| 2010ko urriaren 16, 20:00-etan | ||||
| 2010ko urriaren 19, 20:00-etan | ||||
| 2010ko urriaren 22, 20:00-etan | ||||
| 2010ko urriaren 25, 20:00-etan | ||||
|
||||
SUSANNAH
Kokapena: Esperantza Berria harana, Tennesseeko mendietan, 50eko hamarkadako uztaileko aste batean.
I. EKITALDIA
Dantzaldi bat ospatzen ari da eta Susannah Polk, herriko neska gazte bat, ondo pasatzen ari da dantzan, bitartean, Adinduen emazteak iristear dagoen sermolariari buruz ari dira. Ikusten ari dira nola euren senarrak saiatzen ari diren Susannahen dantza zirkuluan sartzen, eta deitoratzen dute neska umezurtza izatea, baina McLean andreak uste du neska lotsagabea dela. Guztiak zain zeuzkan Blitch sermolaria iritsi eta ohore handienarekin hartzen dute. Susannah deigarri suertatzen zaio, dantzan sartu eta harengana hurbiltzea lortzen du. McLean andreak ohartarazten du dena gaiki amaituko dela.
Susannahek McLean mutil gaztearekin hitz egiten du, eta horrek esaten dio gizon guztien arreta bereganatu duela, batez ere sermolariarena. Baina Susannahek ez dio sinesten eta esaten du Blitchek ez dakiela dantzatzen. Sam anaia iristen da eta Susannahek, McLean gaztea joan eta gero, gertatutakoa kontatzen dio. Samek haren senargaiez galdetzen dio, baina neskak erantzuten dio nahiago duela harekin bizitzen jarraitu, eta eskatzen dio aitak lokartu aurretik abestu ohi zuen kantua abesteko. Elkarrekin kantatu eta dantzatu egiten dute, baita gauaren edertasuna miretsi ere.
Hurrengo goizean, Adinduak (Hayes, Ott, Gleaton eta McLean) erreka bat bilatzen ari dira sermolariak otoitzaldian zehar egingo dituen bataioetarako. Une horrexetan Susannah ikusten dute, ohi bezala errekan biluzik bainatzen ari dela. Ikusitakoagatik harrituta geratu ondoren, eskandalizatu ere egiten dira, errua botatzen diote bere lizunkeriagatik eta erabakitzen dute Blitchi dena kontatzea.
Gau horretan, parrokiako afari batean, Adinduen emazteak, senarrek kontatutakoan oinarrituta, ados daude McLean andrearen aurreiritziekin. Zerbait gaizki doalako susmoarekin, baina jakin gabe zer den, Susannah iristen da eta afarian gisatu batekin laguntzeko eskaintza egiten du. Esaten diotenez ez dela ongi etorria eta McLean Adinduak semea limurtu izana leporatzen dionez, lotsatuta eta harrituta alde egiten du.
Etxera itzultzean Little Batekin topo egiten du. Galdetzen dio ea zer egin duen jendeak baztertu dezan eta mutilak dena kontatzen dio. Neskak bere burua defendatzen du, esanez betidanik bainatu dela han, ez du ulertzen zer egin duen gaizki, baina mutilak jarraitzen du esaten emagaldua deitzen diotela eta amak behartu zuela esatera bera ere limurtu zuela. Mutilaren gezurrak suminduta, Susannahek bota egiten du eta esaten dio ez itzultzeko inoiz.
Sam etxera itzultzen denerako, dagoeneko zurrumurruak entzun ditu, giza izaeraren zitalkeria deitoratzen du eta Susannahi adierazten dio jendeak nahiago duela txarrena sinetsi eta aukera bakarra dela denbora pasatzen uztea. Susannahek bakarrik une horretan ulertzen du egoera. Sami eskatzen dio berriro ere aitaren abestia kantatzeko.
