Adriana Lecouvreur
Cilearen operarik ospetsuena, Adriana Lecouvreur, azaroan iritsiko da ABAO Bilbao Operaren koprodukzio berriaren estreinaldiarekin eta Mario Pontiggia eszena-zuzendariak bereizgarri duen ikusgarritasunarekin, eszenografia txundigarri, klasiko eta tradizionala izango baitu, luxuzko jantziak barne.
Ukitu veristekin, istorioa Adrienne Lecouvreur aktore ospetsuaren benetako bizitzan oinarrituta dago eta, bai protagonista bai Bouillongo printzesa Maurizio gaztearekin maiteminduta egonik, lehenaren pasioa eta bigarrenaren jeloskortasuna aurrez aurre jartzen ditu. Ahotsak nabarmentzeko opera honetan, Maria Agrestak pertsonaia nagusia antzeztuko du, diva hutsa; Silvia Tro Santafék eta Jorge de Leónek maitasun-hirukotea osatuko dute; eta Carlos Álvarez Machonnet izango da. Pasio, azpijoko politiko, jeloskortasun eta gurutzatutako maitasun sutsuz osatutako istorioa, ezinbestean tragedian amaituko dena.
Marco Armiliatok, egungo musika-zuzendari paregabeenetakoa eta munduko antzoki nagusietan gonbidatua denak, indar dramatikoz, edertasun melodikoz eta aparteko orkestrazioz osatutako partitura zuzenduko ditu, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren buru.
Ekitaldia I
Comédie Françaiseko areto berdea, 1730. urtearen hasieran.
Aktoreetako lau buru-belarri prestatzen ari dira gaueko emanaldi bikoitzerako: Bajazet tragedia, Racinerena, eta. Les Follies amoureuses komedia, Regnardenena. Beren artean eztabaidatzeaz gain, Michonnet eszena-zuzendariari aginduak oihukatzen dizkiote etengabe. Bouillongo printzea sartu da, Mlle. Duclosen babesle zaharra, Adriana Lecouvreurren arerio nagusiarena, hain zuzen ere, atzetik bere isilmandatari fidela duela, Chazeuilgo abadea. Antzokia jendez gainezka dagoela diote, bi protagonistak, Duclos eta Lecouvreur, emanaldi berean ikusteko. Adriana obrako bere bakarrizketetako bat entseatzen ari dela sartu, eta berari buruzko konplimenduak gehiegizkoak direla dio, bera arteen zerbitzaria besterik ez delako. Jarraian, inork espero gabe, Michonnet goraipatuko du, bere benetako adiskide eta aholkulari zintzo bakarra dela adieraziz. Printzeak bere maitaleaz galdetuta, Mlle. Duclosez, Michonnetek diotso bere kamerinoan dagoela ohar bat idazten. Printze jeloskorrak abadea bidaliko du oharrak zer dioen ikertzera, eta, beharrezkoa izanez gero, eroskeriaz bali dadila aginduko dio.
Une batez, Adriana eta Michonnet bakarrik geratu dira. Michonnet lotsatiegia denez maite duela aitortzeko, herentzia bat jaso duela eta ezkontzea pentsatzen ari dela diotso. Adrianari ideia ona iruditzen zaiola dirudienez, berarekin ezkontzeko proposamena egitea erabakiko du, baina emakumeak aitortuko dio, bat-batean, Maurizio soldadu gaztearekin maiteminduta dagoela, bere ustez (uste okerra) Saxeko kondearen zerbitzura dagoenarekin. Michonneten lotsa Mauriziok etengo du, une horretan azalduko baita. Adrianak ibilbide militarrean gora egiteko dituen aukerei buruz galdetuko dio, baina soldaduak ez dio erantzun zehatzik emango. Ezin dute hitz egiten jarraitu, aktoreak eszenatokira atera behar duelako. Emanaldiaren ondoren berriz elkartzea onartu, eta bioleta-sorta bat emango dio oroigarri.
