ABAOk eta Deustuk unibertsitateko komunitateari hurbilduko diote opera

ABAO Bilbao Opera. Acuerdo Universidad de Deusto_1 ©U. Deusto

ABAO Bilbao Operak eta Deustuko Unibertsitateak beren lankidetza berritu eta hedatu dute, abantaila esklusiboen, kultur esperientzien, eta prestakuntza- eta dibulgazio-ekimen berrien bidez opera unibertsitateko komunitateari hurbiltzeko hitzarmena izenpetuz. Akordioa DeustoBide – Herritartasun Eskolako ikasleentzat, unibertsitate-langileentzat eta parte-hartzaileentzat izango da onuragarria.

Hitzarmena Juan Carlos Matellanes ABAO Bilbao Operako presidenteak eta Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak sinatu dute, eta biek ere esparru akademikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko loturak indartzearen garrantzia azpimarratu dute.

Nobedade nagusien artean, ABAOk baldintza bereziak eskainiko ditu Deustuko Unibertsitateko ikasle eta langileak ABAO Bilbao Operaren 75. denboraldiko emanaldietara joan ahal izateko, bazkide-abonamenduetan zein banakako sarreretan deskontuak eginez. Aldi berean, Deustuko Unibertsitateak berariazko abantailak emango ditu ABAOko bazkideek DeustoBidek sustatutako prestakuntza-jardueretan parte har dezaten.

Hitzarmenari esker, halaber, «Arteez gozatu» programako partaideek esperientzia esklusiboak bizi ahal izango dituzte, eta urtean behin denboraldiko ekoizpen baten backstage-a bisitatzeko aukera izango dute. Horrela, opera-emanaldi baten atzeko lan artistiko eta teknikoa bertatik bertara ezagutu ahal izango dute. 

Ikuskizunetara joateko aukeraz gain, akordioak badu hezkuntza-alderdi garrantzitsua. ABAOk bidea emango du artistek, musikariek, ekoizpen-profesionalek eta sektoreko beste espezialista batzuek unibertsitatearen jarduera akademikoetan eta ekitaldi instituzionaletan parte hartzeko. Gainera, bi erakundeek hitzaldiak, tailerrak eta opera publiko berriei gerturatzeko bestelako dibulgazio-ekintzak sustatuko dituzte batera.

Lan-ildo horrek badu aurrekaria «El ABC de la ópera» ekimenean, ezagutza artistikoa kultur esperientziarekin lotzen duen zikloan, hain zuzen ere, zeina dagoeneko ikasteko eta elkartzeko gune gisa finkatuta dagoen. Haren barruko jarduerak garatzeko, Deustuko Unibertsitateak bere azpiegiturak, eremuak eta komunikazio instituzionaleko kanalak jarriko ditu eskuragarri.

Hitzarmena sinatuta, erakunde biek hamabost urtetik gorako lankidetza jorratzen jarraituko dute. Denbora horretan guztian, DeustoBideren «Arteez gozatu» programak ekarpen handia egin du ikasle seniorren belaunaldi ugariren prestakuntzan, ABAO Bilbao Operaren opera-denboraldia ulertzen eta gozatzen lagunduz.

Akordio honekin, ABAO Bilbao Operak eta Deustuko Unibertsitateak indartu egin dute kultura esperientzia eskuragarriagoa, partizipatiboagoa eta prestakuntzarekin lotua bihurtzeko egiten duten apustua, eta opera ezagutzaren eta arte eszenikoen arteko topagune gisa finkatu dute.