es  |  eus  |  en  |  fr
Hemen gaituzu
logo_facebook logo_twitter instagram podcast logo_contacta
logo_abao
<?php echo $trad_temporada1920web; ?>
Hemen zaude > Jarduerak > Opera Bihotzetik

DeustoForumekin elkarlanean, eta opera lokarri, ABAO-OLBEk agertoki-ziklo berria jarri du abian, zeinaren baitan hitzaldi magistralak, zuzeneko elkarrizketak, solasaldiak, profesionalen arteko elkarrizketak eta eskola magistralak izango diren, helburu batekin: genero lirikoa gertukoagoa izatea, ikuspegi akademikoaz harago eta hedabideetan nahiz jendartean leku handiagoa hartuta.

OPERA BIHOTZETIK proiektuak programa erakargarri bat du oinarri, eszena-zuzendariek, musika-maisuek, abeslariek eta hainbat esparrutako profesionalek gauzatuko dutena, operari ikuspegi humanista, afektibo eta pertsonala emateko. Xedea da ikuspuntu profesionala ez ezik, batez ere sentimenduak, inpresioak, esperientziak edota emozioak ere eskaintzea.

Programaren koordinatzailea LUIS GAGO da, Revista de Libros aldizkariaren editorea eta bertako musika-kritikaria, El País egunkariko musika-kritikaria eta Bonn-eko Beethoven-Haus Ganbera-musika Jaialdiaren zuzendarikidea. Radio 2-ko (RNE) zuzendariorde eta programaburua ere izan da, hala nola Irratidifusioko Europako Batasuneko Musika Serioaren Aditu Taldeko kidea, RTVEko Orkestra Sinfonikoaren koordinatzailea eta Teatro Real-eko editorea. BBCrako irratsaioak egin ditu, artikulu eta monografia anitz idatzi ditu, eta Bach (1995) liburuaren egilea da, baita Musikaren Harvard Hiztegi Berria-ren bertsio espainiarrarena ere.Musikaren gaineko liburu asko itzuli ditu, esaterako, Alex Ross-en Betiereko zarata eta Entzun hau, eta John Eliot Gardiner-en Musika zeruko gazteluan. Gaztelaniazko azpitituluak ere prestatzen ditu, eskuarki, Royal Opera House, English National Opera eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren Digital Concert Hall-erako. Era berean, ABAO-OLBEren Denboraldiko Liburuaren koordinatzaile editoriala da.

 

 

HIZLARIAK 2018-2019

 

 

François Le Roux

Data: 2018ko urriak 10
Ordua: 19:00
Lekua: Deustuko Unibertsitateko CRAI. DeustoForum

François le Roux

François Le Roux (1955) baritono frantsesa da. Kantu-ikasketak François Loup-ekin egin zituen. Ondoren, Pariseko L'Opéra-Studio-n sartu zen, non Vera Rosza-ren eta Elisabeth Grümmer-en eskolak jaso zituen. 1978an, Bartzelonako María Canals eta 1979an Rio de Janeiro sariak lortu ostean, Lyongo Operako konpainian hasi zen, eta 1980tik 1985era egon zen han. Hortxe hasi zen bere nazioarteko karrera: Parisko Opera, Milango La Scala, Londresko Covent Garden, Veneziako La Fenice, Viena, Munich, Hanburgo, Zurich, Los Angeles, San Frantzisko, Buenos Aires eta Aix-en-Provence, Edinburgo, Glyndebourne, Hong Kong, Santa Fe, Wiener Festwochen-eko eta abarreko jaialdiak.
 
Bere errepertorioan, opera barrokotik garaikidera bitarteko obrak daude; besteak beste, lan hauetan abestu du: Il ritorno d´Ulisse in patria, Castor y Pollux, Ifigenia en Táuride, Don Giovanni, Txirula magikoa, Così fan tutte, Figaroren ezkontzak, Sevillako bizargina, La cenerentola, L’elisir d’amore, Don Pasquale, Turandot, La bohème, Troiarrak, Fausto, Romeo eta Julieta, Thais, Werther, Espainiar ordua, Umea eta sorginkeriak, Itzalik gabeko emakumea, Emakume isila, Makropulos auzia, Hans Werner Henze-ren Der Prinz von Homburg etaHarrison Birtwistle-ren Gawain (lan honetako protagonistaren rola Royal Opera House-n abestu zuen aurrenekoz, 1991n). Espezialista da Pelléas-en rolean, Debussy-ren Pelléas et Mélisande lanean; Claudio Abbado-ren zuzendaritzapean grabatu zuen, eta, eta kritikaren arabera, Jacques Jansen eta gero izandako Pelléas-ik garrantzitsuena da.
 