Printzea eta abadea Mlle. Duclosen gutunarekin itzuli dira; haren neskamea erosiz eskuratu dute. Idazkian, gonbidapena egin dio beste jaun bati gau horretan bertan berarekin biltzeko printzearekin elkartu ohi den etxean. Printzeak Maurizio izan behar duela ondorioztatuko du, eta topaketa erromantikoa izango dela. Orduan, mendeku hartzea erabakiko du: emanaldia bukatutakoan aktore guztiak bere etxean afaltzera gonbidatuko ditu, Maurizio eta Mlle. Duclos elkarrekin harrapa ditzaten. Printzeak eta abadeak eskutitza emango diote Mauriziori, zeina antzokiko palko batean eserita dagoen. Michonnet, bastidore artean bere Adriana maitearen antzezpena ikusi ahal izateko moduan jarrita, hark Roxane antzezteko behar duen “attrezzoko” gutunaz gogoratu da bat-batean. Maurizio Duclosen oharra eskuan duela sartuko da, bere anbizio politikoak sustatzeko bilerak Adrianarekin elkartzea eragotziko diolako haserre. Orduan, “attrezoko” eskutitza mahai gainean ikusita, orria erabat zuri, ideia bikaina bururatuko zaio: oharra idatziko dio Adrianari gauean ezingo duela berarekin elkartu jakinarazteko. Gutuna, orain Maurizioren mezua daramana, aktoreetako batek hartuko du agertokian Adrianari emateko. Haren erreakzioa, antzeztu bitartean irakurtzen duenean, bere aktore-dohain liluragarriaren beste erakustaldi bat irudituko zaie bai Michonneti bai ikusleei. Oholtzatik irten ondoren, nabarmenki asaldatuta, printzeak gauerdian bere etxean afaltzera gonbidatuko du, konpainiako gainerako kideekin batera.
Ekitaldia II
Gela bat Sena ibaiaren ondoko etxe batean.
Bouillongo printzesa Maurizio, ezkutuan maite duen gizona, noiz iritsiko zain dago irrikatsu. Agertzen denean, antzokitik ateratakoan jarraitu egin diotela esanez azalduko dio atzerapena. Susmoa duenez, printzesak paparrean itsatsita daraman bioleta-sorta seinalatuko dio, baina Mauriziok, maltzurki, oparitu egingo dio, gezurra esanez propio ekarri diola adierazita. Printzesak jakinaraziko dio erregina gero eta konbentzituago duela bere helburuaren alde egiteko, baina, aldi berean, Parisen etsai ahaltsuak dituela ohartaraziko dio. Mauriziok Paristik alde egingo duela diotsonean, errieta egingo dio ez duelako bera maite. Gizonak, Adriana aipatu nahi izan gabe, bere adiskidetasuna eskainiko dio, baina printzesak diotso adiskidetasuna, pasioaren txingar beroen aldean, errautsak besterik ez dela. Une horretan iritsita, printzeak printzesaren amorrazio jeloskorretik salbatuko du Maurizio, eta emakumea barneko gela batean ezkutatuko da. Printzea eta abadea sartzen direnean, iseka egingo diote Mauriziori bere maitalearekin harrapatu dutelako, ustez Mlle. Duclosekin; horregatik harrituko dira soldaduak nahiko bortizki erreakzionatzean. Printzea egoeraz barrezka dago, bere esanetan Duclosekin nazkatzen hasita baitzegoen, eta bere bedeinkazioarekin harekin geratzera gonbidatuko du. Orduan, Adriana helduko da eta Mauzirio, benetan, Saxeko kondea dela jakingo du. Bakarrik geratzen direnean, Adrianak eta Mauriziok elkar maite dutela adieraziko dute. Bat-batean, Michonnet azalduko da zoroen pare Duclosen bila, eskaini berri dioten pertsonaia bati buruz hitz egin behar diolako. Lotsatuta, barruan dagoen emakumea ez dela Duclos esanez itzuliko da, baizik eta beste emakume bat, iluntasunean ezagutu ezin izan duena.
Mauriziok hitzemanaraziko dio Adrianari abadeak ezkutatuta dagoen emakume misteriotsua nor den jakitea galaraziko duela, eta arrazoi politikoengatik ezagutu duela esango dio. Adrianak sinetsi, gainerakoek alde egindakoan gelako kandelak itzali, eta ezezagunaren ihesa prestatzen hasiko da. Baina, lehenago, iluntasunean batak bestea nor den jakin ez arren, eztabaida latza izango dute Maurizioren maitasunagatik, etsaiak direlako horretan. Morroiak zuziekin agertzen direnean, Adrianak arriskatzea eta gela argizta dezatela eskatzea erabakiko du. Bueltatzen denean, emakumeak ate sekretu batetik ihes egin duela ikusiko du. “Koldarra!” dio garrasika, erabat zapuztuta. Baina ihes egiteko presaren presaz, printzesari bere diamantezko besokoa erori zaio lurrera; geroago, Michonnetek Adrianari emango dio.
Ekitaldia III
Dantza-areto bat Bouillongo printzearen etxean.
