traviata_425x480_T75
OPERA / Giuseppe Verdi

La Traviata

Sarrerak erosi

«SEMPRE LIBERA… NIRE BIZITZAK PLAZERAREN BIDEAK IBILIKO DITU»

 

  1. Denboraldia La Traviata-k inauguratuko du, Giuseppe Verdiren opera ezagun eta antzeztuenetakoak; hala, hirugarren postura igoko da ABAOk bere historian gehien taularatu dituen operen sailkapenean.

 

La Traviata hasiera-hasieratik harrapatzen zaituzten opera horietako bat da: glamourra, ezinezko maitasuna eta emozio eutsiezinak. Paris zirraragarrienean girotua, dotorezia eta drama uztartuta, bihotzerako zuzeneko bidaia emozionala da, unean uneko modez haragoko opera klasikoa.

 

Abeslari-taldeko buru, nazioartean goraipatutako bi ahots paregabe: Jessica Pratt sopranoa eta Javier Camarena tenorra. Jessica Prattek harreman estua du Bilboko publikoarekin, La sonnambula, Don Pasquale, Lucia di Lammermoor, Les contes d’Hoffmann, I puritani operetan eta 2019an eskainitako Delirio kontzertuan parte hartu ondoren. Camarenak, berriz, paregabeko oroitzapenak utzi ditu ikusleengan ABAOn izan denean, Les pêcheurs de perles, Roméo et Juliette operetan eta 2015ean bakarlari eskaini zuen Kontzertua-n.

 

Francesco Ivan Ciampa maisuak Euskadiko Orkestra zuzenduko du opera honetan, zeinak gogoan iltzatuta geratzen diren melodiak dakartzan, hala nola topa ospetsua edo unerik intimo eta lazgarrienak.

 

Agertokian, Teatro Massimo de Palermo-ren ekoizpena, Mario Pontiggia eszena-zuzendariak bereizgarri duen ikusgarritasunaz sortua. Eszenografia klasiko eta tradizional txundigarria dakar, Belle Époque garaian girotua, Art Nouveau eta Art Déco estilo artistikoei erreferentziak egiten dizkiena, hori guztia luxuzko jantziekin apaindutako eremu eszeniko apartan.

Generoa

Melodrama hiru ekitalditan

Konpositorea

Giuseppe Verdi (1813-1901)

Libreto

Alexandre Dumasen (semea) La dame aux camélias eleberriari eta antzezlanari buruzko Francesco Maria Piave.

Partitura

Ricordi S.r.l. di Milano etxea. Editoreak eta jabeak

Estreinaldia

Veneziako La Fenice antzokia 1853ko martxoaren 6an

Estreinaldia ABAOn

Coliseo Albia Antzokia 1953ko abenduak 30

Antzezpenak OLBE Bilbao Operan

1.154ª, 1.155ª, 1.156ª, 1.157ª

Opera hau

27ª, 28ª, 29ª y 30ª

Ekoizpena

Teatro Massimo di Palermo

  1. ekitaldia

Violetta Valéry Parisko gizarte dotoreko gortesau liluragarri eta oso gorteiatuaren etxeko egongelan, festa bikaina ospatzen ari da. Iritsi diren azken gonbidatuen artean, Flora Bervoixen etxean kartetan jokatu ondoren, Gaston Letorières bizkondeak Alfredo Germont aurkeztuko dio Violettari, neska gaztearen miresle sutsua dena: hain dago harekin maiteminduta –aitortuko du Gastonek –, ezen duela gutxi gaixorik egon zenean egunero hurbildu zen bera haren osasunaz isilpean galdetzera. Violettak, halako ezohiko debozioak hunkituta, adeitsuki desegingo du bere miresle gaztearen herabetasuna. Alfredok, bere adiskideek bultzatuta, topa egingo du edertasunaren eta bizitzearen pozaren alde. Afalondoan, gonbidatuak dantzalekura doazela, Violettak bat-bateko eztul-erasoa izango du. Alfredok, bakarrik geratu direnean, osasuna gehiago zaintzeko amultsuki eskatu eta berak debozioz zainduko lukeela ziurtatu dio. Jarraian, samurtasunez, maite duela aitortu dio. Violettak, harrituta, axolagabekeriaren plantak egin ditu eta trukean bere laguntasuna besterik ez duela jasoko erantzun dio. Halere, Alfredoren aitorpenak aztoratu egin du. Paparrean daraman lore bat eskainiko dio gizonari, zimeldutakoan itzul diezaiola esanez. Alfredok, pozarren, biharamunean itzultzeko gonbidapentzat joko du eskaintza. Eguna argitu duenez, gonbidatuak badoaz etxetik dantzaldiaren ondoren. Violettak, bere bakardadean, Alfredoren maitasun-hitzak darabiltza gogoan. Lehen aldiz, norbaitek maitasun zintzoa adierazi dio. Bizitza poz iragankorren eta gozamen mundutarren artean ematen ohituta, serio hartu eta bizimodua aldatu beharko luke? Ez, ilusio ergel horri ez jarraitzea deliberatuko du, nahiz eta bihotzean sentitu bien maitasunak egiazkoa izan behar duela.