2006tik, kantu-irakaslea da Donibane Lohizuneko Ravel Akademian. Eskola magistralak ere ematen ditu Helsinkiko Sibelius Akademian, Tokioko Institutu Frantsesean, Madrilgo Goi-mailako Kantu Eskolan eta Tourseko Francis Poulenc Akademian.
 
Arte eta Letren Ordenaren Zaldun titulua eman zioten, 1996an, eta Musika eta Antzerki Kritikaren Frantziar Sindikatuak “1997-1998 denboraldiko musikari nabarmenena” izendatu zuen.
http://www.francoisleroux.net 
 

 

 

Roberta Alexander

Data: 2018ko abenduak 4
Ordua: 19:00
Lekua: Deustuko Unibertsitateko CRAI. DeustoForum

Roberta Alexander

Roberta Alexander (1949) soprano estatubatuarra da. Ann Arbor hiriko University of Michigan-en ikasi zuen (1969-1971), eta, geroago, Herman Woltman-ekin perfekzionatu zen, Hagako Errege Musika Kontserbatorioan. 1975etik, Holandan bizi da.


Soprano liriko txalotua da Mozart-en eta Puccini-ren pertsonaietan, eta ohikotasunez abesten ditu opera garaikidea eta Leoš Janáček-en Jenůfa. Jarduera bizia du ganbera-errezitaletan eta oratorio zein obra sinfonikoetan. Nikolaus Harnoncourt-en ohiko kolaboratzailea izan zen, zeinarekin, besteak beste, hauexek grabatu zituen: Handelen Theodora, Samson, Giulio Cesare in Egitto eta Apollo e Dafne, Telemann-en Ino kantata, Antonio Salieri-ren Prima la música, poi le parole, Mozart-en Don Giovanni eta Gershwin-en Porgy & Bess. "Entartete Musik" (Musika degeneratua) disko-proiektuan parte hartu zuen, non Hirugarren Inperioak debekaturiko konposizioak bildu ziren.

 

Ohikotasunez abesten du Glyndebourne-ko Jaialdian, Metropolitan Opera-n, Royal Opera House-n, Covent Garden-en, Teatro alla Scala-n (Quinta Doncella izan da, duela gutxi, Patrice Chéreau-ren Elektra produkzio ospetsuan) eta Berlin, Hanburgo, Viena, Zurich eta Veneziako antzokietan.
Estatu Batuetako kontzertu-kanten esparruan, itzal handiko abeslaria da, eta, bere disko ugarien artean, Charles Ives, Samuel Barber, Aaron Copland eta Leonard Bernstein-en abestien grabazioak nabarmentzen dira. Halaber, Mozart, Puccini, Richard Strauss, Heitor Villa-Lobos eta Mario Castelnuovo-Tedesco-ren kantak grabatu ditu.
http://www.robertaalexander.com 
 

 

 

Sir Peter Jonas

Data: 2019ko urtarrilak 21
Ordua: 19:00
Lekua: Deustuko Unibertsitateko CRAI. DeustoForum

Sir Peter Jonas

1946an jaio zen, Londresen. Opera eta musikaren historia ikasi zuen, Manchesterreko Royal Northern College of Music-en, Londresko Royal College of Music-en eta Rochesterreko (New Yorkeko Estatua) Eastman School of Music-en.


1974an, Chicagoko Orkestra Sinfonikoko musika-zuzendariaren laguntzaile izendatu zuten, eta, geroago, 1976an, Orkestrako Arte Administrazioaren Zuzendari; lanpostu horretan, ia hamarkada bat egin zuen, eta munduko zuzendari, abeslari eta artista nagusiekin aritu zen.


