walkure_425x480_T75
OPERA / R. Wagner

Die Walküre

Drama musical

  1. ekitaldia

Orkestra-preludioak ekaitz bortitza deskribatzen du. Oihala altxatu eta Hundingen txabolaren barrualdea ikusten denean hasiko da baretzen. Siegmund sartu eta, akituta, hartz-larru baten gainean etzango da; hortxe aurkituko du Sieglindek, Hundingen emazteak. Ura ekarriko dio eta Siegmundek, emakumearen aurpegiarekin liluratuta, non dagoen galdetuko dio. “Etxe hau eta andre hau Hundingenak dira”, erantzungo dio. Senarrak ez du zertan beldurrik izan, diotso gizonak, bera armarik gabe eta zaurituta baitago. Sieglindek zauriak erakusteko eskatuko dio irrikaz, baina Siegmundek ez izutzeko esango dio. Izan ere, gorputz sendoa du, eta bere lantza eta ezkutua bera bezain gogorrak izan balira, ez zukeen etsaiengandik ihes egin beharko. Baina bere armak suntsitu, eta atzetik joan zitzaizkion.

Sieglindek adar bat ezti-ur ekarri dio, eta edan bitartean emakumeak gero eta gehiago erakartzen duela darabil gogoan Siegmundek. Baina hari zoritxarra ekarriko ote dion beldurrez, berehala alde egiteko asmoa du. “Nor dira zure jazarleak?” galdetuko dio Sieglindek. “Zorigaitza nonahi daukat atzetik”, erantzungo dio Siegmundek, aterantz doala. “Orduan, gera zaitez hemen”, diotso emakumeak. “Ez duzu zorigaitzik ekarriko dagoeneko badagoen lekura”. Tarte luze batez elkarri begira egongo dira, guztiz hunkituta. Halako batean, Hunding agertuko da eta ezezaguna nor den jakin nahi izango du; emazteak haren egoera latza azaldu ostean, ostatua eskainiko dio, zakarki, kanpotarrari. Sieglinde bi gizonei janaria zerbitzatzen ari dela, Hunding ohartuko da, disgustuz eta susmoz, ezezagunak bere emaztearen antz handia duela. Bertaraino zerk eraman duen galdetuta, Siegmundek erantzungo dio, iheskor, ekaitzek eta premiarik larrienak bultzatu dutela. Nola du izena?, galdetuko dio Hundingek berriro. Sieglindek ere interesa agertzen duenez, Siegmundek dio Wehwalt (Atsekabetua) izena eduki beharko lukeela, eta kontatuko die egun batean aitarekin, Wolferekin, ehizatik itzuli zenean bere etxea erreta aurkitu zuela, ama erailda eta arreba bikia basatiki bahituta; gerora, aitaren arrastoa galduta, beti egon zen gizartearekin gatazkan. Behin ―jarraituko du kontatzen―, maitasunik gabe ezkontzera behartutako emakume gazte bati lagundu nahi izan zion; haren senide basatiak hil zituen, baina lantza eta ezkutua kendu zizkiotenean ezin izan zuen hura babestu. Emakumea bere aurrean hil zen eta berak jendetzatik ihes egin behar izan zuen. Hunding konturatu da bere ahaideak zirela Siegmundek eraso zituen gizonak eta etsaia bere etxean hartzen ari dela. Abegikortasunaren legeek Siegmundi gaua igarotzeko babeslekua ematera behartzen dute, baina goizean bere bizitzaren alde borrokatu beharko da.

Hundingen gaueko edaria prestatzen ari denean, Sieglindek somnifero bat botako dio; gelatik Siegmundi tinko so eginez eta gelaren erdian dagoen lizarraren enborrean puntu bat seinalatuz aterako da. Siegmund, bakarrik dagoela, Sieglindek eragin dion asaldura kartsuaz eta bere babesgabetasun-egoeraz pentsatzen ari da, eta aitak behin egin zion promesaz, hots, premiarik handieneko unean ezpata bat topatuko zuela. Suaren argiak zuhaitzaren enborraren tokia argitzen du, non ezpata baten heldulekua ikusten den egurrean sartuta.

