roberto_425x480_T75
OPERA / G. Donizetti

Roberto Devereux

«HAIZEAREN KONTRAKO AMODIOA. ERRESUMA BAT KOLOKAN JARRI ZUEN PASIOA»

 

Donizettiren «erreginen trilogia» delakoak aurrera jarraitzen du ABAOren denboraldietan Roberto Devereux operarekin. Konpositoreak Tudor gorteko politika, jeloskortasuna eta pasioa edertasun handiko musikarekin uztartzen du lan honetan, zeina bel cantoaren bitxietako bat den.

 

Yolanda Auyanet, joan den denboraldian Maria Stuarda antzeztu ostean, Isabel I.a erregina atsekabetua izango da oraingo honetan. Haren ondoan eszenatokian, Ismael Jordi tenor granadarra (Roberto Deverux), Pablo Ruiz (Nottinghameko dukea) eta Silvia Tro Santafé (Sara).

 

Iván López-Reynoso zuzendari mexikarrak gidatuko du Euskadiko Orkestra musika zirraragarriz eta hunkigarriz osatutako opera honetan, non birtuosismo-eztanda hutsa diren aria ugari dauden.

 

ABAO Bilbao Operaren eta Oviedoko Opera Fundazioaren koprodukzioaren nazioarteko estreinaldia. Emilio López-ek sortua, estetika tradizionalaren eta garaikidearen arteko nahasketa dakar, antzerki- eta jauregi-giroan, jantzi eta argi-joko ikusgarriekin.

  1. ekitaldia

 

Westminsterreko jauregiko areto batean, damak Sara dukesari begira daude: liburu bat irakurtzen ari da bazter batean, negarrez. Adiskidea atsekabetzen duten pentsamenduetatik aldentzen saiatzen diren arren, hark, gezurra esanez, irakurtzen ari den istorioarekin hunkituta dagoela dio. Benetan, baina, maite duen gizona du gogoan, Roberto Devereux. Elisabetta erregina agertu, eta Sarari adiskidetsu hurbilduko zaio. Halaber, prest agertuko da bere senarrari, Nottinghameko dukeari, Devereuxen aldeko defentsa egiten entzuteko; izan ere, Ingalaterrako Parlamentuak traizioa leporatu dio. Elisabetta beldur da hark, behiala bere maitalea izandakoak, ez ote duen traizionatuko erregina gisa, baina batez ere emakume gisa. Sarak, aztoratuta, lasaitu egingo du. Orduan, Lord Cecil, Gualtiero eta beste lord batzuk sartuko dira eta Parlamentuaren ebazpena jakinaraziko dute: Devereux traizioagatik kondenatu dute.

Elisabettak denbora hartuko du kondena berretsi ala ez erabakitzeko, eta une horretan Roberto agertuko da, erreginaren aurrean bere burua egozten dizkioten salaketetatik defendatu nahi duena. Bakarrik daudela, Elisabettak maitaleak izan ziren garaian elkarrekin bizi izandako egun zoriontsuak gogoraraziko dizkio, eta bihotzean zer sentitzen duen galdetuko dio, beste emakume bat maite duela susmatzen baitu. Kondeak ukatu arren, erreginak zalantzan jartzen jarraituko du. Roberto bakarrik geratu da. Nottingham agertu eta adiskidea besarkatuko du, baina hark, saminduta, dukea etsipenezko keinuz aldenduz kontsolamendua emaztearen besoetan bila dezala esango dio. Orduan, Nottinghamek bere emaztearen nahigabe kontsolaezinaz hitz egingo dio, zerk eragiten dion ez dakiela esanez. Lordak azalduko dira berriro: Roberto auzitegira joan behar da, epaia jakinaraz diezaioten. Nottinghamek Robertoren ohorea defendatuko duela dio.

Dukesaren logelan, Nottinghameko jauregian, Sara Robertoren zain dago; agertzen denean, bera traizionatu izana leporatuko dio. Neska gazteak azalduko dio Roberto gerrara abiatu zenean eta bere aita hil zenean dukearekin ezkonarazi zutela, eta erregina maitatzera bultzatuko du. Robertok, ordea, Sara maite du, ez beste inor, eta Elisabettak oparitu zion eraztuna emango dio. Elkarri maitasun-hitz kartsuak esan ondoren, Sarak kondeari zapi bat oparituko dio, zorigaiztoko maitasunaren adierazgarri, eta alde egingo du.