1984an, English National Opera-ko Zuzendari Nagusia izendatu zuten. Agintean egon zenean, konpainiaren nazioarteko estatusa areagotu zuen, errepertorioa nabarmen zabalduta eta mundu osoan txaloturiko eta sarituriko hainbat produkzio eskainita. Epealdi hartan, funtsezko eledun bihurtu zen Erresuma Batuko kultur esparruan, eta aldarrikatu zuen operak denen eskura egon behar zuela eta kalitatezkoa izan behar zela, egun ere indarrean diren balioak, hain zuzen.


1991n, Bavariako Estatuko Operako Staatsintendant izendatu zuten, eta kargu hori 2006ra arte bete zuen; antzokiaren metamorfosi eta modernizazio garrantzitsua egin zuen bertan. 2001 eta 2005 artean, bere homologoek Deutsche Opernkonferenz-eko presidente izendatu zuten, hau da, alemanierazko opera-antzoki guztien elkartekoa, zeinak Europako beste antzoki garrantzitsu batzuk ere biltzen dituen.


Royal Society of Arts-eko kidea da, eta, 1989an, Erresuma Batuko erreginak Royal College of Music-eko kide izendatu zuen. Era berean, Manchesterreko Royal Northern College of Music-eko kidea da. 1993an, Isabel II.a erreginak Inperio Britainiarreko Komandante izendatu zuen, artearen esparruan emandako zerbitzuengatik, eta, 2000an, zaldun. 1994ko uztailean, Sussexeko Unibertsitateak Musikan Doktore ohorezko titulua eman zion. 2001ean, Bayerische Verdienstorden (Bavariako Zerbitzu Gorenaren Gurutzea) eta Bavariako domina konstituzionala eman zizkioten. Munich hiriak, berriz, bertako Kultura Saria eman zion, 2003an.
 

 

 

David Parry

Dataa:2019ko maiatzak 20
Ordua: 19:00
Lekua: Deustuko Unibertsitateko Liburutegia - CRAI-. DeustoForum

David Parry

David Parry (1949) orkestra-zuzendari britainiarrak ibilbide luzea egin du mundu osoko opera-antzokietan, orkestrarik entzutetsuenekin batera. Maisuaren moldakortasuna, eragina eta gogoa paregabeak dira, eta merezita irabazi du operaren historia-liburuetan duen tokia.

 

Cambridgeko Unibertsitatean eta Londresko Royal Academy of Music-en egin zituen ikasketak. Zuzendaritza-ikasketak Sergiu Celibidacherekin jarraitu zituen, eta ibilbide profesionala Glyndebourneko Opera Jaialdian hasi zuen. Geroago, Glyndebourne Touring Opera-n eta Bruselako Théâtre Royal de la Monnaie-n Sir John Pritcharden zuzendari laguntzailea izan zen. Opera-arrakasta izugarria La Cenerentola lanarekin izan zuen aurrenekoz, zeina English Music Theatre-n zuzendu zuen; horren ostean, Dortmundeko Operan lan egiteko gonbidapena jaso zuen. Ondoren, orduan eraiki berri zegoen Opera North-eko zuzendari egoiliarra izendatu zuten. Era berean, Opera 80ko musika-zuzendaria izan da, eta, 1992an, Almeidako Opera Jaialdia sortu zuen. Teatro de la Zarzuelan, Madrilen, obra hauek zuzendu ditu, besteren artean: Benjamin Brittenen Peter Grimes, Igor Stravinskyren The Rake’s Progress (David Hockneyen eszenografia ospetsuaz) eta Leoš Janáčeken Jenůfa, Leonie Rysanek zelarik protagonista.

 

Berari esker, ahanzturan eroritako konposizio ugari berriz entzun ahal izan dira, hainbat produkzio eta grabaziotan; lan horiek zenbait sari irabazi dituzte, eta munduko abeslari onenetako batzuen parte-hartzea izan dute.

Diskografia zabala du, nagusiki Opera Rara eta Chandos diskoetxeek argitaratua, bai eta Britainia Handiko eta Europako talde ospetsuekin grabaturiko orkestra-obrak ere.
http://www.davidparry.eu/