Sieglindek, berriro azaldu denak, kontatuko du Hunding arrotzarekin ezkondu zenean grisez jantzitako gizon ezezagun batek, kapela begi baten gainean okertuta zeramanak, ospakizuna zuhaitzaren enborrean ezpata bat sartuz eten zuela; gizonik indartsuenek ere ezin izan zuten zentimetro bakarra mugitu. Hura sutsuki besarkatuz, Siegmundek dio bai ezpata bai emakumea bereak izango direla: Sieglinde da berak irrikatu izan duen guztia. Bat-batean, ate nagusia parez pare ireki eta udaberriko gau zoragarria ikusiko da, ilargi betea eta guzti. Siegmund udaberriaz eta maitasunaz neba-arrebak balira bezala ari dela, Sieglindek diotso bera dela hainbeste desiratu izan duen udaberria. Ekitaldiaren gainerakoa bien arteko estasizko maitasun-adierazpena da. Gizonak onartuko du Wehwalt dagoeneko ez dela izen egokia berarentzat. Orduan, emakumeak Siegmund (“Garaipenaren Zaindaria”) izendatuko du eta hark, bere izen berriaz eta inolako esfortzurik egin gabe, ezpata zuhaitzetik aterako du, bere maitearen gozamenerako; honek esango dio ezpataz bai arreba bai emaztegaia garaitu dituela. Gogo biziz besarkatuko dute elkar eta oihala, ekoizpen tradizionaletan behintzat, azkartasun itxurosoz jaitsiko da, jarraian pertsonaia biek egingo dutena, erraz asko imajina daitekeena, ikus ez dadin.

 

  1. ekitaldia

Mendi-gailur malkartsu eta harritsu batean, Wotanek aginduko dio bere alabari, Brünnhilderi (obrari izenburua ematen dion walkiria da), Siegmundek Hundingen aurkako borroka irabaz dezala ziurtatzeko. Neska pozik dago bere ahizpa walkirien gerra-garrasiarekin, baina aitari baduela beste borroka bat esku artean ohartaraziko dio: emaztea, Fricka, haserre bizian hurbiltzen ari da ahariek bultzatutako gurdi batean. Brünnhilde desagertu eta Fricka sartuko da, sutan, baina duintasunez. Ezkontzaren zaindaria denez, Hundingek harengana jo du biki volsungarren bikote adulteroa zigor dezan. Wotanek zer egin duten gaizki galdetuko dio: maitasunak lotzen ditu, besterik gabe. Frickak dio ez dituztela beren ezkontza-botoak bete, eta Wotanek erantzungo dio ez diela inolako errespeturik maitasunik gabe ezkontzera behartzen duten botoei.

Frickak bikien arteko intzestu-harremana gaitzetsi, eta jainkoen arrazari batuta eusten dioten balioak ez ote zaizkion axola galdetuko dio. Jainkoek heroi bat behar dute —diotso Wotanek—, beren babesa behar ez duena eta haiek egin ezin dutena egiteko gai dena. “Siegmundek ez badu babesik behar, ken iezaiozu ezpata”, ihardetsiko dio Frickak. Wotanen erantzun errepikakor ahula, hots, Siegmundek ezpata gehien behar zuenean bereganatu zuela, erabat deuseztatuko du Frickaren erantzunak: Wotanek berak sortu zuen Siegmunden beharra ezpata eman zionean. Hitzemanaraziko dio ez berak ez bere alaba walkiriak ez dutela Siegmund babestuko haren hurrengo borrokan. Brünnhilderen gerra-garrasia entzungo da hura hurbildu ahala, eta Wotanek, Frickaren argudioen indarra onartzera behartuta eta erabat etsita, zin egingo du.

