| 2010ko azaroaren 13, 20:00-etan | ||||
| 2010ko azaroaren 16, 20:00-etan | ||||
| 2010ko azaroaren 19, 20:00-etan | ||||
| 2010ko azaroaren 22, 20:00-etan | ||||
|
||||
IL CORSARO
Kokapena: Kortsarioen irlan, Egeo itsasoan, XIX. mendearen hasieran
I. EKITALDIA
I. Eszena: Kortsarioek harro abesten dute euren askatasuna. Corradok euren adorea goraipatu eta gizartearekiko sentitzen duten areriotasuna adierazten du, galdutako xalotasuna eta mendeku grina euren bizimoduaren arrazoi gisa aipatuta. Giovannik esploratzaile greko baten gutuna eramaten dio, eta irakurri ostean, Corradok musulmanekin borroka egitera abiatuko direla adierazten du. Piraten koru bat alaitu egiten da armetarako dei horrekin.
II. Eszena: Medorak Corrado ez egoteak sortzen dion goibeltasuna eta ikusten dituen seinale txarrak adierazten ditu. Corradok, Medorak jakin barik entzuten ari zenak, lasaitu egiten du, baina jakinarazten dio laster joan beharko dela. Medorak sentitzen duen izua adierazi eta bere ondoan gelditzeko eskatzen dio, baina Corrado joan egiten da abiatzeko seinalea ematen duten kanoikaden soinua entzutean. Medora minak jota erortzen da, konorterik barik.
II. EKITALDIA
I. Eszena: Seiden hareneko odaliskek Gulnara goraipatzen dute, baina honek pashari dion gorrotoa, egiten dizkion losintxa eta oparien gainetik, adieraziz erantzuten du. Eunuko batek musulmanaren hurrengo garaipena ospatzeko deitzen dio, eta etsita obeditzen du, zeruak bere erreguak entzuteko itxaropen sekretuaz. Odalisken koruak goraipatzen du pashak harekiko duen desioa.
II. Eszena: Kanpamentuan, Seiden soldaduek kortsarioen kontrako garaipena bere buruari promestuz abesten dute. Pashak, Selimek lagunduta, adoretu egiten ditu eta haiek gartsu erantzuten dute. Esklabo batek derbitxe bat iritsi dela iragartzen du, benetan Corrado dena, mozorrotuta. Seidek galderak egiten dizkio eta gezurrezko derbitxeak azaltzen du itsasontzi musulman batean bidaiatzen ari zenean harrapatu zutela eta duela hiru egun egin zuela ihes. Babesa eskatzen dio pashari eta horren borrokalari grina areagotzen du, bahitzaileek horren botereari desafio egiten diotela berretsita.
Bat-bateko argi batek itsasontzi musulmanak suak hartu dituela erakusten du. Sua kanpamenturaino hedatzen da. Corradok bere piraten esku-hartzea antzematen du bere golkorako, turkoak ausardiaz defendatzeko prestatzen diren bitartean, eta Seidek euren kokapena ezagutarazi dien traidorearen mendeku hartzeko zina egiten du. Corradok derbitxe mozorroa kentzen du, borrokalari arropa eta kaskoa agertuta, eta turkoak ihes egitera behartzen dituzten piraten buruzagi jartzen da.
Kortsarioek Gulnara eta hareneko odaliskak harrapatzen dituzte, errespetatuko dituztela promestuta, turkoek urrunetik Jainkoaren laguntza eskatzen duten bitartean. Azkenean, piratei irabazi eta Corrado harrapatzen dute. Seidek turkoek bertan hil dezaten eragotzi eta haren amarrua miresten du. Biek borroka egiten dute, Gulnarari heriotzaren zein tormentuaren beldur ez den pirata ausartarekiko maitasuna sortzen zaion bitartean. Giovanni piratak hausnartu egiten du adoreak duen baliagarritasun urriaz Patuak gizona abandonatzen duenean, eta odaliskek garaituriko ausartaren aldeko errukizko korua kantatzen dute. Turkoek, pozarren, piratarik gabeko itsasoan nabigatzeko askatasuna promesten diote euren buruari.
Orduan Seidek eta Corradok biziagotu egiten dute euren gatazka, lehenak bigarrena mehatxatzen du heriotza eta tormentuarekin, eta honek mendeku promesa batekin erantzuten dio. Gulnarak eta odaliskek pashari eskatzen diote errukitu dadila, harrapatu zituenean Corradok izandako jarrera errukiorra adierazita, baina Seid irmo agertzen da. Azkenean, denek euren sentimendu kontrajarriak adierazten dituzte.
III. EKITALDIA
I. Eszena: Seiden logelan buruzagi turkoak bere garaipena goraipatzen du, baina poliki-poliki harritzen hasten da Gulnarak Corradoren alde duen joera dela-eta. Bere borondatea ezartzeko asmo osoarekin, Selimi agintzen dio Gulnara ekartzeko eta hurrengo egunean Corrado hiltzeko. Gulnara heldutakoan erabaki hau jakinarazten dio, eta Gulnarak, berriz, errukitu dadila eskatzen dio, lor lezakeen erreskate handiari buruz pentsarazita. Tema hori ikusita, Seidek ulertzen du Gulnarak piratari utzi diola bere burua konkistatzen, eta zigortzea erabakitzen du.
II. Eszena: Corrado, kateatuta, ziegan dabil hara eta hona, bere burua garaituta ikusten du eta bere heriotzak Medorari ekarriko dion sufrimenduak eragindako sentimendu latzak adierazten ditu. Akituta, kamaina baten gainean hartzen du lo, Gulnara sartzen den bitartean. Pirata esnatu egiten da, eta Gulnarak elkarrekin ihes egitea proposatzen dio, bera ere, nolabait, pasharen gatibua delako. Corradok ezetz esaten dio, bere ohorea dela-eta, eta hiltzen dutenean Medora maitea kontsola dezala eskatzen dio Gulnarari. Honek guardiak erosi dituela azaltzen dio, eta irainduta sentitzen da Corradok beragatik igaro duen arriskuari garrantzirik ematen ez diolako. Corradok behin eta berriz esaten dio kondenatu patua harrotasunez onartuko duela eta Gulnara joan egiten da hisiak jota Seid akabatzera, ekaitzaren trumoiak entzuten diren bitartean. Itzultzen denean, Corradok beste behin esaten dio ezetz, oraingoan hiltzailea izateagatik.
III. Eszena: Piraten babeslekutik hurbileko hondartzan, piraten isiltasunagatik Medorak ulertzen du Corrado hil egin dela, bere dontzeilek kontsolatu egiten duten bitartean. Corrado Gulnararekin itzultzen da, eta azaltzen du honek bizitza salbatu diola. Gulnarak bere ekintza ausarta ez zuela adoreak zuzendu, maitasunak baizik jakinarazten du, eta hori entzundakoan, Medora akituta erortzen da, maitearen besoetan hil arte. Corradok, desesperatuta, itsasora botatzen du bere burua, Gulnara lurrean zehar erortzen den bitartean.