  1. ekitaldia

Lehen eszena Paristik gertuko landetxe batean garatzen da, non Violettak eta Alfredok bizimodu idilikoa daramaten elkarrekin, hiriburuko zurrunbilo sozialetik urrun. Alfredok dio duela hiru hilabetetik bizi duten ametsezko egoerak erabateko zoriona sentiarazten diola. Baina lilura ustekabean desegingo du Anninak, neskameak, jakinaraziz Violettaren enkarguz Parisen egon dela harribitxiak, zaldiak eta ondasunak saltzen, horrela landa-eremuan egiten ari diren egonaldiaren gastuak ordaindu ahal izateko. Alfredok, bere harrotasuna minduta, berehala alde egitea erabakiko du, kontu horiek berak konpontzeko helburuz. Violetta dator. Floraren gutun bat irakurtzen ari da: maitaleen babeslekuaren berri izan du eta gaur gauaz festa batera gonbidatu nahi du adiskidea. “Itxaron dezala alferrik”, dio irribarrez Violettak. Bitartean, bisita bat iragarri dute. Giorgio Germontek, Alfredoren aitak, mespretxuz aurkeztuko dio bere burua Violettari, bere semeak emakumea mantentzen duela sinetsita. Violettak harrotasunez erakutsiko dio bere lursailaren eskritura. Germont harrituta, baina pozik dago keinu horrekin. Hala ere, Alfredori uko egiteko eta bere familiako beste kide baten zoriona ez zapuzteko, bere semeari dion maitasunaren indarrari heltzeko eskatuko dio. Izan ere, bere alabaren ezkontzak “familia oneko” gazte batekin porrot egin lezake, Violettak haren nebarekin duen harreman eskandalagarria bukatu ezean. Violettak bere maitasunaren eskubideak aldarrikatu, Germonti bere osasun-egoera larriaren berri eman, eta desesperazioz egingo dio uko haren erreguak betetzeari. Baina, azkenean, amore emango du. Etsita, bere zoriona Alfredoren eta haren senideen mesedetan sakrifikatzea onartuko du.

Hala, Germonti, biziki hunkituta dagoenari, bere ikaragarrizko oinazeari bakarrik aurre egingo diola hitzemango dio, eta sekula ez diola jakinaraziko Alfredori zergatik utzi duen hain arinki. Agur esateko gutun bat idaztear dagoela, Alfredo bera agertuko da, eta Violettari zergatik dagoen horren artega galdetuko dio. Hark amodiozko garrasi lazgarriaz erantzun, eta ziztu bizian alde egingo du. Geroago, ohar bat bidaliko dio bere garai bateko bizitza sozialera eta aspaldiko lagunengana itzultzea erabaki duela azaltzeko. Alfredo guztiz txundituta dago. Germont agertuko da, baina haren kontsolamendu-hitz maitekorrak alferrikakoak izango dira; semeari Proventzan, jaioterrian, igarotako une lasaiak gogoraraziko dizkio, eta bertan familiaren maitasunaren epeltasuna berriz sentitzera gonbidatuko du.

