| 2009ko azaroaren 14, 20:00-etan | ||||
| 2009ko azaroaren 17, 20:00-etan | ||||
| 2009ko azaroaren 20, 20:00-etan | ||||
| 2009ko azaroaren 23, 20:00-etan | ||||
|
||||
FAUST
Charles Gounoden bost ekitaldiko opera, Jules Barbier eta Michel Carreren libretoaren gainean
Kokapena: Alemaniako hiri batean, XVI. mendean zehar.
I. Ekitaldia: Fausten bulegoan. Faust atsekabetuta dago bere ikasketek ezagutza handiagora eraman ez dutelako eta kopa bat pozoirekin bere buruaz beste egiteko prestatzen ari da. Mespretxuz, zelaietara doazen nekazarien eta neska gazteen ahots alaiak entzuten ditu eta zalantza egiten du. Nekazariek Jaungoikoa bedeinkatzeak gogoeta gehiago eragiten dizkio eta azkenean Satani deitzen dio. Une horretan Méphistophélès agertzen da eta Satanen boterea egiaztatzeko erronka botatzen dio, hura beste era batean tratatu beharko luke-eta. Faustek ez du diru, loria edo botererik nahi, gaztetasuna baizik, eta Méphistophélèsek eman egingo dio trukean doktorea bere esanetara gelditzen bada. Marguerite gorura agertzen da, Faustek ituna sinatzen du eta Méphistophélèsek kopa eskaintzen dio, orain berreskuraturiko gaztarorako giltza izango dena. Biek etorkizunak emango dienaren inguruko poz handia adierazten dute.
II. Ekitaldia: Kermessea. Wagner eta ikasleak edanean eta kantuan dabiltza tabernan eta burgesak ibaiertzean paseatzen ari dira. Andreek komentatzen dute nola dabiltzan ikasleak neskatilen atzetik. Valentin agertu, Marguerite arrebak eman dion domina lepoan jarri eta atsekabetu egiten da hura bere ordez zainduko duen beste inor ez dagoelako. Siebelek, ironiaz, ziurtatzen dio haren zaintza bere gain hartuko duen norbait egongo dela. Valentinen atsekabearen aurrean, Méphistophélèsek bertaratu guztien interesa biltzen duen erronda bat abesten dio urrezko zekorrari eta Wagnerrek haiekin edatera gonbidatzen du. Orduan Méphistophélèsek Wagner eta Siebelen eskuak irakurtzen ditu eta zoritxarreko augurioak botatzen dizkie. Marguerite aipatzean, Valentinen susmo txarra areagotu egiten da, Méphistophélèsi ardoa kendu eta desafio egiten dio ezpataz, baina Méphistophélèsek ezpata besterik gabe airean apurrarazten du. Méphistophélès ezpata-buruaren gurutze-formak baino ez du atzera botatzen. Bakarrik geratzen denean, Faust agertu eta galdetzen dio Méphistophélèsi Marguerite berari emateko egindako promesari buruz. Vals baten musikarekin ikasleak itzultzen direnean, Méphistophélèsek ikasleekin batera dauden neskatilen artekoren bat nahi izango ez ote lukeen galdetzen dio Fausti, Marguerite bere bertuteak babesten duelako. Faust Margueriterekin berba egiten saiatzen da, baina honek baztertu egiten du eta ospakizunak jarraitzen du.
III. Ekitaldia: Margueriteren lorategian. Siebel, bera ere Margueriterekin maiteminduta, penatuta dago Méphistophélèsen zorigaiztoko augurioaren ondorioz eta ur bedeinkatuaz garaitzea lortzen du. Lore-sorta bat egiten du eta Méphistophélèsi erakusten dio, hura ezagutu gabe. Méphistophélèsek bitxiontzi bat ekartzen du Faustek neskatilari eskaini eta horrela Siebelen loreak gainditu ahal izateko. Margueritek, ezertaz ohartu gabe, Thuleko erregearen abestia kantatzen du goruan eta, loreak eta bitxiontzia ikustean, bitxiak probatzen ditu. Marthek horretan ikusi eta haren edertasunak txunditzen du. Méphistophélès eta Faust sartzen dira eta lehenak jakinarazten dio Martheri senarra hil zaiola, hura ordezteko asmoz. Bitartean, Margueritek bitxiak kentzen ditu, bereak ez baitira, eta berriz ere baztertu egiten du Faust, baina azkenean honek neskatila fidatzea lortzen du. Siebel iristen da eta Marthek kanpora botatzen du dagoeneko gaua iritsi baita. Margueritek zalantza egin, margaritari orriak kendu eta Faust maite duela onartzen du, berandu delako joatera behartzen badu ere. Méphistophélèsek, neskatilak bakarrik dagoela uste duenean adierazten dituen amodiozko sentimenduak ikustea ahalbidetzen dio Fausti. Honek, ezin dio eutsi grinari eta haren gainera botatzen da, Méphistophélèsen barre algaren artean.
IV. Ekitaldia: Margueriteren logelan. Margueritek goruan iruten du eta Faustek utzi izanak eragiten dion mina adierazten du. Siebel iristen da eta, Marguerite negarrez ikustean, utzi duen zitala zigortuko duela promesten dio. Marthek Valentinen itzulera iragartzen du eta soldadu koru batek berresten du. Siebelek harrera egiten dio, baina ez da haren etxera laguntzera ausartzen, ezta Marguerite eta Fausten arteko amodioak kontatzera ere. Méphistophélès Margueritek monjeen kantuekin elizan otoitz egin dezan saihesten saiatzen da.
Faustek berriz ikusi nahi du Marguerite eta, baztertua ez izateko, Méphistophélèsek haren etxe aurrean serenata bat kantatzea erabakitzen du. Valentin arreba defendatzera ateratzen da, Méphistophélèsen gitarra apurtu eta Margueriteren domina puskatzen du; Faustek, Méphistophélèsen laguntzarekin, hil egiten du. Hilzorian, Valentinek Marguerite madarikatzen du bere burua Fausti eman izateagatik.
V. Ekitaldia: Walpurgis gaua. Harzeko mendietan, Faust Méphistophélèsek erakusten dituen naturaz gaindiko botereek ikaratuta dago, Faustek ahaztu ahal izateko bizitzaren festa irudikatzen duen jauregi galanta bihurtzen dituena. Faustek Margueriteren irudipen bat dauka, espetxean dago bere bekatuaren fruitua hiltzeagatik, eta Méphistophélèsek hura askatzeko giltza ematen dio. Margueritek Faust ezagutu eta lasaituta sentitzen da, baina uko egiten dio harekin joateari bere errua garbitu nahi duelako. Bere burua Jaungoikoari eta aingeruei gomendatzen die goizaldeak Méphistophélèsen botereak itzaltzen dituen bitartean. Margueriteren fedeak mirakulua egiten du: erori egiten dira kartzelako harresiak eta bere arima zerura igotzen da, Faust belauniko erortzen da eta arkanjeluaren ezpatak Méphistophélès jotzen du.