Alabarekin bakarrik geratuta, Wotanek bere sumindura eta lotsa askatuko ditu. Brünnhildek berarekin fidatzeko eskatuko dio. Aitak zalantzak ditu, ahuleziaren seinale ez ote den beldur baita. Baina Brünnhildek esaten dionean berarekin hitz egitean Wotan bere borondatearekin hitz egiten ari dela, amore emango du eta bere aparteko kontakizunari ekingo dio: gaztaroko maitasun-plazerak sentitzeari utzi zionean, boterea irrikatzen hasi zen; mundua menderatu bazuen ere, prozesuan hainbat kontratu sinatu behar izan zituen; berriro amodioa desiratzen hasi zenean, Alberichek, ipotx nibelungoak, maitasunari uko egin zion Rhineko urrea eskuratzeko; harekin forjatu zuen eraztuna Wotanek berak lapurtu eta erraldoiak erosteko erabili zuen, Rhineko alabei itzuli beharrean.

Gero, Erda bisitatu zuen, antzinako jakituriaren iturria, lurraren erraietan. Haren sekretuak ikasi zituen eta hura Brünnhilderekin erditu zen, zeina bere zortzi ahizpa walkiriekin batera hazi zen (nahiz eta haiek ez diruditen Erdaren alabak); elkarrekin, bataila-eremuan hildako heroiak jasotzen dituzte, Valhallan Wotan zerbitzatzeko. Wotanek uste du heroi horiek Alberich biltzen ari den gerlariengandik babestuko dutela, eraztuna kosta ahala kosta haren eskuetatik urrun egon behar den arren. Beraz, Wotanek eraztuna berreskuratu nahi du orain, haren egungo jabeari kenduta, Fafner erraldoiari, hain zuzen ere, bere altxorra hobeto babesteko dragoi bihurtu denari. Dena den, Wotanek badaki bere indarrak huts egingo liokeela, Fafnerri erasoko balio, garai batean harekin sinatu zuen kontratuaren ondorioz. Horrexegatik behar du heroi berezi bat, agente aske gisa borrokatu ahal izango dena, baina Wotanek lortu nahi dituen helburu berak betetzeko. “Ez al da Siegmund, volsungarra, heroi hori?”, galdetuko dio Brünnhildek. “Frickak amets-irudi horren bidez ikusi zuen”, diotso Wotanek. Orain, gehien maite duena utzi beharean dago; bere sufrimendu guztia amaitzea besterik ez du nahi. Alberichek seme bat izan duela entzun du: “Nik biziki gorroto dudana heredatuko ahal du”, dio Wotanek saminduraz. Brünnhildek, orain, ez du Siegmund babestu behar hurrengo borrokan, Hunding baizik. Aitari iritzia aldarazten saiatuko bada ere, hark tinko eutsi eta, agindutakoa bete ezean, zigorrik latzena ezarriko diola ohartaraziko dio. Siegmund eta Sieglinde arnasestuka sartuko dira. Emakumeak, erruak torturatuta, utz dezala erregutuko dio gizonari, baina honek bizitzan eragin dioten oinazea Hunding hilez mendekatuko duela zin egingo du. Basoan adarren soinua entzuteaz batera, Sieglindek Hundingen txakurrak Siegmunden haragia jo eta su jaten irudikatu eta konortea galduko du.

