KUTXABANK, ABAO BILBAO OPERAREN BABESLE BERRIA

ABAO Bilbao Operako presidenteak, Juan Carlos Matellanesek, eta Kutxabankeko presidenteak, Anton Arriolak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean bi erakundeen arteko batasun-aliantza sendotzeko.

Hala, akordioaren ondorioz, Kutxabank ABAO Bilbao Operari Babesle gisa laguntzen dioten enpresen eta erakundeen taldean sartu, eta ABAOren proiektu kultural, artistiko eta soziala babesteko interesa berretsi du. Izan ere, Kutxabankek, ABAO Bilbao Operak bezala, kultur ekintzak iraunkortasunaren, elkartasunaren, bikaintasunaren eta joera sozialaren ikuspegiari helduta egin daitezen laguntzeko eta bultzatzeko helburua du.

Juan Carlos Matellanesen esanetan, “akordio garrantzitsua da, ABAO Bilbao Operak bere babesletza-programara enpresa eta erakunde liderrak erakartzeko duen asmo irmoan aurrerapausoa delako, kulturaren zabalkundeari laguntzearen eta genero lirikoa gizarte osoari hurbiltzea sustatzearen aldeko apustua egingo duten enpresa eta erakundeak, hain zuzen ere. Oso pozik gaude Kutxabanken babesa izateaz, eta lankidetza-hitzarmen hau alde biontzat oso aberasgarria izango delakoan gaude”.

Kutxabankeko presidente Anton Arriolak adierazi duenez, “akordioari esker, harreman estuagoa izango dugu gure Erkidegoko bizitza kulturaleko erakunde historiko honekin. Lankidetza gure balio korporatiboekin bat dator, alegia, Kutxabank dagoen lurraldeetan kultura-, hezkuntza- eta gizarte-erakundeak babesteko balioekin”.

ABAO Bilbao Operaren xede nagusia jarduera liriko eta kulturalak programatzea eta kudeatzea da, gizarte-ikuspegi zabalez, erreferentziako opera-erakunde nazionala da eta nazioartean ere zabalkunde esanguratsua du.

Kutxabank gehituta, berrogeita hamar enpresa laguntzailek baino gehiagok babesten dute ABAO Bilbao Opera hainbat modalitatetan. Babesle etorri berriek, lehendik daudenen fideltasunak eta erakunde publikoen ekarpenek elkartearen aurrekontuen % 26 osatzen dute.


BETI EGUNEAN EGON ETA ABANTAILA BEREZIEZ GOZATU NAHI?
EGIN ZAITEZ ABAOko BAZKIDE