es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
Hemen zaude > Opera > Tosca

Tosca

Giacomo Puccini

Emanaldiak

Larunbata 2021ko Maiatzaren 22 19:00-etan
Asteartea 2021ko Maiatzaren 25 19:30-etan
Ostirala 2021ko Maiatzaren 28  19:30-etan
Astelehena    2021ko Maiatzaren 31 19:30-etan

Babeslea

FITXA

  Floria Tosca Ainhoa Arteta  
  Mario Cavaradossi Teodor Ilincai  
  Barón Scarpia Roberto Frontali  
  Cessare Angelotti Alejandro López  
  Sacristán Fernando Latorre  
  Spoletta Mikeldi Atxalandabaso  
  Sciarrone Jose Manuel Díaz  
       
    Bilbao Orkestra Sinfonikoa  
    Coro de Ópera de Bilbao  
       
  Musika-zuzendaria Yves Abel  
  Eszena-zuzendaria Mario Pontiggia  
  Eszenografoa eta jantziak
Francesco Zito  
  Argiztapena Bruno Ciulli  
  Koruaren zuzendaria Boris Dujin  
       
  Produkzioa Teatro Massimo di Palermo  
       
  *ABAO Bilbao Operan debutatuko du    



AUDIOA

"Tre sbirri, una carroza" Falk Struckmann, Vincenç Esteve, COB eta haur abesbatza
"Vissi d′arte" Violeta Urmana
"E lucevan le stelle" Massimo Giordano

DOKUMENTUAK

Zirkularrak

Angelotti, Sant’Angeloko gazteluko espetxetik ihes egin berri duen preso politikoa, korrika sartuko da Sant’Andrea della Valleko elizan; giltza bat bilatu eta kapera pribatu bat ireki ondoren, bertan ezkutatuko da. Sakristaua batera eta bestera dabil, eta Mario Cavaradossi margolaria, berriz, Maria Magdalena irudikatuko duen koadroan lanean. Margolariak elizara sarri hurbildu den andre ilehoridun bat izan du modelo, baina gustukoagoa du bere maitea den Flora Tosca abeslari famatuaren xarma beltzarana. Sakristauak alde egin duenez, Angelotti ezkutalekutik irten da. Cavaradossik hura ikusi, eta berehala jabetuko da ideia iraultzailedun kideetako bat dela. Jarraian, Toscaren ahotsa entzungo da, Cavaradossiri deika, eta margolariak berriz ezkutatzeko aholkatuko dio Angelottiri; gainera, janariz beteriko saski bat emango dio, sakristauak margolariarentzat utzitakoa. Toscak, baina, hizketan entzungo dio Cavaradossiri, eta pentsatuko du emakume bat gorteatzen ibili dela. Margolariak lasaitu egingo du. Gauean, abeslariak emango duen kontzertuaren ostean, Cavaradossiren etxean elkartzeko aukera izango dute, eta biak geldituko dira une horren zain, ilusio handiz. Alde egitear dagoela, emakumeak koadroa ikusiko du, eta berriz jarriko da jeloskor, batik bat konturatuko delako modeloa Attavanti markesa izan dela. Margolariak diotso elizan ikusi duela, baina ez duela ezagutzen. Toscak ohartaraziko dio Cavaradossiri Maria Magdalenari begi beltzak margotu beharko dizkiola, eta ondoren alde egingo du. Angelotti kaperatik atera, eta Attavanti markesa bere arreba dela jakinaraziko dio margolariari, bai eta emakumezkoen arropak helarazteko joan dela maiz elizara ere, jantziak familiaren kaperan ezkutaturik uzteko. Horrela, Angelottik ihes egiten duenean, arropa horiek soinean, inork ez ezagutzea lortu nahi dute. Cavaradossik bere etxean, hiriko kanpoaldean, babestea eskainiko dio Angelottiri, baina alde egin aurretik kanoikada bat entzungo da, Angelottik ihes egin duela aditzera emateko seinalea. Margolaria eta iheslaria elkarrekin irtengo dira elizatik.

 

Sakristauak jakingo du Napoleonek porrot egin duela Marengon, eta, ospatzeko, Te Deum bat abesteko presta daitezela eskatuko die haur kantariei. Ospakizun zaratatsua bertan behera geratuko da Scarpia, poliziaburua, agente batzuekin batera datorrenean. Eliza miatu eta Angelottiri eroritako abaniko bat aurkituko dute; ondorioz, Scarpiak bere susmoa baieztatuko du: iheslaria elizan ezkutatu da. Tosca elizara itzuliko da, bere maitaleari gauean berandu iritsiko dela esateko, garaipena ospatzeko kantata batean parte hartu behar duelako, eta nahasirik geratuko da Cavaradossi joan egin dela ikusitakoan. Scarpiak lizunkeriaz begiratuko dio, luzaroan, abeslariari. Bestalde, margolariak Angelottiri ihes egiten lagundu diola susmatzen duenez, Toscaren izaera jeloskorraz baliatuko da, Angelottirengana eramango duelakoan. Poliziaburuak abanikoa erakutsi eta margolariaren aldamiotik gertu topatu duela esango dio emakumeari, bat-batean etendako topaketa iradoki nahian.

