| 2011ko apirilaren 09, 20:00-etan | ||||
| 2011ko apirilaren 12, 20:00-etan | ||||
| 2011ko apirilaren 15, 20:00-etan | ||||
| 2011ko apirilaren 18, 20:00-etan | ||||
|
||||
Eugene Onegin
Kokapena: Errusia, 1820
I. EKITALDIA
I. Eszena: Bere etxaldeko lorategian, alabak abesten entzuten dituen bitartean, Madame Larinak bere lehen amodioen garaiak gogoratzen ditu, hirian bizi, Richardsonen eleberriak irakurri eta bere senarra izango zena baino ofizial gazte bat maiteago zuenekoak. Baina berari galdetu gabe ezkondu zuten eta senarrak bere etxaldera eraman zuen; bertan, bestelako bizimodura ohitu zen. Nekazari talde batek azao bat eskaintzen dio. Berak abesti alai bat abesteko eskatzen die, eta abesti pikaresko eta dantza bat oparitzen dizkiote. Tatiana beste garai eta leku batzuetara eramana sentitzen da, Olgak errealistagoa dela erakusten duen bitartean. Tatiana, irakurketek liluratuta, hunkitu egiten da. Amak liburuetan ez galtzea aholkatzen dio. Lenski iristen da, Oneginekin batera, eta andreak agurtzen dituzte. Madame Larinak lorategiaz gozatzera gonbidatzen ditu, alabek entretenitu egiten dituzten bitartean. Laurak galtzen dira euren gogoetetan: Tatianak bat-bateko maitemina sentitzen du Onegin ikusi bezain laster; Olga aurreikusten dituen txutxu-mutxuekin pozten da; Lenskik uste du ez dela Oneginen hain ezberdina. Apur batean bere kolkorako hitz egin ondoren, neskaren izaera ameslariaz ohartzen da. Bestalde, Lenskik gartsu adierazten du haurtzarotik laguna duen Olgagatik sentitzen duen maitasuna. Madame Larinak eta inude zaharrak etxean zerbait hartzera gonbidatzen dituzte. Filipievnak kezkati behatzen ditu Tatiana eta Onegin pasieran.
II. Eszena: Gauez Tatianak ezin du begirik bildu eta inudeari bere amodiozko istorioa konta diezaiola eskatzen dio. Baina Filipievnak bere ezkontza goiztiarra baino ezin du kontatu. Tatianak ez du lortzen istorioari arreta jartzea eta azkenean aitortzen du maitemindu egin dela. Papera eta luma eskatu eta Onegini amodiozko gutun luze bat idazteari ekiten dio, goizaldean bukatzen dena. Inudeari eskatzen dio Onegini gutuna eman diezaion bere biloba bidali dezala.
III. Eszena: Madame Larinaren etxeko lorategian neska talde bat ari da kantuan. Bukatzen dutenean Onegin agertzen da Tatianarekin hitz egiteko, eta hau beldur da berari barre egingo ote dion. Baina Oneginek serio hartu du gutuna, nahiz eta bere erantzuna ez izan Tatianak entzun nahiko lukeena: esaten dio ez dela ezkontzeko gai, ezkontza batek beragatik duen amodioa iraungiko lukeela eta Tatianak, maitemindutako hainbeste gaztek bezala, iritzia alda lezakeela. Urrunetik berriz entzuten da nesken abestia.
II. EKITALDIA
I. Eszena: Madame Larinaren dantza aretoan gonbidatuak pozik daude giroarekin eta musika banda militarrarekin. Oneginek Tatianarekin dantza egiten du, eta ugaldu egiten dira Oneginen izaerari buruzko komentarioak, batere onak ez direnak. Lenskiren mendeku hartzeko, Oneginek Olga gorteiatzea erabakitzen du, olerkaria zur eta lur eta haren maitea nahasita utzita. Lenski haserretu egiten da, baina Olgak ez dio ezer txarrik ikusten Oneginekin dantzatzeari; berak ere zigortu egiten du olerkaria, jeloskor jartzeagatik. Monsieur Triquet iristen da Tatianari frantsesezko kuple bat abesteko. Lenski biziki haserretzen da, bere jeloskortasun sakona erakutsita, Oneginekin duen adiskidetasuna bukatutzat eman eta ordaina exijitzen du. Onegin urrunegi joan dela jabetzen da, baina beranduegi da eta damutu egiten zaio bere joko anker eta harroputza, bere burua arbuiatuta. Tatianak ez du Oneginen jarrera ulertzen. Madame Larina, gazteriaren garra ikusita, eta Olga, kontua serioegi hartu barik, beldur dira, bertaratu guztiekin batera, liskarra ez ote den duelu bihurtuko, eta azkenean horrela da.
II. Eszena: Egunak argitu baino lehen, Lenskik bere laguntzailearekin batera itxaroten dio Onegini, berandu dabilena, eta bakarrizketa nahasian aritzen da bere asaldura erakutsita. Onegin Guillot bere morroiarekin iristen da laguntzaile gisa. Bi gizonek duelua burutzeko asmoa berresten dute. Oneginek Lenski hiltzen du tiro batez.
III. EKITALDIA
I. Eszena: Bost bat urte geroago, San Petersburgon, Onegin aspertu egiten da, gelditu barik bidaiatu badu ere, plazer guztiak gozatuta. Denak Gremin printzesak erakarrita sentitzen dira, eta Oneginek uste du beragan Tatiana antzematen duela. Txundituta dago. Gremin printzearekin hitz egiten du eta Tatianak begiak beragan jartzean, hark ere asaldura bizia sentitzen du. Greminek Tatianarekiko istorioa kontatzen dio eta orain bere emaztea dena aurkezten dio Onegini. Honi damutu egiten zaio emakume ederrari uko egin izana, berarekin maiteminduta dagoela ohartu eta ihesari ekiten dio.
II. Eszena: Tatianak oraindik Onegin maite duela egiaztatzen du. Haren oroitzapenen inguruan galdetu eta kontatzen dio zenbat sufritu zuen izandako jokabideagatik. Ez da haren egungo asmoez fio, baina gizonak bere maitasunaz konbentzitzea lortzen du, eta biek sentitzen dute erabateko zoriontasunezko une bat. Hala ere, Tatianak beragandik urrundu dadin erregutzen dio; ezkonduta dago. Besarkatzera eta elkarri euren maitasuna adieraztera iristen badira ere, Tatianak atzean uzten du Onegin, bakarrik.