Operazaleentzako opari ezin hobea. Ezagut itzazu eskaintzen ditugun aukerak eta formatuak oparia hartzailearen lehentasunetara egokitzeko.
ABAO Bilbao Operak eskerrak eman nahi dizkie bazkideei eta enpresa laguntzaileei erakundearekiko leialtasunagatik eta babesagatik, eta, horretarako, haien konpromisoaren omenezko piano-errezitala eskainiko die maiatzaren 16an, ostegunean, 19:00etan, Bilboko Elkarte Filarmonikoan.
ABAO Bilbao Operak eta Bilboko Elkarte Filarmonikoak, maiatzaren 16 eta 17an, 19:30ean, paregabeko errezitala eskainiko dute nork bere bazkide eta enpresa laguntzaileei omenaldia egiteko eta haien fideltasun eta babesagatik eskerrak emateko.
“Udaberriko emozioak” errezitalerako artista gonbidatua Steven Lin pianista da, bere belaunaldiko interprete gazte interesgarri eta eskatuenetakoa, bere karisma, enpatia emozional eta presentzia eszeniko hunkigarriagatik miretsia.
Musikari sarituak aparteko errezital-esperientzia eskainiko du, zalantzarik gabe. Musika sentitzeko eta jotzeko duen modu bereziaren bitartez, artistak ikuspegi naturalarekin konektatzen du entzuleekin, zuzenean eta harrigarriro.
New York Times egunkariak bere interpretazioa “araztasunez adierazia eta ñabarduraz josiriko sotiltasun dinamiko miresgarriez indartua” delako goraipatua, eta sari, kolaborazio eta aitorpen ugariz osatutako curriculum ikusgarriarekin, Steven Linek birtuosismoz betetako programa joko du: Scarlattiren sonatekin hasita, Chopinen erromantizismoarekin jarraitu eta Beethoven bizkor-bizkorrarekin amaituko du. Atsedenaldiaren ondoren, Mozart bitalistari eta Liszt gorakorrari helduko die. Laburbilduta, errezital biribila eta estilo anitzekoa.
Maiatzaren 16an, ostegunean, errezitala ABAO Bilbao Operako bazkideei eta elkartearen enpresa laguntzaileei eskainiko zaie, eta hilaren 17an, ostiralean, Bilboko Elkarte Filarmonikoari dagozkionak omenduko dira emanaldian.
Erakunde biak sarri aritzen dira elkarlanean, eta biek sustatzen dute, ekimen pribatutik, ganbera- eta opera-musikaren kultura, gizarteari kalitate goreneko ikuskizunak hurbilduz.
Maiatzaren 16ko errezitalaz gozatzeko gonbidapenek ez dute besaulkirik esleituta eta ABAOren ohiko kanalen bidez eska daitezke: telefonoz, bulegoetan edo webgunean, aretoa bete arte. Bazkide-txartel bakoitzeko bat.