Operazaleentzako opari ezin hobea. Ezagut itzazu eskaintzen ditugun aukerak eta formatuak oparia hartzailearen lehentasunetara egokitzeko.
ABAO Bilbao Operak denboraldiko bigarren estreinaldi handia taularatuko du, Gaetano Donizettiren La favorite, frantsesezko jatorrizko bertsioan. Lau emanaldi programatu ditu, otsailaren 15ean, 18an, 21ean eta 24an, Euskalduna Bilbaon.
Donizettiren operak grand opéra frantsesaren estiloa du, lau ekitalditan banatuta eta bai balletarekin bai koruekin lagunduta, eta Gaztelako Alfontso XI.a erregeak, Portugalgo Mariarekin ezkonduta egon arren, Léonor de Guzmánekin izan zuen harremanean oinarrituta dago. Maitasun-drama honetan, amodiozko triangelu bat, pertsonaia historikoak, eskandaluak eta patu tragikoak nahasten dira.
Ekoizpena, Valentina Carrascorena, Fondazione Teatro Donizetti eta Opéra National de Bordeaux erakundeena da, eta 2022an opera-ekoizpen onenaren Abbiati saria irabazi zuen, Italiako kritikak emana.
Zuzendariak, bere proposamenean, bete-betean asmatu du dramaturgiarekin, ikuspegi adimentsu eta koherenteari eutsita; izan ere, erregeak «faborito bat» eduki ahal izateko, aurretik beste asko izango zituen. Léonor de Guzman une jakin horretakoa da, erregearen azken maitalea, baina lehenago beste batzuk izan zituen, orain erregearengandik urrun daudenak. Testuinguru horretan, bigarren ekitaldiko balleta ahaztuta eta gortetik aldenduta dauden “beste faboritoak” ikusarazteko diseinatu da.
ABAO Bilbao Operak, kultura eta opera gizarte osora hedatzeko duen helburuari leial, 57 eta 81 urte bitarteko 22 emakume gogotsu bildu ditu «erregearen faboritoen» balletean parte hartzeko.
Aukera aparta operaz besaulkiaren beste aldean gozatzeko. Eszena- eta koreografia-lantaldeek zuzenduta, entseguetan eta emanaldietan parte hartzen dute opera barrutik biziz, artista, musikari eta lantalde tekniko eta sortzaileetako kideen artean ikuskizunean parte hartzen duten 200 bat lagunekin batera.