es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
2019-06-13

ABAO BILBAO OPERAK BERE GIZARTE-PROGRAMA NAZIOARTEKOTUKO DU

ABAO Bilbao Operak nazioartekora eramango du bere gizarte- eta kultura-programa, “Bizkaia Koopera” programaren baitan kultur garapen eta trukerako proiektu batean parte hartuz, Bolivian. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bitartez finantzatuta dago.

 

Proposamena kultur kudeatzaileen profesionalizazioan datza, eta Boliviako Antzerki Eskola Nazionaleko (ENT) ikasleak ditu xede. ENTk arte eszenikoen alorrean prestakuntza jasotzeko aukera ematen die baliabide urriak dituzten eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden gazteei. Hala, kultura gizarteratzeko bitarteko gisa sustatzen du, antzerki-emanaldiak eskainiz, literatur tailerrak girotuz eta hainbat ekitalditan parte hartuz, hala nola jaialdi, kultur topaketa eta mintegietan. ENT kultur erreferentea da Bolivian, Repsol Fundazioa du babesle nagusi, eta, era berean, zenbait erakunde entzutetsuren laguntza jasotzen du, esaterako, Arte Dramatikoen Goi Mailako Errege Eskolarena (RESAD), Carlos III.a Unibertsitatearena, Parisko Antzokiko Kontserbatorioarena eta São Pauloko (Brasil) SP Arte Eszenikoen Prestakuntza Zentro Antzerki Eskolarena; halaber, Boliviakoa Goi Mailako Antzerki Eskolen Sare Iberoamerikarreko (UNESCO) kidea da.

 

Proiektuaren xedea Bolivian

Xedea da herrialderako gaituriko kultur koadroak osatzea eta hango behar soziokulturaletara egokituriko antzerki-formak garatzea, antzerkigintzan hasteko "Tailer Nomadak" izeneko programaren bidez. Tailerrok doakoak dira, 16 urtetik gorakoentzat, eta herrialdeko lau hiritan egingo dira: La Paz, Cochabamba, Sucre eta Tarija. Antzerkigintzaren, ahotsaren eta biodinamikaren esparruetan eskarmentua duten irakasleek ikastaro trinkoak eskainiko dituzte. Halaber, proiektuaren baitan, "Antzerki Ikerketari Buruzko Nazioarteko Jardunaldiak" izango dira, Santa Cruz de la Sierran, ENTren egoitzan, hain zuzen. Jardunaldien helburua da hausnarketa-gune praktikoa sortzea beste prestakuntza-zentro batzuekin batera, aktore-lanbideak dituen arazoez eta ikaskuntzaren hobekuntzaz jarduteko. Ekimenari esker, 100 gazte talentudunek arte eszenikoen arloko prestakuntza integrala jasoko dute, edozein izanda ere haien maila sozioekonomikoa.

 

Prestakuntzarako stage-a Bilbon

Horrez gain, ABAO Bilbao Operak arte eszenikoen esparruan trukea egiteko stage bat antolatuko du, opera ardatz. Prestakuntza-aldia urrian hasiko da, eta, azaroaren amaierara arte, ENTko bi ikasle Bilbon izango dira, opera bat nola taularatzen den ikasiz arlo lirikoari buruzko ezagutza sustatzeko. Ikasleek Giuseppe Verdiren Jèrusalem opera ezagutuko dute, bai eta bertan parte hartu ere, zeina Euskalduna Bilbaon eskainiko den; orobat, Arriaga Antzokian, Animalien inauteriarekin amesten ikuskizunaz gozatuko dute, Abao Txiki denboraldiaren baitan.

 

Ekimen honen bitartez, ABAO Bilbao Operak bere gizarte-konpromisoa areagotu eta nazioartekotu nahi du, bai eta guztiontzako kalitatezko kultura sustatuko duten gune eta jardueren sorkuntza errazteko bokazioa ere.