AURKEZPENA

Jenio italiarraren operarik unibertsalenetakoa eta bere lanik gogokoenetakoa, nazioarteko aitorpena ekarri zion, eta, 1851n estreinatu zenetik, etengabe antzeztu izan da antzokietan. Indar ukaezineko bidaia dramatiko hau, hiru ekitalditan banatua, pasioz, engainuz, aita-alabaren arteko maitasunaz eta mendekuz gainezka, Victor Hugoren ‘Le Roi s’amuse’ antzezlanean oinarrituta dago. Istorioak bufoi batek bere bizitzako edertasun- eta gaiztakeria-elementu kontrajarriak orekatzeko bizi duen borroka kontatzen du. Obra unibertsala da, oso-oso ezaguna, oraindik ere publiko guztien gustukoenetakoa.

Bufoi gizajoa, alabari zerbait txarra gerta dakiokeelako izututa bizi dena, Amartuvshin Enkhbat baritonoak antzeztuko du, Bilboko denboraldian debuta egingo duenak. Sabina Puértolasek Gilda setatia gorpuztuko du, Dukearenganako pasioa ala aitarenganako maitasuna hautatu ezinean dabilena. Aparteko soprano honek indar dramatiko handiko une eta eszenak kantatuko ditu. Hirukote protagonista Ismael Jordi tenor jereztarrak osatuko du, Duca di Mantua promiskuoaren larruan, eta, besteak beste, lirikaren munduko melodiarik ezagunenetakoa abestuko duen: ‘La donna è mobile’.

Daniel Oren maisu entzutetsua, joandako denboraldietan ezin hobeto lan egiten dakiela erakutsi izan duena, musika-zuzendaritzaz arduratu, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa doinu ederrez jositako partiturari musika jartzeko zuzenduko du.

Eszena-zuzendaritzan, Miguel del Arco zuzendari polifazetikoa. Antzerki- eta zinema-zuzendari, aktore eta antzerkigile honek hainbat Max sari jaso ditu, eta hala pertsonaien nortasuna nola eszenetako giroak estilo modernoz agertzeko duen ausardiagatik nabarmentzen da. Oraingoan, estetika garaikidez eratutako eszenaratze eraginkorra dakar istorioaren korapiloa azaltzeko, non otsoek eta scort-ek giza izaeraren, sexuaren, indarkeriaren, maitasunaren edo gorrotoaren adierazpenak irudikatuko dituzten. Unerik bizienak proiekzio espresionisten bidez nabarmenduko dira.

Póxima Representación:
Kokapena:
Euskalduna Bilbaori
Nola lortu?
Iraupena:
3h 10min
Egutegia:
L M X J V S D

JARDUERAK

RIGOLETTO 16 otsailak'24 18:30 Universidad de Deusto

Hizlaria:

Rubén Amón.

Kazetaria eta idazlea da, eta El Confidencial egunkari digitalean egiten du lan. Orobat, zenbait irratitan eta ikus-entzunezko hedabidetan parte hartu ohi du, hala nola, Onda Ceron, Antena 3en eta La Sextan. Liburu batzuk argitaratu ditu, zeinetan gai ezberdinak jorratzen dituen, esate baterako, Los secretos del Prado (Temas de Hoy, 1997 -Madrilgo museoari buruzko ikerketa egiten du bertan-), Plácido Domingo: Un coloso en el teatro del mundo (Planeta, 2012 -tenore ospetsuaren biografia da-) edo El triunvirato: Carreras, Domingo y Pavarotti, cuando la ópera llena estadios (Temas de Hoy, 1996). Sangre, poesía y pasión: Dos siglos de música, ruido y silencio en el Teatro Real (Alianza Editorial 2018).