Leila Fteita
Leila Fteita eszenografo eta figuringile italiarrak Turingo Accademia Albertina di Belle Artin egin zituen ikasketak, eta Mauro Paganoren laguntzaile hasi zen lanean. Europako eszenako funtsezko artistekin egin du lan, Ezio Frigerio, Dante Ferretti, Gae Aulenti, Hugo De Ana, Peter Stein eta Tullio Pericolirekin, kasu, eta ibilbide oparoa osatu du operan, antzerkian eta balletean nazioarteko antzoki nagusietan. Eszenografia-lanetan, Teatro alla Scalan egin zuen debuta, 1992an, La bottega fantastica-rekin, eta hala erakunde horretarako nola Piccolo Teatro di Milano, Teatro Regio di Torino, Maggio Musicale Fiorentino, Teatro San Carlo di Napoli, Teatro dell’Opera di Roma, Jaialdi Pucciniarra eta Teatro Carlo Felice di Genovarako ekoizpenak sinatu ditu. Bere jardun artistikoa irakaskuntzarekin uztartzen du: unibertsitateko irakasle izan zen eta, 2022tik, Teatro alla Scalako Accademiako Klaustroko kidea da. Urte horretan, halaber, Abbiati saria jaso zuen Martina Francako Jaialdian antzeztutako Prokofieven Il giocatore-gatik.