ABAO Bilbao Operak eta Donostiako Orfeoiak opera Gipuzkoara hurbilduko dute

Sede_orfeon_donostiarra

Ekimenaren barruan, sei dibulgazio-topaketa egingo dira, 2026ko irailaren eta 2027ko maiatzaren artean, Orfeoiaren egoitzan.

ABAO Bilbao Operak eta Donostiako Orfeoiak hitzaldi-ziklo bat antolatu dute publiko orokorrarentzat, operaren mundua Gipuzkoako bazkide, zale eta interesdunei hurbiltzeko. Saioak Orfeoiaren egoitzan egingo dira, eta datorren opera-denboraldiko operei buruzko begirada dibulgatzaile, didaktiko eta entretenigarria eskainiko dute.

Programa irailaren 21ean hasiko da, behin-behineko izenburua «Zer ezkutatzen da oihalaren atzean?» duen atariko hitzaldiaz. Lehen topaketa horretan, ABAOren jardueraren berri emango da, eta entzuleei operaren sorkuntzaren eta ekoizpenaren nondik norakoak azalduko zaizkie.

Egun horretatik aurrera, hitzaldiak denboraldian programatutako operen gainekoak izango dira, eta haietako bakoitza ulertzeko funtsezko jakingarriak, testuinguru historikoa eta musikari dagozkion alderdiak azalduko zaizkie hala dagoeneko zale direnei nola operaren genero artistikora lehen aldiz gerturatuko direnei.

Aurreikusitako egutegiak honako hitzordu hauek ditu:

2026ko irailak 21: Zer ezkutatzen da oihalaren atzean?

2026ko urriak 15: La traviata.

2026ko azaroak 16: Il barbiere di Siviglia.

2027ko urtarrilak 18: Die Walküre.

2027ko otsailak 15: Roberto Devereux.

2027ko maiatzak 17: Manon Lescaut.

Lankidetza honen bidez, ABAO Bilbao Operak eta Donostiako Orfeoiak berretsi egin dute Euskadin kultura zabaltzeko eta opera sustatzeko duten konpromisoa. Ekimenaren helburua ikusleen esperientzia aberastea da, bai eta komunitate gero eta gertukoagoa eta musikarekin eta kulturarekin konprometitua sortzen laguntzea ere.