BAZKIDEEN BATZAR OROKORRA 2025

Bazkideen Ohiko Batzar Nagusiak, azaroaren 21ean, asteartean, Bilbon bilduta, 2024-2025 denboraldiko emaitzen kontua onartu zuen, botoen % 99rekin.

Juan Carlos Matellanes presidenteak 73. Denboraldiaren emaitzak zehaztu zituen: 7,9 milioi euroko diru-sarrerekin eta 8,3 milioi euroko gastuekin amaitu zen, eta nabarmendu zuen defizita murrizteko egindako ahaleginek hobekuntza txikia eragin dutela aurrekontuetan. Alor artistikoari dagokionez, honela mintzatu zen: «Denboraldia arrakastatsua izan da, zalantzarik gabe, estreinaldi garrantzitsuak, Elkartearen katalogoan sartuko direnak, eta ekoizpen berriak taularatuta». Era berean, presidenteak eskerrak eman zizkien «bazkideei, erakundeei, babesleei eta, oro har, publikoari, baita ABAOko langileei ere, ahalegin horretan emandako laguntzagatik».

Batzarrean erregistratutako botoen % 98k 74. Denboraldirako jarduketa-ildo orokorrak onartu zituzten, zeinen arabera jarduera artistiko eta kulturalari betiko kalitate eta bikaintasun berarekin eutsiko zaion, 8,4 milioi euroko aurrekontuarekin.

Juan Carlos Matellanesek honako hau azpimarratu zuen: «ABAO Bilbao Opera kultur proiektu estrategikoa da Euskadirako, sustraitua, itzulkin ekonomikoa dakarrena eta nazioarteko proiekzioa duena. Operaren munduan, paregabeko proiektua da, gizarte zibilaren eta ekimen pribatuaren emaitza, lankidetza publiko-pribatu eraginkorrean oinarritua, bikaintasunaren, iraunkortasunaren eta gizarte-orientazioaren ikuspegiari heldua».

ABAOko presidenteak, Zuzendaritza-batzordearen izenean, elkartea dagokion sektorean erakunde erreferentea dela baieztatu zuen, eta honela amaitu zuen bere azalpena: «Kudeaketan, kalitate artistikoan eta gizarte- eta kultura-jardueran zorroztasunaren alde egiten jarraitu behar dugu, bokazio kultural, integratzaile eta iraunkorra duen erakundea garelako».

BETI EGUNEAN EGON ETA ABANTAILA BEREZIEZ GOZATU NAHI?
EGIN ZAITEZ ABAOko BAZKIDE