Morroiak ongietorria prestatzeko lanak egiten ari dira, abadeak errieta egiten dien bitartean. Printzesak bere aurkaria nor den jakiteko irrikan jarraitzen du; aldi berean, larrituta dago, Maurizio bere zorren erruz espetxean sartu dutelako. Abadearen hitz polit lausengariek ere ezin dute distraitu. Bere senarra, printzea, hauts zurixka batez betetako ontzi txiki batekin azalduko da; gobernuak hautsaren analisi kimikoa egiteko eskatu dio. Printzesak, une batez hauts hilgarriaren gaineko interesa agertuta, zein propietate kaltegarri dituen galdetuko dio senarrari. Etorritako gonbidatuen artean, Adriana dago, eta haren ahotsa entzun bezain laster printzesa bere etsaia dela konturatuko da. Maurizio duelu batean zauritu dutela iragartzen duenean, bere susmoa berretsiko du, Adrianak konortea galduko baitu, baina Maurizio bera agertzen denean berehala itzuliko da bere onera. Soldadua printzesarengana doa berehala eskerrak ematera, hark lortu duelakoan espetxetik atera dezaten (hala izan ez arren). Printzeak besterik esatea eragotzi eta Mittauri egindako bere eraso militarraren istorioa berriz kontatzeko eskatuko dio; Mauriziok harrotasunez ekarriko du gogora, gonbidatuen gozamenerako.
Jarraian, “Parisko epaiketa” balleta dantzatuko da, eta, ondoren, Adrianak eta printzesak Maurizioren maitalearen nortasunari buruzko asmamen-borroka saminari ekingo diote. Printzesak, maltzurkeriaz, bioleta-sorta bat aipatuko du, eta Adrianak, ostera, ihesaldian galdutako besoko bat; hori dela eta, printzesaren deserosotasuna eta lotsa nabariak izango dira, eta egoera are amorragarriagoa bilakatuko da printzeak, berari begira, bertaratutako guztien aurrean bere emaztearen eskumuturrekoa dela dioenean. Orduan, Adrianak are gehiago irainduko bere aurkaria: gonbidatuentzat zerbait antzez dezala eskatzen diotenean, Fedra obrako bakarrizketa bat errezitatuko du, non pertsonaia horri bere fideltasunik eza aurpegiratzen zaion eta laster barru senarrarekin berriz elkartu beharrak eragiten dion izua adierazten den. Gonbidatuek haren antzezpen kartsua txalotu bitartean, printzesak mendeku hartuko duela zin egingo du.
Ekitaldia IV
Adrianaren etxeko gela bat, 1730eko martxoaren 30ean.
Etsita eta atsekabetuta, Adrianak antzerkigintza uztea erabaki du. Michonnet bisitan joango zaio, eta neskameak oraindik lotan dagoela esaten dionean, ohar bat idatziko du eta neskameari emango dio, Mauriziori lehenbailehen helaraz diezaion. Adriana agertzen denean, hura kontsolatzen ahaleginduko da, baina ez du lortuko. Comédieko kideak etorriko zaizkio etxera, opariekin –bere santu-eguna du–, eta antzokira itzultzeko erregutuko diote. Michonnetek ere bere oparia emango dio: Maurizioren askatasuna ordaintzeko bahituran emana zuen lepokoa. Adriana zertxobait alaiago dagoenean, neskameak beste opari bat ekarriko dio: belusezko kutxa txiki bat da, barruan “Maurizioren partetik” mezu xumea dakarrena. Michonnetek, Adriana bakarrik utzi nahian, beste gela batera eramango ditu aktoreak zerbait edatera, Maurizio edozein unetan agertuko dela jakitun. Adrianak kutxa irekitzean, bere maitaleari gau hartan antzokian oparitu zion bioleta-sorta zimeldua besterik ez du topatuko. Hasieran, loreen kiratsagatik aztoratuta, estututa agertuko da Mauziriok irain gehiago erantsi dizkiolako kalteari. Michonnet emakumea kontsolatzen saiatuko da, esanez hori ez duela Mauziriozk egin, baizik eta emakumezko arerio batek. Maurizio korrika sartuko da Adrianari barka diezaiola eskatzeko, eta txutxu-mutxu maltzurren erruz urrundu direla bata bestearengandik azalduko dio. Adriana mesfidati dago, baina Mauriziok azkenik berarekin ezkontzeko eskatzen dionean, baietz esango dio. Bere zoriona espasmo mingarriek etengo dute, zeinak hark bidalitako loreen kiratsari egotziko dizkion. Mauriziok dio ez dituela berak bidali. Kutxa aztertzean, printzesak bidali dituela ohartuko da, bioletak senarraren hauts pozoitsuaz busti ondoren. Adriana deliratzen hasi da, Maurizio eta Michonnet zeharo ikaratuta daude. Hilzorian dagoela jakinik, salba dezatela erregutuko die, Maurizioren ondoan azkenean zoriona aurkitu ahal izateko. Beranduegi da. Berriro deliratzen hasita eta agertokira itzuli dela uste izanda, bere espiritua urrutiko argi misteriotsu baterantz hegan doala adieraziko du. Ondoren, bere maitale eta lagun leial bakarraren besoetan hilko da.