoitza abestu zuen, Sabina Puértolas sopranoarekin batera, oihala itxita eta ikusleak abeslarien paregabeko ahots-jasarekin eta talentuarekin txundituta bezain kartsu zeudela, eta gainerako emanaldietan ere eskaini zion bis bera publikoari.

Baritono mongoliarrak, egungo opera-panoramako Rigolettorik onentzat joa denak, izan daitezkeen kritikarik onenak eta txalotuenak jaso ditu bere antzezpenagatik, bai prentsa espezializatuaren bai zaleen aldetik. Hala, Amartuvshin Enkhbat eta Sabina Puértolas Nadine Sierrari batu zaizkio, joan den urrian Roméo et Juliette arrakastatsu eta txalotuaren hirugarren emanaldian denboraldiko lehen bisa protagonizatu zuenari, hain zuzen ere.

Bikote protagonistak ahots-bikaintasunagatik nabarmentzen diren abeslariak izan ditu ondoan: Ismael Jordi (Il Duca di Mantova), Carmen Topciu (Maddalena), Emanuele Cordaro (Sparafucile), lehenbizikoz ABAOn, Fernando Latorre (Conte di Monterone), Marifé Nogales (Giovanna), Josu Cabrero (Mateo Borsa), José Manuel Díaz (Marullo), eta Gexan Etxabe eta Ana Sagastizabal (Conte e Contessa di Ceprano).

Rigoletto-ren emanaldien babesle esklusiboa BBVA Fundazioa izan da, zeinak, horrela, opera-kultura sustatzen eta kalitate goreneko ikuskizunez gozarazten lagundu duen.


BETI EGUNEAN EGON ETA ABANTAILA BEREZIEZ GOZATU NAHI?
EGIN ZAITEZ ABAOko BAZKIDE