Tutto Verdi
Sari hauek garai guztietako konpositorerik apartenetako bat, Giuseppe Verdi, eta haren obra aldarrikatzeko 2006an sortu zen paregabeko proiektuaren nazioarteko proiekzioa bultzatzen dute. Programak, 16 urtean garatu denak, 30 opera, 124 emanaldi, 13 estreinaldi, produkzio berriak eta koprodukzioak ekarri ditu Bilbora, hamar «Verdi Asteak», hainbat diziplinatako 56 hizlariren parte-hartzearekin, baita liburuak, grabazioak, sariak eta aitorpenak ere.
Sariak, zortzi kategoriatan banatuak, ABAO Bilbao Opera Tutto Verdi proiektua garatzeko eta gauzatzeko ekarpen esanguratsua egin duten pertsonei eta erakundeei ematen zaizkie, omenaldia egiteko eta eskerrak emateko asmoz.
Erakunde Onenaren Saria
BBVA FUNDAZIOA
Bikaintasunaren bilaketan duen ezaugarri bereizgarriagatik, eta bai ezagutza zientifikoa bai kulturala sustatzeagatik. Musikaren eta operaren alde egiteagatik, Ezagutzaren Mugak sariketan berezko kategoria izanik. ABAO Bilbao Operaren eta, bereziki, Tutto Verdi proiektuaren barruko jardueretan hamazazpi urtez etenik gabe eta irmotasunez laguntzeagatik, babesle nagusi gisa.
Abeslari-ibilbide Profesionalaren Saria
Leo Nucci
Munduko agertokirik garrantzitsuenetan egindako ibilbide luzeagatik eta ABAO Bilbao Operaren denboraldietan egindako antzezpen beti arrakastatsuengatik, zeinen artean Tutto Verdi proiektuaren barruan 2013ko urrian eskainitako Rigoletto ahaztezina nabarmentzen den: ikusleek “Si, vendetta” bi aldiz abesteko eskatu zuten emanaldi guztietan.
Eszena-zuzendaritzako Ibilbide Profesionalaren Saria
Pier Luigi Pizzi
Bere ekoizpenen edertasunaren bidez operari egindako ekarpen ikaragarriagatik; izan ere, lan horiengatik gure garaiko eszena-zuzendari, eszenografo eta jantzi-diseinatzaile garrantzitsuenetakoa da. Bere sorkuntza ospetsuenetako batzuk ABAO Bilbao Operan ikusi izan dira, Tutto Verdi proiektuaren barruan eta kanpoan.
Emakumezko Ahots Onenaren Saria
Daniela Barcelona
ABAO Bilbao Operan Tutto Verdi proiektuaren barruan ikusitako lehen Don Carlos-en Eboliko Printzesa modu ahaztezinean antzezteagatik.
Gizonezko Ahots Onenaren Saria
Juan Jesús Rodríguez
Tutto Verdi proiektuaren barruan parte hartu duen bakoitzean izandako arrakasta nabarmenagatik eta munduko baritono verdiar garrantzitsuenetakoa izateagatik.
Musika-zuzendaritza Onenaren Saria
Riccardo Frizza
Bere moldakortasunagatik, Italiako opera-errepertorioaren eta, bereziki, Verdiren partituren azterketa eta ezagutzagatik; horregatik da, hain zuzen ere, egungo orkestra-zuzendari eskatuenetakoa.
Eszena-zuzendaritza Onenaren Saria
Emilio Sagi
Bere sormen bikainagatik, sen estetikoagatik eta gizartea islatzeko gaitasunagatik, bai eta tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka ezin hobea lortzeagatik ere, zeina Bilbon 2006an estreinatutako Rigoletto-ren ekoizpenean, gerora nazioarteko eszenatoki askotan berriz antzeztuan, ederki islatu zuen.
Sari Berezia
Bilboko Opera Korua
Azken 30 urteetan ABAO Bilbao Operarekin izandako konpromisoagatik, bera eta bere bikaintasun artistikorik gabe ezinezkoa izango zelako Tutto Verdi proiektua gauzatzea, programako opera guztietan parte hartu baitu. Eta, oso bereziki, 2022ko Tutto Verdi Kontzertuan Nabucco operako «Va, pensiero» abestuz eskainitako emanaldi bikainean.
Lagundu ABAOORI
Parte hartu gure babes- eta mezenasgo-programetan, eta lotu zure enpresa gure balioekin.