ERNANI
Giuseppe Verdiren lau ekitaldiko drama lirikoa, Victor Hugoren obra homonimoan oinarritutako Francesco Maria Piaveren libretoaren gainean
Kokapena: Aragoi eta Akisgranen, 1519 urtean zehar.
I. Ekitaldia (Bidelapurra), I. Eszena: Aragoiko mendietan. Bidelapurrak kantuan eta edanean entretenitzen dira euren gordelekuan Ernaniri itxaroten dioten bitartean, hau zurbil eta pentsakor iristen da hurrengo egunean Silva zaharrarekin ezkonduko den Elvira gazte aragoarrarekin maiteminduta dagoelako. Gauez bahitzea erabakitzen dute.
I. Ekitaldia, II. Eszena: Silvaren gaztelu barruko Elviraren ganberan. Bakarka, Elvirak Silvarekin ezkondu beharrak ematen dion nazka adierazi eta Ernani maitearekin amets egiten du. Damak zoriontzera etortzen zaizkio, Silvaren opariak dakartzatela, baina berak muzin egiten die eta hoztasuna erakusten du. On Karlok emaztegaia ekar dezala eskatzen dio Giovannari, berak ere maite baitu, eta Giovannak triste eta gogoetatsu dagoela jakinarazten dionean, haren bihotza bereganatzen saiatzen da. Maitasun aitorpena entzunda, Elvirak engainua dela uste eta beldurtu egiten da, eta erantzuten du koroaren distirak ez dizkiela legeak ezarriko bere sentimenduei. On Karlok eskutik heltzen dionean Ernani agertzen da ate sekretu batetik eta erregeak ezagutu egiten du. Ernanik bere ondasunak eta ohoreak kendu izana aurpegiratzen dio On Karlori eta uko egiten dio ihes egiteko haren eskaintzari. Orduan Silva sartzen da, bi etsaiak deskubritzean zaldunei deitzen die lekuko izan daitezen, bere ohore zikinduaz kexatu eta mendekua hartu nahi duelako. Baina gero erregearen nagusitasuna onartu eta haserrea errespetu bihurtzen zaio haren aurrean eta bere min guztia erakutsiz belaunikatzen denean. On Karlok Silvaren gazteluan geratzea erabakitzen du eta Ernaniri joaten uzten dio. Honek onartu egiten du, horrela bihotzean daukan gorrotoa itzaliko delako ustearekin.
II. Ekitaldia (Apopiloa): Silvaren gazteluan. Silvaren morroiak haren hurrengo ezkontza ospatzen ari dira Ernani erromes mozorrotuta heldu eta ostatua eskatzen duenean. Silvak eman egiten dio, baina ezezagunari emaztegaia aurkeztean, Ernanik ezin dio eutsi eta bere burua ezagutarazten du. Gero, bere burua Silvari eskaintzen dio ezkontza-opari. Abegikortasunaren inguruan duen zentzu jatorraren ohorez, Silvak erregearen aurrera ez eramatea erabakitzen du. Ernanik bakarka dauden une bat aprobetxatzen du Ernani hilda zegoela uste zuen Elvirari ezkontza onartu izana aurpegiratzeko. Biek elkarri dioten maitasuna abesten dute. Horrela harrapatuta, Silvak promesten du zigortuko dituela eta Ernanik ihes egiten du ate sekretutik. On Karlok Silvari eskatzen dio bere burua ematearen edo Ernani ematearen artean aukeratzeko, eta Silvak bere burua ematea hautatzen du, zaldunek gaztelu osoan zehar Ernani bilatzen duten bitartean, aurkitu barik. Orduan, On Karlok Elvira eramateko mehatxu egiten du eta horrek sakonki mintzen du Silva; hala ere, ohoreak ez dio Ernani salatzen uzten. Bakarrik geratzen denean, Silvak desafio egiten dio Ernaniri, eta honek jakinarazten dio On Karlok ere Elvira maite duela, Silvak ordura arte ez zekiena. Biek erregearen mendeku hartzea eta euren arteko lehia geroko uztea erabakitzen dute. Silvak zaldunei deitzen die erregearen atzetik joateko, Elviraren bahitzailetzat jotzen baitu. Denek mendekua eskatzen dute.
III. Ekitaldia (Errukitasuna): Karlomagnoren hilobian, Akisgranen. On Karlo bere jazarleengandik Karlomagnoren hilobi ondoan ezkutatzen da, hautesleek erabaki bitartean nor koroatuko duten enperadore, eta seinale bat adosten du Riccardorekin jakiteko nor den hautatua. Gero, bakarka, heriotzaren errealitatea dela-eta lurreko ohore eta desioen harrokeriaren inguruko gogoeta egiten du, baina enperadore hautatua izateko handinahia ere sentitzen du. Silvak, On Karloren etsaiekin batera, zozketatzen du hura nork hil beharko duen. Zorteak Ernani erabakitzean, Silvak lan hori bere gain utz dezala eskatzen dio, baina Ernanik uko egiten dio. Konspiratzaileek Iberia askatzeko euren batasuna eta adorea berresten dituzte. Karlo Jauna enperadore hautatua izan dela jakinarazteko adosturiko seinalea entzuten da eta Riccardok intsignia inperialak ematen dizkio. Karlo Jaunak, sututa, mehatxatu egiten ditu konspiratzaileak. Ernanik bere burua ematen du, Elvira izutuak errukia erregutzen duen bitartean. Karlomagnori dei egin ondoren, Karlo Jaunak grinari eutsi eta denak barkatzen ditu. Elvirak eta Ernanik bere eskuzabaltasuna goraipatzen dute, baina Silvak oraindik mendekua du buruan.
IV. Ekitaldia (Maskara): Ernaniren jauregian, orain Aragoiko Juan Jauna: Elvirak eta Ernanik zoriontsu ospatzen dute euren ezkontza. Ehiza-tronpeta bat entzuten da eta Ernanik Silvaren deia ezagutzen du, mendekua betetzeko bere bila baitabil. Silva maskaraz jantzita heltzen da eta Ernaniren erreguek ez dute hunkitzen behin bada ere egoeraz gozatzen utz diezaion. Aitzitik, Silvak probokatu egiten du haren harrotasun espainola aipatuz. Elvirak ere euren maitasuna bakean bizitzen uzteko erregutzen dio. Tronparen hotsak bere heriotza esan nahi duela gogoratuta, Ernanik patua betetzea erabaki eta labana sartzen dio bere buruari. Elvirak berarekin hil nahi du, baina Ernanik bizitzeko agintzen dio, Silva mendeku hartu izanaz pozten den bitartean.