FALSTAFF
Giuseppe Verdi eta Arrigo Boitoren hiru ekitaldiko Komedia lirikoa
Kokapena: Windsorren, Ingalaterrako Henrike IV.aren erregetzapean.
I. Ekitaldia, I. Eszena: Galtzari Ostatuko gela bat. Falstaffek bi gutun sinatu eta ixten ditu. Cajus Doktorea sartzen da eta salatzen du Bardolfok eta Pistolak bart mozkortu egin zutela eta lapurtu egin ziotela. Falstaffek gertatutako aitortzen du, Doktoreak auzia Errege-Kontseilura eramateko mehatxu egiten duen arren, eta morroiei errieta egiten die. Adierazten du bere sabelkeriaren ikur den tripa galantari ez diola uko egin nahi, beste amarru batzuekin handitzeko asmoa baitu: Ford eta Pageren emazteak gutunekin seduzitzea. Baina morroiek uko egiten diote Aliceri eta Megi gutunak emateari, horrek Falstaffek euren kontra hitzaldi zorrotz eta luzea egitea eragiten du eta azkenean bota egiten ditu.
II. Eszena: Forden etxe ondoko lorategi bat. Alice eta Meg Falstaffen gutun bera jaso dutela ohartzen dira eta, Nannetta eta Quicklyrekin batera, zentzatzea erabakitzen dute. Bitartean, Cajus Doktoreak, Bardolfok eta Pistolak Ford ohartarazten dute Falstaffen asmoen inguruan eta Fenton honi laguntzeko prest agertzen da. Nannetta eta Fenton atzean geratzen dira elkarri ezkutuko musuak eta besarkadak ematen. Damek erabakitzen dute Quickly hitzordu dotore baterako gonbidapenarekin bidaltzea eta Falstaff zigortzea egindako proposamen desegokiengatik. Fordek ere zigorra darabil buruan. Denek jarraitzen dute haren maltzurkeriak komentatzen, Fentonek izan ezik, Nannettarekin maiteminduta.
II. Ekitaldia, I. Eszena: Galtzari Ostatuko gela bera. Quicklyk hitzordua prestatzen dio Falstaffi Alicerekin bakarka egoteko, senarra jeloskor dagoela ohartarazita. Ford gezurretako Fontana izenarekin aurkezten da eta, Alicerekin maitemindu zela baina hark ez duela bera maite Falstaffi azaldu ostean, bere aberastasun guztiaren truke hura seduzitzeko eskatzen dio. Falstaffek onartu egiten du, uste duelako Alicek dagoeneko benetan gonbidatu duela. Fordek hitzaldi zorrotza botatzen du oro har emakumeen kontra eta, izen ona galtzeak beldurtuta, in fraganti harrapatzea erabakitzen du. Falstaff prestatuta, biak kanpora ateratzen dira.
II. Eszena: Forden etxeko gela handi bat. Quicklyk azken berriak jakinarazten dizkie damei eta Nanneta kexatzen da aitak Cajus Doktorearekin ezkonarazteko duen asmoaz. Alicek tranpa antolatzen du eta Falstaff sartzean Alice lausengatzen hasten da. Alicek esaten dio Meg gehiago maitatzearen beldur dela, eta bat-batean, Meg agertzen da eta Falstaff bionbo baten atzean ezkutatu beharrean aurkitzen da. Megek Fordek Falstaffi egindako mehatxuak jakinarazten dizkio Aliceri eta Quicklyk berretsi egiten ditu. Ford oihuka sartzen da Cajusi, Fentoni, Bardolfori eta Pistolari arrotza harrapatzeko jarraibideak ematen, baina Falstaffek inork ez ikustea lortzen du otzarako arropa zikinaren azpian. Bitartean, Nannetta eta Fenton bionboaren atzean ezkutatzen dira eta elkarri dioten amodioa adierazten bukatzen dute. Falstaff ia ito egiten da otzaran eta gizonak kanpora ateratzen direnean, Alicek ibaira bota dezatela agintzen die morroiei.
III. Ekitaldia, I. Eszena: Galtzari Ostatu aurreko plaza bat. Falstaffek hausnartu egiten du gertaera desatseginen eta oro har munduko egoera txarraren inguruan, baina kopa bat ardok berpiztu egiten du. Quicklyk azaltzen dio dena gaizkiulertua izan zela eta Aliceren gutun bat ematen dio, bertan eskatzen dio berarekin elkartzeko gauean Ehizari Beltzaz jantzita parkera joan dadila. Denak mozorrotuta joango dira; Nannetta maitagarrien erreginaz, Meg basoko ninfaz, Quickly sorginaz eta Alicek ume mozorrotuak eramango ditu. Fordek Cajus Doktoreari berresten dio gaueko hitzorduaren ondoren bere alabarekin ezkonduko dela.
II. Eszena: Windsorreko Errege-Parkea. Fentonek bere amodioak abesten dizkio Nannettari, baina Alice agertzen da eta Fenton monjez mozorrotzen du. Falstaff, Ehizari Beltzaz jantzita, bere amodioa aitortzen dio Aliceri eta Meg iristeak ere ez dio jarraitzea eragozten. Baina Megek ohartarazten du pertsonaia mitologiko misteriotsu batzuk heldu direla, benetan hainbat neskatila mozorrotu eta Nannetta maitagarrien erregina itxurarekin baino ez direnak. Falstaffek, izututa, uste du haiek ikustean hil egingo dela, eta ezkutatu egiten da. Maitagarrien dantzaren ondoren, Baldorfo, Pistola, Cajus eta Fenton sartzen dira mozorrotuta, Ford ohiko arropaz jantzita eta herriko jendea lanparekin. Falstaff aurkitu bitartean, Cajus Doktoreak Nannetta bilatzen du, baina honek Fentonekin ihes egiten du. Baldorfok, umeek, Alicek, Megek eta Quicklyk gehiago izutzen dute Falstaff eta dena kritika-sorta batean amaitzen da, Falstaffek amore eman eta bizitza zentzatzea promestu arte. Baina azkenean Baldorfo ezagutu eta era berean hitzaldi gogorra botatzen dio. Fordek, mendeku gogoz, adarrak nork dituen galdetzen dio Falstaffi, eta orduan bakarrik konturatzen da hau Fontana Aliceren senarra dela. Berriro ere lehengo lepotik burua, esaten die bere amarruak gabe egin dizkioten txantxa guztiek ez luketela zaporerik izango. Fordek dena ezkontza eder batekin bukatzea proposatzen du, mozorrotutako Cajus eta Baldorforena, eta Alicek Nannetta eta Fenton bikotea sartzen du eurak ere ezkontzeko. Euren mozorroak kentzeko eskatzen du eta bi bikoteak osatzen dituztenak nortzuk diren deskubritzean, Fordek trufa egin diotela sentitzen du. Dena bukatzen da Fenton eta bere alabaren arteko ezkontzarako baimenarekin, Fastaffek eskatutako koru batekin eta bazkari handi baten promesarekin.