ABAO BILBAO OPERA-K ETA OSAKIDETZA HAMAR URTEKO LANKIDETZA OSPATU DUTE

2015ean abiatu zen «Ópera y +», Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko (EEG ESI) profesionalek eta hezkuntzan, pedagogian eta musikan espezializatutako ABAO Bilbao Operako pertsonek batera diseinatutako humanizazio-programa aitzindaria. Gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen eta haien senideen ongizate emozionalari laguntzeko helburuz sortu zen, oro har musikaren eta bereziki operaren inguruko ezagutzak, gozamena eta praktika eskaintzeko jarduera-plan baten bidez.

Hamar urte hauetan, «Ópera y +» ekimenak gaixotasun kronikoak dituzten 7.000 pazienteri baino gehiagori eta haien senideei lagundu die, pedagogian eta musikan adituak diren pertsonen eskutik ospitale barruan zein kanpoan ABAOren Opera-denboraldiari lotutako 350 jarduera ingurutan parte hartzeko aukera eskainiz.

Hasieran, hiru arreta-unitatek hartzen zuten parte jarduera honetan; gaur egun, hamaika dira: Jaioberrien Unitatea, Pediatria, Ospitale Eskola, Nefrologia, Eguneko Ospitalea, Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioko Unitatea, Barne Medikuntza, Pneumologia, Onkologia, Onkologia Erradioterapikoa eta Zainketa Aringarriak.

«Ópera y +» programa askotariko jarduerek osatzen dute, hala nola kulturari, oro har musikari eta bereziki operari buruzko ezagutzak irakasteko tailer monografikoak eta hitzaldiak, bisitak backstagera, opera-emanaldi bat ikusteko parada, ospitaleratutako haurrentzako tailerrak eskolan edo zuzeneko kantua jaioberrien unitatean.

Ospitaleko ekitaldi-aretoan gaur goizean egindako prentsaurrekoan, zentroko Berrikuntza eta Kalitate zuzendariorde Inés Gallego Camiñak azpimarratu du halako ekimenak oso garrantzitsuak direla «osasun-arretan giza harremana indartzeko», eta eskerrak eman dizkie ABAOri, osasungintzako langileei eta boluntarioei «proiektuarekin duten etengabeko konpromisoagatik, kulturak ere zain dezakeela erakusten duenarekin».

ABAO Bilbao Operaren aldetik, programaren koordinatzaile Aitziber Aretxederrak nabarmendu du proiektuak, ospitale-ingurunean aitzindariak, «operaren gizarte-bokazioa eta unerik zailenetan hunkitzeko, laguntzeko eta lasaitzeko duen gaitasuna» islatzen dituela. Gogora ekarri du, halaber, “la Caixa” Fundazioaren eta Zabalgarbiren laguntzari esker izan dela posible, eta jakinarazi du datorren ediziorako Gondra Barandiarán Fundazioa eta Orona Fundazioa batuko zaizkiola.  

Ekitaldian, programan parte hartzen duten osasungintzako profesionalek ere pazienteekin egiten dituzten saioetan bizi duten zuzeneko esperientzia azaldu dute, eta Barne Medikuntzako paziente batek adierazi du musikak tratamendua hobeto jasaten lagundu diola.

Erakunde biek beren lankidetza-hitzarmena berritu dute datozen lau urteotan kultura- eta gizarte-programa hau garatzen jarraitzeko, denboraldi berriari udazkenean ekinda jarduera berrituekin eta irismen handiagoarekin.

«Ópera y +» osasun-arloaren eta kultura-esparruaren arteko lankidetzaren adibide da, zeina, hamar urte geroago, hazten jarraitzen duen artea, emozioa eta lasaitasuna gehien behar diren lekura eramateko asmo sendoz: ospitalearen bihotzera.

BETI EGUNEAN EGON ETA ABANTAILA BEREZIEZ GOZATU NAHI?
EGIN ZAITEZ ABAOko BAZKIDE