es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
2018-12-14

Gianfranco Cecchele, In memoriam

Gianfranco Cecchele tenor italiarra joan den asteazkenean, abenduaren 12an, zendu zen, 80 urterekin, senideak ondoan zituela, biriketako gaixotasun baten ondorioz. Duela bi hamarkadatik erretiratuta, irakasle aritzen zen.

 

1964an egin zuen debuta, Cataniako Teatro Bellinin, La Zolfara obrarekin. Hurrengo hiletan, La Scalan, Erroman eta La Fenicen kantatu zuen, eta ibilbide arrakastatsua hasi zuen: munduko antzoki handi guztietan abestu zuen, abeslari eta zuzendari garrantzitsuenekin. 1965ean, Norma abestu zuen, Maria Callasekin batera, Parisko Operan. Urte horretan bertan, OLBEn izan zen aurrenekoz, Simon Boccanegra operarekin, eta une horretara arteko txalo-zaparrada estu eta luzeenetakoa jaso zuen, batez ere “O infierno” aria amaitu zuenean; Ernani ere kantatu zuen. Artistaren ahots indartsuak, erregistro guztietan irmoak, lilura eragiten zuen entzuleengan. 1966ko Festibalera itzuli zen, La forza del destino abesteko, eta erabateko zirrara eragin zuen publikoarengan hirugarren ekitaldian, zeinetan Cecchelek eta Mario Zanassik jardun bikaina osatu zuten; Turandot ere abestu zuen, eta “Nessun dorma” atalean bikain erakutsi zuen nota altu zoragarriak abesteko bere gaitasuna.

 

OLBEn, 1968ko Festibalean kantatu zuen azkenekoz: berriro hartu zuen parte Simon Boccanegra eta Ernani operetan, Giuseppe Taddei, Leyla Gencer eta Ruggero Raimondirekin batera.

 

Cecchelek bere kantua eta agertokian zuen irudia talentu zintzoz biltzea lortu zuen, eta abeslari izan zituen aparteko dohainengatik izango dugu gogoan.