es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
2019-05-14

Lucas Meachemek Les Pêcheurs de Perles obran abestuko du ABAO Bilbao Operaren denboraldian

Lucas Meachem baritono estatubatuarra "Zurga" izango da Georges Bizeten Les pêcheurs de perles operan, datorren maiatzaren 18an, Bilbon, ABAO Bilbao Operaren 67. opera-denboraldiaren baitan.

 

2016an, Grammy sari bat irabazi zuen Los Angeles Operan eskainitako The Ghosts of Versailles obragatik, eta, egun, abeslari arrakastatsu eta eskatuenetakoa da; publikoa erabat liluratzen du, eta prentsa espezializatua goraipamenez betetzen: "Baritono-ahots serio eta erakargarria" (The New York Times), “Baritono honek dena dauka” (Forum Opera), “Abeslari petoa, operaren munduko rock-izarra, bere ahotsaren botere eta edertasunaz denak liluratzen dituena” (Opera Pulse), “Arte-forma gisa operan gorestea merezi duen guztia dauka” (Broadway World), “Ahotsari dagokionez, bikaina, paregabea eta heldua, eta aktore petoa” (Classical Chicago Review).

 

Iazko udan debutatu zuen, Salzburger Festspiele jaialdian, Montrealeko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Pendereckiren Passio et Mors Domini Nostri Jesu Christi Secundum Lucam lanean. Denboraldi honen hasieran, Washington National Operan aurrenekoz, "Germont" izan da La Traviata obran, bai eta Il Barbiere di Siviglia operako "Figaro" ere, bere lanik txalotuenetakoa, Michigan Opera Theatren. Metropolitan Operan berriro, "Marcello" izan da La Bohème ospetsuan, Ailyn Pérez eta Michael Fabianorekin batera parte hartuta, eta "Robert" Tchaikovskyren Iolanta obran. Denboraldi amaieran, estreinakoz abestuko du Canadian Opera Companyn, La Bohéme operako "Marcello"izango da, zehazki.

 

Meachemek hasiera batean aurreikusiriko Mariusz Kwiecien ordeztuko du. Izan ere, entseatzen ari zela, Kwiecien ondoezik sentitu zen, eta, ondorioz, bertan behera utzi behar izan du ABAO Bilbao Operarekin zuen konpromisoa. ABAO sakonki atsekabetuta dago artistaren gaixotasunagatik, eta laster senda dadin opa dio.