es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
Hemen zaude > Berriak
2018-09-25

Lirikaren nazioarteko ordezkari nabarmengarriek osatutako programarekin emango diote hasiera ABAO-OLBEk eta DeustoForumek Opera Bihotzetik zikloari

 

ABAO-OLBEk eta DeustoForumek datorren asteazkenean, urriaren 10ean, emango diote hasiera “Opera Bihotzetik” hitzaldi-zikloari. Publiko guztiei begira diseinatutako ekimen berria da “Opera Bihotzetik”, eta bere xedea da lirikaren ezagutza izen handiko ordezkarien bitartez modu errazean eta eskuragarrian sustatzea. Zikloa “OLBE 1.000 opera-emanaldi Bilbon” oroigarrizko programaren barnean dago, zeina ABAO-OLBEren 67. denboraldian garatuko den.

 

Opera lokarri, egitasmo berriak programa erakargarria proposatuko du; izan ere, eszena-zuzendariek, musika-maisuek, abeslariek eta hainbat motako profesionalek hartuko dute parte ekimenean, operari buruzko ikuspegi humanistagoa, afektiboagoa eta pertsonalagoa islatzeko. Horren harira, parte-hartzaileen ikuspuntu profesionala ez ezik, beren sentimenduak, bizipenak eta emozioak ere jorratu nahi ditu, ikuspegi akademikoa gainditzeko eta proiekzio mediatiko nahiz sozial handiagoko guneak zabaltzeko.

 

Luis Gago argitaratzaile eta musika-kritikari ezaguna arituko da zuzendari eta moderatzaile. Gagok ABAO-OLBEko Denboraldiko Liburuaren argitalpena koordinatzen du, eta Bonneko Beethoven-Hauseko Ganbera Musika Jaialdiaren zuzendarikidea da. Halaber, liburu ugari itzuli ditu, baita artikulu eta monografia espezializatu asko idatzi ere. Orobat, beste hainbat zereginen artean, gaztelaniazko azpitituluak prestatzen ditu Royal Opera House, English National Opera eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren Digital Concert Hallerako.

 

Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert Ucín jaunak inauguratuko du “Opera Bihotzetik” datorren urriaren 10ean, eta François Le Roux baritono frantziarrak emango du lehenengo hitzaldia. Le Roux historiako opera-rol bikain, zail eta berezienetarikoagatik da ezaguna (Debussyren Pelléas et Mélisande laneko Pelléas pertsonaiarena, hain zuzen), eta bere bizitzaren eta lan-ibilbidearen gainean jardungo du hitzaldian. Horrez gain, operari buruzko gogoeta egingo du egungo kulturaren testuingurutik abiatuta.

 

Bigarren hitzaldia Roberta Alexander soprano estatubatuarrak emango du, abenduaren 4an (asteartea). Alexanderrek izen handia bereganatu du Mozart eta Pucciniren lanen interpretazioak direla medio, eta errezitalez, oratorioz eta lan sinfonikoz betetako jarduera bizia izan ohi du.

 

Sir Peter Jonasek izango du hirugarren hitzaldia emateko ardura, urtarrilaren 21ean. Erresuma Batuko kultura-erreferentea, Jonas English National Operako eta Bayerische Staatsoperreko (Bavariako Estatu Opera) zuzendari nagusia da. Zikloa maiatzaren 20an bukatuko da, eta David Parry orkestra-zuzendari britainiarraren hitzaldiak emango dio amaiera. Moldakortasun, eragin eta gogo handiko maisua, Parryk merezimendu osoz erdietsi du operari lotutako historia-liburuetan agertzeko eskubidea.

 

Tokia: Deustuko Unibertsitatea, CRAI.

Ordua: 19:00etan.

Gonbidapenak: sarrera doakoa izango da aurretik 944 139 020 telefono-zenbakian edo Deusto.forum@deusto.es helbide elektronikoan izanda emanda.