Bazkideen Batzarrak 75. Denboraldiko kudeaketa eta aurrekontua onartu ditu

ABAO_75

ABAO Bilbao Operak 2025-2026 denboraldiko kontuak eta 2026-2027ko 75. Opera-denboraldi historikorako 9,3 milioi euroko aurrekontua onartu ditu. Elkartearen Ohiko Batzar Nagusiak botoen % 98rekin babestu ditu Zuzendaritza-batzordearen kudeaketa, urteko kontuak eta datorren ekitaldirako jarduketa-ildoak.

Batzarrean, Juan Carlos Matellanes elkarteko presidenteak 2025-2026 denboraldiko balantze ekonomikoa aurkeztu zuen: ekitaldia 8,1 milioi euroko diru-sarrerekin eta 8,2 milioiko gastuekin amaitu zen, hasierako aurrekontua, 8,4 milioikoa izanik. Hortaz, 68.000 euroko emaitza negatiboa izan du.

Arlo artistikoan, denboraldiak 45.458 ikusle bildu zituen programatutako 41 opera-emanaldietan, eta batez besteko okupazioa % 70ekoa izan zen. Elkarteak 3.060 bazkiderekin amaitu zuen ekitaldia, eta autofinantzatzeko gaitasun handiari eutsi zion, bere baliabideen % 65 inguru beraren diru-sarreretatik baitatoz.

Halaber, Batzarrak 2026-2027 denboraldirako jarduketa-plana onartu zuen. Denboraldi horrek 75. Opera-denboraldiarekin eta ABAO Bilbao Operaren 75. urteurrenaren ospakizunarekin bat egingo du, eta 9,3 milioi euroko aurrekontuak programazio hau garatzea ahalbidetuko du: bost opera Euskalduna Bilbaon, ABAO Txikiko lau ikuskizun Arriaga Antzokian eta errezital bat Elkarte Filarmonikoan, baita kultura-, hezkuntza- eta gizarte-jarduera zabala eta 75. urteurrena ospatzeko beste ekitaldi batzuk ere.

Aurreikusitako ekimenetako batzuk dira «El ABC de la ópera» hitzaldi-zikloa, jarduera didaktikoak ikastetxeetan, gazteentzako Gazteam programa, kolaborazioak EITBrekin, «Concierto Desorden» podcasta eta «Ópera y +» proiektua Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean.