Operazaleentzako opari ezin hobea. Ezagut itzazu eskaintzen ditugun aukerak eta formatuak oparia hartzailearen lehentasunetara egokitzeko.
Maria Luisa Molina ABAO Bilbao Operako kudeaketa-zuzendariak, Cesidio Ni帽o zuzendari artistikoak eta Miren I帽arga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute, gaur goizean, musika, opera eta kulturaren sustapena eta zabalkundea bultzatzeko, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleak bereziki kontuan hartuta.
Hitzarmena erakunde bien arteko aliantza estrategikoa izateko sortu da, biek ere kultur ondarea sustatzeko eta zabaltzeko, balio gazteei laguntzeko eta, oro har, gizartea kulturara, musikara, lirikara eta arte eszenikoetara hurbiltzeko interesa baitute.
ABAO Bilbao Operaren eta Musikeneren arteko akordioak bokazio artistikoa du, baina baita didaktikoa eta praktikoa ere, eta musikari eta abeslari gazteek eskuratutako prestakuntza akademikoa integratzea du helburu, garapen profesionalerako benetako aukerak izan ditzaten eta, horrela, beren karrera gaikuntza, gaitasuna eta esperientzia praktikoa bilduta gara dezaten.
Horrenbestez, Musikeneko Graduko eta Masterreko ikasleek ABAO Bilbao Operak programatutako opera-emanaldi batzuetan parte hartu ahal izango dute. Zehazki, akordioaren arabera, kantu-ikasleek partiquino edo rol txikiak jokatu ahal izango dituzte ABAOren programazioan, baita barne-mailako bandak osatu ere, eta orkestra-zuzendaritzako ikasleek barne-mailako bandak edo koruak zuzendu ahal izango dituzte, edo gonbidatutako zuzendariarentzako irakurketak egin.
Halaber, hitzarmenaren arabera, Musikenek guneak eta ikasgelak utziko dizkio ABAOri hainbat jarduera egiteko, hala nola hitzaldiak eta solasaldiak, bere orkestra sinfonikoa ekoizpen edo ekitaldi instituzionalen baterako jarriko du haren eskura, eta ganbera-taldeak, berriz, zuzeneko musika jotzeko ekitaldietarako. Era berean, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak ABAOren programaziorako beharrezko instrumentuak utziko dizkio.
Prestakuntza akademikoaren esparruan, eta ikasleen karrerak laguntzeko eta sustatzeko asmoz, bi erakundeek beka bat eskainiko dute ikastegiko kantu-ikasleentzat; saria ABAO Bilbao Operaren opera-produkzioetako batean parte hartzea izango da.
Prestakuntza tekniko eta espezializatua bultzatzeko beste modu bat izango da ABAOk bere denboraldian kontratatutako abeslariek Musikeneko kantu-ikasleei eskola magistralen bat ematea, entseguek eta emanaldiek ahalbidetzen dutenean.
Hau da ABAO Bilbao Operaren eta Musikeneren arteko lehen lan-hitzarmena, denboran irauteko xedez sinatua, erakunde biek egiten dutelako eta ahalegintzen direlako musikaren eta operaren zabalkundearen alde, eta biak direlako funtsezko kultur erreferente dagokien esparruan.