Bigarren eszena Flora Bervoixen etxeko egongela batean gertatzen da. Maskara-dantzaldia bete-betean dago. Violetta Douphol baroiaren, bere babesle ohiaren, besotik helduta dago. Alfredo bertan egotea espero ez duenez, hura ikustean asaldatu egingo da, baina hark konturatu ez delako itxurak egingo ditu. Gizona joko-mahaietara doa, non ausarten zorteaz irabazi eta, aldi berean, Doupholen erresumina eragingo duen bere aipamen lausoekin.  Afariaren iragarpenak bien arteko borroka saihestuko du eta gonbidatuak jangelara joango dira. Alfredo Violettak berarekin hitz egiteko gonbidapena egin eta berehala sartuko da berriro. Emakumeak ospa egiteko eta baroia ez sumintzeko erregutu dio. Gainera, hura konturatuko balitz, bere bikotekide ohiaren bizitza arriskuan egoteak beldurtzen duela gehien aitortu dio. Baina Alfredok erantzun dio berarekin baldin badoa baino ez duela alde egingo. Violettak, orduan, ez duela berriz ikusiko zin egin duela jakinaraziko dio. Alfredok behin eta berriz galdetzen dionez nork izan duen zin hori inposatzeko eskubidea, baroia izan dela aditzera emango dio. Bere onetik aterata, zeharo jeloskor eta etsipenak jota, Alfredok gonbidatuei dei egingo die. Emakume batek beragatik bere aberastasuna xahutzea onartu duelako lotsatuta dagoela aitortu ondoren, diruz betetako poltsa bat botako du Violettaren oinetara, hark bere garaian ordaindutako dirua itzultzeko modua dela adierazita. Violettak konortea galduko du eta Alfredoren keinuak haserrea eragingo du bertan bildutakoengan. Germontek, hori guztia gertatu bitartean iritsi denak, errieta egingo dio semeari, jada umiliatuta eta damututa dagoenari, eta berarekin eramango du; Douphol atzetik doakie, bere bikotekideak jaso dituen irainengatik ordaina eskatzen.

 

III. ekitaldia

Violetta Annina fidelaren zaintzapean dago, bere gaixotasunak dagoeneko ez duelako sendabiderik. Neguko goiz gris bat da. Grenvil doktorea bere pazienteari itxaropena eta adorea ematen saiatzen ari da, baina amaiera oso hurbil dagoela aitortuko dio Anninari. Violettak berriro irakurriko du Germontek bidalitako gutun maitekorra, non, emandako hitza bete izana eskertzeaz gain, baroia dueluan zauritua izan zela eta azkenean Alfredori egia esan diola jakinarazi dion. Hala, laster barru bisitan etorriko zaio barkamena eskatzeko. Inauterietako musikaren eta kaleko zalapartaren oihartzuna entzun bitartean, Violettak atsekabez begiratzen dio bere irudi zurbilari ispiluan, eta bere maitearekin igaro zituen hilabete zoriontsuak gogoratzean bihotza hausten zaio. Baina orduan Annina sartu eta Violetta paregabeko ustekabea jasotzeko prestatzen saiatuko da; jarraian, Alfredo agertuko da eta Violetta kartsuki besarkatuko du. Elkarrekin, etorkizun zoriontsuarekin egingo dute amets beste behin. Poz-pozik, Violettak jantzi eta hiriaz gozatzera atera nahiko luke. Baina ez du horretarako indarrik izango eta bizitzeko denbora gutxi duela jabetuko da. Germontek, semearen ondora etorrita, bere alaba balitz bezala besarkatzen duen bitartean, Violettak bere zorion-garaietako erretratu bat emango dio Alfredori: betiko gorde dezala erregutuko dio, ez dadin sekula berarekin ahaztu, hainbesteko maitasuna izan dion emakumearekin, eta egunen batean bere emaztea izango den neska gazteari eskain diezaiola eskatuko dio. Agertokian, Annina eta Grenvil doktorea ere badaude. Bat-batean, Violetta indar misteriotsu batek suspertuta sentituko da. Jaiki ostean, bizitzen jarraitzeko azken grinak bultzatuta, Alfredoren besoetan hilko da.

 

Luis Gago

Editorea eta El País musika kritikaria da, eta Bonneko Beethoven-Hauseko Ganbera Musika Jaialdia zuzentzen du. Eskuarki, gaztelaniazko azpitituluak prestatzen ditu Royal Opera House, English National Opera eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren Digital Concert Hallerako

Kokapena

Musika Jauregia Euskalduna Bilbo

Iraupena

150

urria 2026

       
       
       
       
ABAO-OLBE
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.