 

Toscak abanikoak Attavanti familiaren armarria duela ikusi eta Cavaradossik engainatu egin duela pentsatuko du. Horrenbestez, margolariaren etxera abiatuko da, ustezko amoranteak harrapatzeko. Scarpiak abeslariari jarraitzeko aginduko die agenteei, eta, Te Deum-aren musika entzuten dela, pozarren agertuko da, bere planek arrakasta izango dutela uste baitu.

 

Bigarren ekitaldiak, gauez, Farnese jauregira eramango gaitu, Scarpiaren logelara, hain zuzen. Poliziaburua afaltzen ari da, agenteak Angelottiri buruzko berriekin noiz helduko. Ohar bat bidaliko dio Toscari, bisitan etortzera gonbidatzeko, abeslariak oroitzapenezko kantata amaitu eta gero. Scarpia haserretu egingo da Spoletta agenteak Angelottiren arrastorik ez dutela topatu esaten dionean; alabaina, izugarri poztuko da agenteek Cavaradossi bere jokabide susmagarriagatik atxilotu dutela jakindakoan. Atxilotuak Scarpiari aurre egin, eta Angelottiri buruz ez dakiela ezer esango du. Gauzak horrela, poliziaburuak galdeketa egiteko aginduko du, non beharrezko baliabide guztiak, tortura barne, erabiliko diren. Halaber, Tosca engainatzen saiatuko da, Angelotti non dagoen esan diezaion, baina hasieran ez du lortuko. Cavaradossi ondoko gelan torturatzen ari direla, abeslariak ezin ditu jasan bertatik iristen zaizkion min-garrasiak. Hala, Toscak, lur jota, Angelottiren ezkutalekua margolariaren etxeko lorategiko putzua dela jakinaraziko du.

 

Cavaradossik, amorratuta, emakumea madarikatuko du, tinko ez eusteagatik. Bitartean, Marengoko batailari buruzko albisteak helduko dira: Napoleonek ez du galdu, irabazi egin du. Pozarren, margolariak Scarpiaren kontura egingo du barre, eta poliziaburuak Cavaradossi berehala hiltzeko aginduko du. Abeslariak bere maitea ez hiltzeko erregutuko dio Scarpiari. Hasieran, poliziaburuak ez dio jaramonik egingo, baina azkenean esango dio berarekin oheratu beharko duela, baldin eta Cavaradossik bizirik jarraitzea nahi badu. Beste irtenbiderik aurkitzen ez duenez, abeslariak, etsita, tratua onartuko du, nahiz eta Scarpiak nazka ematen dion (horrek are desiragarriagoa egiten du emakumea poliziaburuarentzat). Tosca bertan dagoela, Scarpiak itxurazko hilketa aginduko du. Toscak ez, baina Spolettak ondo ulertuko du poliziaburuak benetan zer adierazi nahi duen; izan ere, hilketa ez da simulatua izango. Abeslariak ibiltzeko baimena eskatuko du, Cavaradossirekin batera Erroma betiko utzi ahal izateko. Scarpia agiria idazten dagoela, Toscak aizto bat ikusiko du mahai gainean, eta poliziaburua bera besarkatzeko asmoz hurbiltzean bularrean sartuko dio eta hil egingo du. Gero, kandela bana jarriko du lurrean datzan hilotzaren albo bakoitzean, bai eta gurutze bat ere bularraren gainean.

 

Hirugarren ekitaldia egunsentia baino apur bat lehenago garatuko da. Artzain-ume bat kantuan ari da, urruti, eta Erromako elizetako kanpaiak dilin-dalan daude, matutietarako deika. Sant’Angeloko gazteluko plataforman, Cavaradossi Toscari azkeneko eskutitza idazten saiatzen ari da, baina iraganeko zoriontasunaren oroitzapenak ahalegina galarazten ari zaizkio. Tosca lasterka dator. Ibiltzeko baimena daukala eta Scarpia hil duela diotso Cavaradossiri. Era berean, itxurazkotzat jotzen duen hilketa eta horri buruzko argibideak jakinaraziko dizkio: margolariak bere burua lurrera bota eta soldadu guztiak joan arte itxaron beharko du, altxatu aurretik. Fusilamendua, baina, benetakoa izango da, eta Tosca, bere maitalea mugitzen ez dela ikusita, hilda dagoela konturatuko da. Gero eta hurbilago entzungo diren haserre-oihuek agenteek Scarpiaren hilketaren berri izan dutela adieraziko dute. Spoletta, soldatu-talde batekin batera, Tosca hiltzailearen atzetik abiatuko da, ihes egin ez dezan, baina harrapatu aurretik emakumeak bere burua Sant’Angeloko gazteluaren goialdetik behera botako du.