ESTEBAN URZELAI EIZAGIRRE, BILBOKO OPERA KORUKO ZUZENDARI BERRIA

Esteban Urzelai Eizagirre gipuzkoarra hautatu dute 2024-2025 denboralditik aurrera Bilboko Opera Koruko zuzendari titularra izateko, Boris Dujinen ordez, zeinak 1994tik bete duen kargua.

Urzelai Eizagirre Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariordea da 2020tik, eta 2020-2021 denboraldian Oviedoko Operako Koruko zuzendaria eta musika-zuzendaritzako laguntzailea izan zen. Bere curriculumean, nabarmentzekoak dira Suhar ahots baxuen koruko zuzendaritza 2018tik, Euskal Herriko Gazte Abesbatzako zuzendaritza 2016 eta 2019 artean, eta Donostiako Orfeoiko zuzendariordetza artistikoa 2007 eta 2020 artean.

Bere prestakuntzari dagokionez, Bilboko Opera Koruko zuzendari berriak goi-mailako piano-titulua du, Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioak emana, baita Koru-zuzendaritzakoa ere, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Musikenen, eskuratua, Gabriel Baltés maisuarekin ikasita. Horrez gain, Orkestra-zuzendaritza ikasi zuen Arturo Tamayo maisuarekin, Enrique García Asensio eta Manel Valdivieso maisuekin hasi ondoren. Europako Gazte Abesbatzan parte hartu zuen, baita Internationale Bachakademie Stuttgart-eko koruan ere, besteak beste F. Bernius, J. Prinz, F. Sjöberg, M. Guinand eta H. Rilling zuzendariekin. Industria-antolakuntzako ingeniaria ere bada.

Oñatiko Ganbara Abesbatzako zuzendaria izan zen 1996. eta 2009. urteen artean, eta koru horrekin, beste sari batzuen artean, Kantu Koralaren Sari Nazional Nagusia jaso zuen 2004an. Urte hartan, halaber, Donostiako Orfeoiaren harrobiko (Haurren eta Gazteen Orfeoia) zuzendaritza hartu zuen bere gain. Orfeoiko Gazteen Koruarekin, hain zuzen ere, Ejea de los Caballeros-eko Koru Lehiaketako lehen saria lortu zuen gazteen kategorian, 2016an, eta polifoniaren eta folklorearen modalitateetako lehen saria ere bai; eta Nafarroako IV. “Acapella” Koru Lehiaketan, berriz, publikoaren saria eta zuzendari onenaren saria, 2019an.

Gipuzkoako Abesbatzen Federazioarekin lankidetzan aritzeaz gain, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak 2012tik antolatzen duen Koru Zuzendaritzako Akademiako irakasle-taldeko kidea da. Era berean, zuzendaritza- eta interpretazio-ikastaro ugari eman ditu Badajoz, Kordoba, Málaga, Sevilla, Ciudad Real, Madril, Zaragoza, Lugo, Albacete eta Asturiasen.


BETI EGUNEAN EGON ETA ABANTAILA BEREZIEZ GOZATU NAHI?
EGIN ZAITEZ ABAOko BAZKIDE