es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram logo_contacta
logo_abao
2017-12-03

Onartuta ABAO-OLBEren kudeaketa eta aurrekontua

ABAO-OLBEren Batzar Nagusian, joan den azaroaren 29an, asteazkenean, Bilbon, zuzendaritza-batzordearen urteko kontuak eta kudeaketa onartu ziren, 2016-2017 ekitaldikoak. Diru-sarrerak aurrekontuan jasotakoak baino % 6,27 (412,8 milioi euro) handiagoak izan baziren ere, gastuak ere halakoak izan ziren, % 3,90 (270 milioi euro) gehiago; hala, 199,5 milioi euroko defizita dugu, aurreikusita genuen 142,4 milioi euroko emaitza hobetuta.

 

Batzarrak, era berean, 17-18 denboraldiko aurrekontua onartu zuen: diru-sarrerak 6.823 milioi euro eta gastuak 7.121 milioi euro. Beraz, aurrekontuan defizita jaso da berriz ere: 295 milioi euro. Agerian jarri zen soberakin negatiboa pilatu egiten ari dela, eta berehala zuzendu beharra dagoela Elkartearen bideragarritasuna bermatzeko, epe ertain eta luzera.

 

OLBEk 2016-2020 epealdirako Plan Estrategikoa garatzen jarraitzen du, zeinaren oinarrizko ildoak honela laburbil daitezkeen:

 

  1. Iraunkortasun ekonomikoa sendotu, diru-sarrera iturriak egonkortuta eta aurrekontu-oreka bermatuta.
  2. Oihartzun eta konpromiso soziala, gure inguruneko musika- eta kultura-garapenaren funtsezko eragile gisa.
  3. Tokiko eta nazioarteko aitorpena, Elkartearen opera-emanaldien kalitateagatik eta jendarteari egiten dion kultur ekarpenagatik.

 

Batzarrera bertaratutakoak OLBEren kultur proiektuarekin konprometituta agertu ziren, bai eta herri-erakundeekin eta babesle pribatuekin batera operak Bilbon jarrai dezan bultzatzeko eginkizunarekin, kulturarako, musikarako eta operarako guneak sortuta.