es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
Hemen zaude > Opera > Jérusalem

Jérusalem

Giuseppe Verdi

Emanaldiak

Larunbata 2019ko Azaroaren 16 19:00-etan
Asteartea 2019ko Azaroaren 19 19:30-etan
Ostirala 2019ko Azaroaren 22   19:30-etan
Astelehena    2019ko Azaroaren 25 19:30-etan

Babeslea

FITXA

  Gaston Jorge de León*  
  Hèlène Rocío Ignacio  
  Roger Michele Pertusi  
  Le Comte de Toulouse Pablo Gálvez*  
  Adhemar de Montheil Fernando Latorre  
  Raimond Moisés Marin*  
  Emir de Ramla Deyan Vatchkov  
  Isaure Alba Chantar  
       
    Bilbao Orkestra Sinfonikoa  
    Coro de Ópera de Bilbao  
       
  Musika-zuzendaria Francesco Ivan Ciampa  
  Eszena-zuzendaria Francisco Negrín  
  Eszenografoa
Paco Azorín  
  Jantziak Domenico Franchi  
  Argiztapena Tomas Roscher*  
  Koruaren zuzendaria Boris Dujin  
       
  Koprodukzioa ABAO y Theater Bonn  
       
  *ABAO Bilbao Opera debutatuko du    

 

 

 



AUDIOA

Ez da emaitzarik aurkitu

DOKUMENTUAK

Ez da emaitzarik aurkitu

Zirkularrak

Ez da emaitzarik aurkitu

Sinopsia

Oihala altxatutakoan, Gastonek esango dio bere Hélène maiteari banandu egin beharko direla, salbu eta Tolosako kondeak (neskaren aita eta mutilaren etsaia, Gastonek haren aita hil zuelako) biak ezkontzea onartzen badu. Gaston joandakoan, Isaure agertu, eta bi emakumeak Andre Mariari otoitz egiteko belaunikatuko dira: Gastonen eta Hélèneren aitaren arteko gorrotoa desagertzeko erregutuko diote. Orkestrak egunsentia irudikatu ostean, gizon-emakume batzuek koru bat kantatuko dute, gerra zibila amaitu egin dela ospatzeko. Orduan, kondea eta zenbait jaun azalduko dira, gurutzada batera abiatzeko gertu. Kondeak bake-bidea proposatuko die Gastoni eta haren familiari, eta haien arteko liskarrak amaitutzat joko dituzte alabaren eskua ere mutilari eskainita. Denak daude pozik, Roger ―kondearen anaia― izan ezik: Hélènerenganako intzestu-desira bizia du. Gastonek leialtasuna aginduko dio kondeari, zeina gurutzatuen armadako buru izendatuko duten.

Kapera barruan, organo baten soinua aditzen da. Roger agertu, eta gogoeta egingo du bere intzestu-maitasunaz; gero, instrukzioak emango dizkio gerlari bati urre-koloreko armadura daramaten bi zaldun bila ditzan eta, ondoren, soingaineko zuririk ez daraman beste bat (Gaston) hil dezan. Gurutzada goresteko gerra-koru baten ostean, Roger erne dago Gastonen heriotzaren zain. “Hiltzailea!” garrasiak entzungo dira kaperan, Gaston bertaratu aurretik: erratuta, kondeari eraso diote. Rogerrek kontrataturiko hiltzaileak Gastoni egotziko dio hilketa-agindua, eta, horregatik, Aita Santuaren ordezkariak deserrira bidaliko du Gaston. Lehen ekitaldiaren amaieran, denek madarikatuko dute erbesteratua.

Lau urte igaro dira, eta ekintza Ramla inguruko mendietan kokatzen da orain, Palestinan. Rogerrek, mozorroturik, eremita-bizimodua darama, eta santu-ospea ere badu. Roger bere kobazuloaren kanpoaldean dagoela, Raymond agertuko da, egarriak jota. Eremitari jakinaraziko dio badaudela beste pertsona batzuk bere egoera berean, eta Roger arin abiatuko da haiei laguntzera. Hélène azaldu eta aurki jabetuko da gerlaria Raymond dela, Gastonen ezkutaria; halaxe jakingo du bere bihotzeko kutuna bizirik dagoela, Ramlan espetxeratuta. Pozarren, haren bila hasiko da. Bitartean, erromesak, egarriak itota, beren patuaz kexu direla, martxa batek kondea datorrela iragarriko du,  ozta-ozta suspertu da-eta hilketa-saiakeratik. Kondeak eskatuko dio eremitari bedeinka dezala, baina Rogerrek (artean nor den aditzera eman gabe, eta barrenak erruduntasunak janda) erabakiko du haiekin gudura joatea, bere bekatuak ordaintzeko.

Ramlan, emirraren jauregiko areto batean, Gaston gatibu dago; Hélène du gogoan, eta hura ikusteko irrikaz dago. Neskak, bitartean, preso har dezaten eragin du, bere maitea berriro topatzeko asmoz; alta, bestelakoa da emirraren deseinua: bahi gisa erabili nahi du gurutzatuen aurkako borrokan. Bi maitaleek estasi betean kantatuko dute elkar aurkitzean, eta ia-ia lortuko dute ihes egitea eta gurutzatuengana iristea; alabaina, azken unean, guardiek atzeman egingo dituzte.

Hirugarren ekitaldian, emirraren haremeko emakumeek itaunduko diote Hélèneri ea zergatik dagoen horren goibel, eta dantza baten bidez entretenituko dute. Balleta bukaturik, ofizial batek jakinaraziko du gurutzatuek jada ekin diotela Ramlaren kontrako erasoari. Azkenean, hiriko harresiak zeharkatu eta haremeko lorategietara heltzea erdietsiko dute, non Hélène eta Gaston kausituko dituzten. Kondeak neska salatuko du, oraindik pentsatzen duelako Hélènek harremanetan segitzen duela ustez bera hiltzen saiatu zen mutilarekin. Geroago, Ramlako plaza irekian, soldaduek hileta-musika baten erritmoan eramango dute Gaston; Aita Santuaren ordezkariak ohartaraziko dio jendetzari laster exekutatuko dutela. Gastonek errukia erregutuko du, baina salatzaileek lehengo iritziari eutsiko diote: biharamunean hilko dute. Mutilak, aitzitik, zigorra lehenbailehen betetzeko eskatuko du, eta harro aldarrikatuko errugabea dela Jainkoaren aurrean.

Laugarren ekitaldian, gurutzatuen kanpamentuaren ertz batean (Josafat haranean, Jerusalemeko aldirietan), Roger benetako eremita baten zaintzapean dago, zeinak Gaston bedeinkatuko duen, Hélène bertan dagoela. Urrunetik, guda-hotsak ailegatuko dira, eta, horregatik, Gaston eta Roger arin prestatuko dira Jerusalem konkistatzeko azken erasoaldian parte hartzeko. Gurutzatuak garaile itzuliko dira, eta denek goraipatuko dute gerlari baten adore handia: ausardiaz egin du borroka, baina inork ez daki nor den, armadurak erabat estaltzen duelako. Zaldun hori Gaston da. Jarraian, Roger garraiatuko dute: heriotza-zauriak ditu, eta, hil aurretik, nor den argituko du, bai eta aitortuko ere bera izan zela krimenaren eragilea, eta ez Gaston. Jerusalemeko panoramari so, denek goretsiko dute “Garaipenaren Jainkoaren” loria.