| 2011ko otsailaren 19, 20:00-etan | ||||
| 2011ko otsailaren 22, 20:00-etan | ||||
| 2011ko otsailaren 25, 20:00-etan | ||||
| 2011ko otsailaren 28, 20:00-etan | ||||
|
||||
MACBETH
Kokapena: Eskozian, 1040 urte aldera.
I. EKITALDIA
I. Eszena: Trumoi eta tximista artean, hiru sorgin taldek eragindako kalteak kontatzen dizkiote elkarri. Danbor heraldikoaren soinuak Macbeth iritsi dela iragartzen du eta, Bancorekin batera, sorginen profeziak harrituta entzuten ditu. Erregearen mezulariak iristen dira, eta Macbeth Cawdorreko jauna izendatu dutela iragartzean berretsi egiten dira profeziak. Sorginek hitza ematen dute etorkizuna zaintzen jarraituko dutela.
II. Eszena: Bere gazteluan Lady Macbeth gutun bat irakurtzen ari da; bertan, senarrak gertatu dena kontatu eta boterea lortzeko duen gaitasunari buruz hausnartzen du. Morroi batek iragartzen dio arratsean Duncan erregea Macbethekin batera iritsiko dela. Lady Macbethek hura hiltzeko senarrarekin prestaturiko konjuru bat gogoratzen du; jarraian heraldoek iragartzen dute erregea iritsi dela. Macbethek erailketarako seinalea adosten du: kanpai-hots bat. Zalantzak eta izuak jota, begien aurrean agertzen zaion odolez betetako sastakai baten irudipena jasaten du, eta kanpaiak jo ondoren, Duncan hiltzera abiatzen da haren gelara. Lady Macbeth saiatzen da senarrak ondoren sentitzen duen damu oinazetsua desegiten. Gainera, erruduntasuna ezkutatzen laguntzen dio. Macduff eta Banco erregea esnatzeko iristen dira. Macduffek gorpua aurkitzen du eta denek eskatzen dute hiltzailea topatzea eta zigortzea.
II. EKITALDIA
I. Eszena: Macbethen gazteluan, emazteak gertaturikoa ahaztera bultzatzen segitzen du, gainera, baliatzen du Duncan erregearen semea den Malcom erailketaren egiletzat jo dutela, ihes egin duelako. Baina Macbethek sorginen profezia gogoratzen du, horren arabera, Banco erregeen aita izango litzatekeelako, eta hori ekiditeko, Bancoren semea hiltzea erabakitzen du. Lady Macbethek beste erailketa horren beharraz konbentzitzen du bere burua, eta poztu egiten da, uste duelako modu horretan tronua berarentzat ziurtatuko duela.
II. Eszena: Sikarioek Banco eta bere semea akabatzeko konpromisoa komentatzen dute. Biak erasotzen dituzte, baina semeak ihes egitea lortzen du.
III. Eszena: Macbethek bere gazteluan gortea eta oturuntza ospatzen du nobleekin, eta bertan emazteak bizitza eta plazerraren aldeko topa egiten du. Sikario batek Bancoren heriotzaren eta haren semearen salbazioaren berri ematen dio Macbethi. Macbeth oinazetu egiten da Bancoren irudiarekin, eta besteak berarengandik urruntzen dira, gaixotzat jota. Macbethen emazteak alaitasun orokorra berreskuratzea lortzen du, Bancori laudorioa ere eginda, baina Macbethek harrak jota eta behin eta berriro agertzen zaion Bancoren arimak izututa segitzen du.
III. EKITALDIA
I. Eszena: Leize ilun batean, trumoiak eta tximistak entzuten diren bitartean, sorginak edabe bat prestatzeko sutan duten pertz baten inguruan ari dira hizketan eta dantzan. Macbethek berriz galdetzen die bere patuaren inguruan, eta haiek hainbat mamu deitzen dituzte. Haietariko batek ziurtatzen dio emakumearengandik jaiotako inork ez diola minik egingo. Koroaturiko haur baten tankerako beste batek iragartzen dio Birnamgo basoa mugitu arte loriatsua eta garaiezina izango dela. Mugituko den basorik egongo ez delako ziurtasunaz, Macbethek Bancoren ondorengoei buruz galdetzen du. Sorginek erantzuten diote ez duela gehiagorik jakin behar, eta pertza lurpean desagertzen da. Handik, gaita baten soinuak zortzi erregeren irudipena iragartzen du, horietako azkenak Bancoren itxura du. Macbeth begi-bistatik kentzen saiatzen da, eta ezpatarekin egiten die eraso, azkenean akituta lurrera erortzen den arte. Espirituek eta sorginek kontsolatzen dute, berriz bizkortu arte. Macbethen emaztea agertzen da, orain erregina dena, eta Macbethek kontatzen dio nola izan duen profezia horien berri. Biak Macduffen heriotza prestatzen berotzen dira.
IV. EKITALDIA
I. Eszena: Birnamgo basoan errefuxiatu eskoziarrek eta Macduffek Macbethek euren herriaren kontra burutu duen zapalketa deitoratzen dute. Malcom iristen da danbor baten soinuarekin batera, soldadu ingelesek lagunduta, eta denei basoko adarrak hartzeko agintzen die, haien atzean ezkutatzeko. Denek abesten dute zapaltzailearen kontrako mendekuzko koru bat.
II. Eszena: Gauez, ametsetan, Lady Macbeth lanpara bat eskuan dabil, eskuak behin eta berriz igurzten, garbitu nahiko balitu bezala. Sendagileak eta haren dontzeilak, eszena beldurgarria ikusita, eskatzen diote zeruari errukia izan diezaiola, egindako krimenak aitortzen entzun ostean.
III. Eszena: Harrak jota, Macbeth ia ez da konturatu ere egiten emaztearen dontzeilak hura hil egin dela jakinarazten dionean. Macbethen gerlarien koruak jakinarazten dio Birnamgo basoa berarengana abiatzen ari dela eta armak hartzen ditu bere burua defendatzeko.
IV. Eszena: Malcomek, Macduffek eta soldaduek eraso egiten dute, baina Macbethek, emakumearengandik jaiotako inork minik egin ezin izango diolako ziurtasunaz, ausarkeriaz erantzuten du. Macduffek jakinarazten dio amaren erraietatik atera zutela. Biek borroka egiten dute eta Macbeth erori egiten da, emakumezkoen koru batek sarraskia gelditu dadila eskatzen duen bitartean. Macbethek profeziak eta koroa madarikatu eta hil egiten da. Denek goraipatzen dute Macduff, eta Malcomek, errege berriak, zin egiten du Eskozia beti izango dela garaile.