 

  1. ekitaldia

Westminsterreko jauregiko galeria bikain bat. Lordak eta damak Parlamentuaren erantzunaren zain daude. Elisabetta agertzen denean, Cecilek erabakiaren berri emango dio: Robertori heriotza-zigorra ezarri diote. Gualtierok, Devereuxen etxetik datorrenak, bere txostena aurkeztuko du: kondeak ez du etxean eman gaua, egunsentian itzuli da bertara; atxilotu dutenean, zapi bat ezkutatzen saiatu da. Elisabettarentzat, Robertoren traizioaren behin betiko froga da. Nottinghamek bere lagunaz errukitzeko eskatuko dio erreginari, baina hark uko egin eta egiaztatu dituen gertakarien berri emango dio. Hasieran, Nottingham asaldatuta agertuko da, baina Elisabettak, Robertoren aurrean, guardiek errege-aretora ekarri baitute, bertan bildutakoei zapia erakusten dienean, bere emaztearen maitalea hura dela ohartu eta sutan jarriko da. Elisabettak zapia zein emakumerena den esateko aginduko dio Robertori, salbazioa nahi badu. Baina hark ez du esango eta heriotzara kondenatuko dute.

 

III. ekitaldia

Nottinghameko jauregiko areto batean Sara bere senarraren zain dagoela, dukearen senide batek gutun bat emango dio. Robertorena da: heriotza-zigorra ezarri diotela eta erreginari eraztuna eramaten badio baino ezingo dela salbatu diotso. Sara abiatzear denean, senarra agertu, fideltasunik eza aurpegiratu, gutuna irakurri, eta guardiei emaztea etxean giltzapetuta eduki dezatela aginduko die, epaia betearazi arte ez dadin jauregira iritsi. Londresko Dorreko ziega izugarri batean, Roberto bere patua noiz beteko zain dago: heriotza-zigorretik salbatu ahal izateko, Sarak eraztuna garaiz eramango ote dion erreginari galdetzen dio bere buruari. Guardiak urkamendira eramateko agertzen direnean, guztiz galduko du itxaropena. Erregina Sararen zain dago bere logelan, adiskidearen kontsolamendua behar duenez bertara ekar dezaten agindu baitu. Jada ez dago suminduta, eta bere Roberto maitea gogoan, salba dadila besterik ez du nahi, maitale ezezagun baten besoetan bizi behar bada ere. Cecil sartuko da eta berria emango dio: Roberto hiltzear dago. Elisabettak indultua ekar ziezaiokeen eraztunaz galdetuko dio, baina Cecilek Robertok ez duela eman erantzungo du. Orduan, Gualtiero Sararekin agertuko da; neska gaztea zurbil eta leher eginda dago. Azkenean, hark emango dio eraztuna Elisabettari, eta orduantxe konturatuko da erregina, keinu horrekin, nor den Robertoren maitalea: Sara bera. Dukesak erreginari Roberto salbatzeko erregutu arren, alferrik izango da: hileta-hotsak ikara eragingo die bertaratuei eta Nottingham, pozez gainezka, Roberto hilda dagoela jakinaraziz sartuko da. Elisabettak, atsekabetuta eta amorraziorik gaiztoenak jota, Devereuxen heriotzaren erantzulea izatea leporatuko dio Sarari, baina dukeak aitortuko du bera dela arduradun bakarra. Erreginak bikotea espetxeratu eta, bere maitearen mamuaren irudipenekin obsesionatuta, Jakue I.aren alde abdikatuko du.

 

Luis Gago

Editorea eta El País musika kritikaria da, eta Bonneko Beethoven-Hauseko Ganbera Musika Jaialdia zuzentzen du. Eskuarki, gaztelaniazko azpitituluak prestatzen ditu Royal Opera House, English National Opera eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren Digital Concert Hallerako

 

Kokapena

Musika Jauregia Euskalduna Bilbo

Iraupena

180

otsaila 2027

       
       
       
       
ABAO-OLBE
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.