II. EKITALDIA
Susannah gertatuko denaren zain dago, urduri. Samek badaki jendeak aitortza publikoa nahi duela, baina neskak ez du gezurrik esan nahi bakarrik herrikoak gustura uzteagatik. Hala eta guztiz ere, bere buruari buruzko zalantzak pizten zaizkio. Aipatzen du zer nolako adeitasunez hitz egin zion Blitchek herriko dendan, baita otoitzaldira gonbidatu egin zuela ere. Samek, temati, aholkatzen dio elizara joan dadin, berak hurrengo egunera arte alde egin behar duelako. Susannahek amore ematen du.
Kongregazioak abestu bitartean, Adindunek dirua eskatzen dute eta Blitchek eskaintzak bedeinkatzen ditu. Gero, sermoia egin eta bekatariak gonbidatzen ditu aldarera igotzeko, eta hurbiltzen zaizkion gazteei eskuak ezartzen dizkie. Sermolaria eta korua tematu egiten dira, eta Blitch zuzenean mintzatzen zaio Susannahi. Azkenean lortzen du neska, bere begiradak hipnotizatuta, aldarerantz abiatu dadin. Baina Blitchen aurpegiera ikustean, lozorrotik esnatu eta alde egiten du.
Iluntzean, Susannahek, bakarrik, amak irakatsitako abesti bat kantatzen du. Sermolariak entzun egiten dio eta saiatzen da neskarekin hitz egiten, baina Susannahek haren asmoei buruz galdetu eta uko egiten dio. Gizonak leporatzen dio bekatuan tematzea eta azkenean Susannahek negar egiten du. Blitch joan egiten da, baina itzultzen da bere bakardadeaz kexatzera eta emakume batekin egoteko bere premia azaltzera. Konturatzen denean anaia ez dagoela, Blitchek etxean sartzeko agintzen dio. Neskak, borroka egiteaz nekatuta, uzten dio egiten. Sermolaria konturatzen da Susannah birjina zela.
Goizean, elizan, sermolaria, belauniko, barkamena eskatzen dio Jainkoari eta infernuari dion beldurra azaltzen du. Adinduak eta horien emazteak sartzen dira, baita Susannah ere. Blitch saiatzen da bertaratuak konbentzitzen neska bidegabeki tratatu dutela, baina McLean senar-emazteak ez dute onartzen. Ez dute ulertzen iritzi aldaketa eta ez diote sinesten. Susannah eta Blitch bakarrik geratzen dira elizan. Sermolariak barkamena eskatzen dio eta oker egindakoak zuzentzeko konpromisoa bereganatzen du, baina neskak galdetzen dio nola egingo duen, eta badoa, zakarki esanez barkamen hitzaren esanahia ahaztu zaiola. Blitchek berriro errepikatzen ditu Kristok gurutzean esandako hitzak.
Arratsaldean, Sam etxera iristen da eta Susannahek gertatutakoa kontatzen dio. Esaten dio bere burua eskaini ziola sermolariari jada ez zeukalako eusteko indarrik eta edonola ere mundu guztiak uste zuelako bera gaiztoena zela. Samek fusila hartu eta basoan sartzen da. Susannahek tiro bat entzutean txarrena gertatu dela pentsatzen du. McLean gazteak Susannahi jakinarazten dio Samek sermolaria hil duela. Guztiak etorri eta hilketa leporatzen diote, eta agintzen diote haranetik joateko. Susannahek barre egiten die errudun sentiarazteko haien saioei eta errifle batekin mehatxu egiten die. Jendetzak atzera egin eta badoa. Susannah konturatzen da McLean gaztea itzuli dela eta modu limurgarrian esaten dio hurbiltzeko. Hurbiltzen denean, indar guztiekin aurpegian jotzen dio, eta mutilak hanka egiten duen bitartean, Sussanah bakarrik geratzen da; erabat jakitun da eragin duen "erbesteak" dakarkion bakardadeaz, baina indartsu sentitzen da egoerari aurre egiteko.