Operazaleentzako opari ezin hobea. Ezagut itzazu eskaintzen ditugun aukerak eta formatuak oparia hartzailearen lehentasunetara egokitzeko.
ABAO BILBAO ÓPERAREN LA FAVORITE-KO PROTAGONISTAK, ABESLARIRIK ONENAK ÓPERA XXI SARIEN VII. EDIZIOAN
Ópera XXI sariak, lirikaren esparruko sari nazionalak, banatzen dituen epaimahaiak, Espainian eta Espainiatik kanpo lan egiten duten musika-kritikari eta -kazetari ospetsuek osatutakoak, zazpigarren edizioko kategoria guztietan saritutako artisten berri eman du gaur goizean.
Silvia Tro Santafé mezzosoprano valentziarrak Abeslari Onenaren Saria jaso du emakumezkoen kategorian, eta Simón Orfila baxu-baritono menorcarrak Abeslari Onenaren Saria gizonezkoen kategorian. Artista biak Gaetano Donizettiren La favorite opera antzezten ari dira, alegia, ABAOk hil honetan frantsesezko jatorrizko bertsio osoan estreinatu duen obran.
Silvia Tro Santafé nortasun handiko mezzosopranoa da, teknika bikaina, presentzia eszenikoa, estiloa eta aktore-dohainak dituena, Bilbon oso estimatua, bertan taularatutako Roberto Devereux, Norma eta Anna Bolena obretan arrakasta handia izan baitzuen. Egun hauetan, La favorite-ko protagonista antzezten ari da, Léonor de Guzman, nortasuna, magnetismoa eta ahots-intentsitate ukaezineko uneak dituen pertsonaia, «O mon Fernand, tous les biens de la terre» eszenan, adibidez.
Publikoak joan den otsailaren 15ean, larunbatean, egindako estreinalditik txalotua, kritikak La favorite-ko protagonista hezurmamitzen egiten ari den lana nabarmendu du, «bere ahots-homogeneotasuna, nota altu ausartak eta baxu ahaltsuak», eta «ondo landutako bere diskurtsoa, hunkiduraz eta sentimenduz betea, bere arietan liluratzen duena, baina, bereziki, duo txeratsu eta delikatuetan».
Simón Orfila baxu-baritonoa, Don Pasquale operarekin denboraldiari hasiera eman ziona eta 2011z geroztik ABAO Bilbao Operarekin lankidetzan diharduena, Balthazar priore borrokalaria da La Favorite-n, non hainbat eszena gogoangarri dituen, hala nola duoak Fernandekin «Sais-tu que devant la tiare» pasartean eta, IV. ekitaldiaren amaieran, «Léonor, Léonor!» pasartean. Eskaintzen ari den antzezpenari dagokionez, kritikak zera nabarmendu du: «Bere ahotsaren kolore bero, sakon eta ilun bezain seduktorea pertsonaiaren indarrarekin eta gogortasunarekin konbinatzen du, eta horrela sortu duen Balthazar priorea dotoretasunez defendatzen du».
Ópera XXI sariak, INAEMen laguntza dutenak, Ópera XXI elkartearen ekimena dira, zeina gaur egun lurralde nazional osoko 27 antzokik, denboraldik eta jaialdik osatzen duten, hala Espainiako jarduera liriko bizia balioesteko nola bertako agertokietan denboraldiz denboraldi gozatzen den talentu artistiko eta sortzailea aitortzeko.