Jarraian, tetralogian berebiziko garrantzi duen eszena hau garatuko da: Heriotzaren Iragarpena. Brünnhilde agertu, eta Siegmundi Valhallara berarekin joan behar duela esango dio. Han, Gerraren Aita handia (Wotan) ez ezik, bere aita ere aurkituko du, eta Desioen Dontzeilek zainduko dute. Siegmundek, bere arreba eta emaztea berarekin eraman ezin dituela jakiten duenean, Valhallara ez joatea erabakiko du. Brünhildek diotso bere patua aldaezina dela. Neska larrituta dago gizonak Sieglinderekiko sentitzen duen debozio nabarmenagatik, eta hiltzeko mehatxua egiten dionean ere, harengandik aldendu beharrean amore eman eta Siegmund babestuko duela hitzemango du, Wotanen aginduaren kontra. Siegmund maitekiro hurbilduko zaio Sieglinderi, lo dagoenari. Hundingen adarra entzungo da eta, ondorengo borrokan, Brünnhilde Siegmund babesten ahaleginduko da bere ezkutuarekin, baina Wotan azalduko da eta bere lantzaz Siegmunden ezpata hautsiko du. Hundingek Siegmund hilko du, eta Wotanek, berriz, Hunding, sumindura garratzeko keinu batez. Jarraian, Wotan Brünnhilderen bila abiatuko da.

 

III. ekitaldia

Walkirien Preludioan eta Kabalkadan, dontzeila gerlariak mendi-tontor harritsu batean bilduta daude heroiak Valhallarako jasotzeko. Brünnhilde falta dela konturatuko dira, baina azkenean bere zaltokian, heroi bat barik, emakume bat dakarrela gerturatzen ikusiko dute. Brünnhildek erregutuko die ahizpei bai bera bai Sieglinde –bataila-eremutik erreskatatu duena– Wotanen amorraziotik babesteko. Alta, haietako bat ere ez da ausartzen ahizpari laguntzera. Sieglindek dio hil egin nahi duela, baina sabelean volsungar bat daramala esaten diotenean, Brünnhilderi babes dezala eskatuko dio. Basora ihes egiteko esan, eta Siegmunden ezpataren puskak emango dizkiote, bere semeak egunen batean arma berri bat egiteko erabil ditzan.

Orduan, Wotan agertuko da, sutan, eta walkiriak Brünnhilde haren suminduratik babesten saiatuko dira. Aitak alabaren nortasun ahula gutxietsi, eta walkiriei beren ahizparen desleialtasun eta desobedientziako “delituaren” berri emango die. Brünnhilde bere zigorra jasotzeko agertzen denean, jada ezin dela walkiria bat izan jakinaraziko dio, bai eta, gainera, mendi-tontorrean loaldian konfinatuta geratuko dela ere, aurkitzen duen lehen gizonaren mende. Walkiriek zeharo izututa protestatuko badute ere, azkenean banandu eta sakabanatu egingo dira, ahizpari laguntzera ausartuz gero zigor bera jasotzeko mehatxupean.

Wotanekin bakarrik dagoela, Brünnhildek alaba kutunarekin errukitsua izan dadila erregutuko dio, eta kontatuko dio volsungarrak bihotza hunkitu ziola eta hura babestea erabaki zuela, jakinaren gainean horixe zela Wotanen desirarik barnekoena. Gizona, alabaren erreguei entzungor eginda, haserretu egingo da volsungarrak gogoratzean. Bere asmoa da alaba harkaitzean etzanda uztea, topatzen duen lehen gizonak beretzat har dezan. Brünnhildek eskatuko dio batasun doilorraren zorigaitza, behintzat, saihets diezaiola: gizon guztiak uxatuko dituen suzko zirkulu batek ingura dezala, gizon guztiak heroirik ausartena izan ezik. Erabat hunkituta, aitak alaba lurretik altxatu eta besarkatu egingo du. Haren begi distiratsuen inspirazioari buruz kartsuki abestu eta, Brünnhilde harkaitz baten gainean etzan ondoren, musu emango die ixteko. Jarraian, Logeri deitu eta harkaitzaren inguruan sua non piztu behar duen adieraziko dio bere lantzaz. Wotanek atsekabetuta alde egingo du.

Kokapena

Musika Jauregia Euskalduna Bilbo

Iraupena

240Drama musical

urtarrila 2027

       
       
       
       
ABAO-OLBE
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.